Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Geure belaunaldiko erronka

Geure belaunaldiko erronka

Nazio Batuen Erakundeak epe-muga jarri dio genero-desberdintasunari: 2030 urtean ezarri du horizonte, data hori baitarabil mugarri gisa Garapen Jasangarriko Helburuen ibilbide-orrian

2016/10/23

Zaila ikusten da, eta izatekotan urruti, gizon eta emakumeen arteko desberdintasun oro gainditutzat eman daitekeela siniste hutsa, baina etorkizun-pizgarria da irispide handiko helburu hori.

Bat egiten dugu helburu horrekin. Datorren urriaren 27 eta 28an Donostiako Kursaal jauregian elkartuko gara uztarri berean jarrita berdintasuna eta kontziliazioa, geure inguruko eta nazioarteko adituen laguntzaz, askotariko eredu eta praktikak ezagututa, elkarrekin gogoeta egiteko. Kongresuan aurreko hilabeteetan “Etorkizuna Eraikiz” prozesu parte hartzailearen barruan jaso diren askotariko ekarpenak azalduko dira, aurrerabideak elkarrekin jorratzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak geure gizarteak aurrez aurre dituen erronka nagusien inguruan antolatu duen gogoeta partekatuko saioetan nabarmen agertu da ondokoa dela geure belaunaldiko erronka nagusietarikoa: eskubide sozialen gizarte-eredua garatzen jarraituko badugu, emakumeen ahalduntze ekonomikoa luze gabe heldu behar dugun desafiokomuna da. Bat egiten dugu, honetan ere, Nazio Batuen Erakundek emakumeen ahalduntze ekonomikoari buruz dioenarekin: “eskubide kontua izateaz gain, biziraupenerako giltzarri”.

Ebidentziak askotarikoak dira, baina horien oinarrietan datzan desberdintasuna zuzenduko badugu, sakoneko arrazoietara ere joan egin behar da. Hausnartu egin behar dugu zertan diren gaur egun gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eragozten duten faktoreak, eta bereziki, gogoeta egin behar dugu oztopo horiek gainditzeko.

Gaur gaurkoz, gizon eta emakumeok garapen ekonomikoari egiten diogun ekarpenak oso desorekatuta izaten jarraitzen du, eta askotariko arrazoiak badaude ere, nabarmen da bizitza profesionala eta familiarra uztartzeko zaitasunek zeresan handia dutela horretan. Gogoeta egiteko ez ezik, urriko kongresu honek aukera emango digu praktika zehatzak ezagutzeko, eredutzat ditugun gizarteetan auzia nola bideratu duten ikusi eta ikasiz, geure errealitatera egokitzeko.

Kontziliazioak gizon eta emakumeen berdintasun egoeran garatzeko duten eskubidea hitzetatik ekintzetara eramateko ezinbestekoa da. Eta asko jokatzen dugu, gizarte modura, desafio honetan.

Ez da erraza izango, baina geure esku dago. Maizegi uste izaten dugunaren kontra, berdintasunik eza ez da berezkoa, ez da ausaz sortua. Aitzitik, giza-eraikuntza da, hamaika bideetatik (kultura-transmisio, gizarte-ohiturak, gizon eta emakumeoi atxiki ohi zaizkien rolak, eta abar) barneratzen joan dugun gizarteratze-ereduaren ondorio baizik. Erroetaraino sartuta dugun arren, desberdintasuna ez da berezkoa eta ondorioz, ikasi dugun bezala ez-ikasi dezakegu. Badugu zertan eragin, eta albait azkarren egin behar dugu, gainera, geurea bezalako gizarte-aurreratuetan gizon eta emakumeen berdintasuna auzi giltzarria delako, besteak beste, babes sozialen baloreetan oinarritutako gizarte-ereduari eutsi egingo badiogu.

Eskuz esku dihardugu erronka honetan. Erakunde publikook, ditugun baliabide eta ahalmenen baitan, gizarte-eraldaketari bultzada handia eman ahal diogu, baina alferrik edo ia alferrik izango da gizartea bera, eta bereziki eremu sozio-ekonomikoko eragileak, transformazioaren subjektu aktibo ez badira. Arazoaren parte garen guztiok soluzioaren eragile bihurtu behar dugu.

 

  

1699