Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gerra garaiko eta gerraosteko indarkeria jasan zuten emakume aitzindariak omenduko ditu erakusketa batek

Gerra garaiko eta gerraosteko indarkeria jasan zuten emakume aitzindariak omenduko ditu erakusketa batek

‘Itzalpeko emakumeak’ mostra ireki dute Tolosako Aranburu Jauregian; Erkibe elkarteak antolatu du, Udalaren eta Foru Aldundiaren babespean.

XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak ezagutarazi eta omenduko ditu erakusketa batek gaurtik aurrera Tolosako Aranburu Jauregian. Itzalpeko emakumeak izenburupean, Euskal Herriko emakumeek Gerra Zibilean eta ondoren jasandako gehiegikeriak eta bortizkeria ezagutzera emango du eta, baita ere, baldintza gogor haietan ere gizarteko hainbat alorretan gailendu ziren emakumeen ekarpena azaleratuko du. Tolosako Aranburu Jauregian izango da ikusgai, gaurtik hasi eta apirilak 10era bitartean. Asteartetik larunbatera egongo da zabalik bisitetara, 17:30etik 20:30era.

Erkibe elkarteak antolatu du mostra, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren babespean, eta Sabino Arana Fundazioaren laguntzarekin. Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan azaldu dituzte xehetasunak Joseba Esnal eta Belen Ibarrola elkarteko kideek, Tolosako alkatea, Olatz Peon, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria, Ion Gambra, eta Sabino Arana Fundazioko presidentea, Mireia Zarate, lagun zituztela.

Antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketaren xedea da “isilpean egon diren emakumeen aurpegi, ahots, balore eta eginkizunak berreskuratu eta jendarteratzea”, baita gizonezko eta emakumezkoen “berdintasunaren bidean, jendartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea” ere. Euskal emakume askok Gerra Zibileko gehiegikeria eta frankismoaren aldekoek eragindako indarkeria pairatu zuten eta, hala ere, errepresio eta menpekotasun giro horretan, zenbait emakumek lan handia egin zuten: batzuk politikagintzan eta erresistentzian, beste batzuk kultur arloan, euskararen aldeko lanean, gizarte zerbitzuetan eta abar.

Horien guztien artean, badira euren esparruan aitzindariak izan zirenak, ‘abangoardia’ izan zirenak, euren ideia politiko eta sozialekin erabat konprometitu ziren emakumeak. Batzuk  erbestea ezagutu zuten, bonbardaketengatik eta ezarri zituzten arau inposatzaileetatik ihesi. Beste batzuk, fusila bizkarrera bota eta guda-zelaiara joan ziren. Erretagoardian erizain lanetan aritutakoak, erresistentzia antolatu zutenak, klandestinitatean ere diktaduraren aurka aritu zirenak, edota eguneroko borroka txiki eta handiak aurrera eraman zituztenak. Hauek guztiak dira ekimen honen arima, erakusketa honen bihotza.

Olatz Peon Ormazabal alkateak lehenik eta behin Erkibide elkarteak egindako lana eta erakusketa ibiltaria Tolosan estreinatu izana eskertu ditu.

“Erakusketa honek gure emakumeen bizipenak ezagutzeko, gure herriko kultura eta historian sakontzeko eta memoria historikoa eta kolektiboa berreskuratzeko aukera eskaintzen digu, garai gogor haietan Tolosan ere ohikoak bilakatu baitziren errepresio ekintzak eta, besteak beste,116 emakume tolosar izan ziren espetxeratuak 1936-1945 urte artean; beraz, tolosar emakumeen bizipen eta kontakizunak ezagutzeko aukera izango dugu, isilpean egon diren emakumeei aurpegia eta ahotsa jarriz, beren borroka aktiboa ezagutzera emanez eta balioan jarriz;  egungo errealitatea interpretatzeko, baina bereziki memoria historikoa berreskuratuz, gure etorkizuna, bizikidetzan oinarrituta eta egungo berdintasun aldarriekin bat eginda eraiki dezagun”.

Ion Gambra foru zuzendariak nabarmendu duenez, Gerra Zibilean eta gerraostean bizi izandakoari buruzko memoria" jorratzea “beharrezko balioa" da, Euskal Herrian "kultura benetan demokratikoa" eraikitzeko, "elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan" oinarrituta egongo dena eta "iraganeko akatsetan" erortzea eragotziko duena. “Erakusketa honek, gainera, memoria historikoaren alorrean gutxien jorratutako gaietako bat azaleratzen du: emakumeek jasan zuten biolentzia. Emakume izateagatik eta beren ideia politikoengatik, errepresio bikoitza jasan zuten hainbat eta hainbatek. Mostra honek errealitate hori azaleratzen du eta, gainera, baldintza gogor haietan ere, herriaren alde egindako lana ezagutzera ematen du”, aipatu du.

  

1791