Gipuzkoa Cooperak 8. edizioa hasi du: jarraipena emango die zazpi proiekturi eta atea ireki die beste bi programari
Volver Gipuzkoa Cooperak 8. edizioa hasi du: jarraipena emango die zazpi proiekturi eta atea ireki die beste bi programari
Gipuzkoa Cooperak 8. edizioa hasi du: jarraipena emango die zazpi proiekturi eta atea ireki die beste bi programari
Arkeolanek, Aspegik, Biodonostiak, CFM-MPCk, Aiala ostalaritza-eskolak, Kukai Dantzak eta Zinemaldiak beren proiektuak garatzen jarraituko dute 2025ean. Programaren helburua da Gipuzkoan errotuta dauden eta nazioarteko lankidetzaz kanpokoak diren erakundeak inplikatzea beren eragin-eremuko proiektuak gara ditzaten garapen-bidean dauden herrialdeetan.

Kultura eta Lankidetzako foru-diputatu Goizane Álvarezek eta Lankidetzako zuzendari Ana Priedek bilera bat izan dute Gipuzkoa Coopera programan parte hartzen duten erakunde eta eragileekin, aurten zortzigarren edizioa hasiko duen ekimen honen balantzea egiteko. Bileran izan dira aurreko edizioetan parte hartu duten eta 2025ean ere lankidetza-proiektuekin jarraituko duten zazpi enpresa edo eragileen ordezkariak. Arkeolanek, Aspegik, Biodonostiak, CFM-MPCk, Aiala ostalaritza-eskolak, Kukai Dantzak eta Zinemaldiak adierazi zuten pozik daudela programarekin, oso «aberasgarritzat» jotzen baitute.
Ekimen hau helburu jakin batekin sortu zen: lurraldean errotuta dauden eta nazioarteko lankidetzatik kanpo dauden erakundeak inplikatzea, beren lanbide-esparruari lotutako proiektuak gara ditzaten garapen-bidean zeuden herrialdeetan.
Goizane Álvarez diputatuak programa honen emaitza positiboak nabarmendu ditu; izan ere, «Gipuzkoaren eta garapen-bidean dauden herrialdeen arteko loturak estutu ditu gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-erronkei heltzen dieten proiektuen bitartez». Ildo horretan, honako hau adierazi du: «Hainbat motatako Gipuzkoako erakundeek parte hartu dute programan, bereziki, irabazi-asmorik gabeko erakunde txiki eta ertainek, askotarikoak direnak bai geografiari bai gaiei dagokienez; zientzia, osasuna, berrikuntza, kultura, kirola edota gastronomia lantzen dituzte, besteak beste».
Esan duenez, «parte hartzen duten erakundeen hasierako espektatibak gainditu ditu programak, eta lortu du bere helburu nagusia: lankidetzaren berezko helburuekiko konpromisoa barneratzea, eta lurraldeko beste enpresa batzuentzat trakzio-elementua izatea garapen demokratikorako lankidetzan. Horrelaxe jartzen da martxan aldaketaren motorra».
Abiarazi zenetik, hamahiru entitatek hartu dute parte Gipuzkoa Cooperan. 2025an, zehazki, bederatzi proiektu garatuko dira. Horietatik zazpi Arkeolanek, Aspegik, Biodonostiak, CFM-MPCk, Aiala ostalaritza-eskolak, Kukai Dantzak eta Zinemaldiak gauzatuko dituzte, eta oraindik baieztatu gabe dauden beste bi proiektu sartzea baloratzen ari dira.
Aurreko edizioetan parte hartu duten entitateen artean honako hauek daude, besteak beste: DIPC, Real Sociedad, Donostia Sustapena eta Tabakalera.
Garatzen diren proiektuei dagokienez, garapen jasangarriko sei helburutan zentratuta daude nagusiki, eta Iparraldetik Hegoaldera ezagutzak transferitzeko egindako lana nabarmentzen da. Ekarpenik handiena gaitasunak areagotzeko helburuari egin zaio, eta programaren helburu nagusietako bat bihurtu da hala. Zehazki, proiektuen % 67,5ek genero-ekitatearekin lotutako gaiak dituzte eta ekimenen % 75ek, berriz, ingurumen-jasangarritasuna lantzen dute; gaur egungo nazioarteko lankidetzaren funtsezko printzipioetako bi dira, hain zuzen.
Gogobetetze orokorra eta dedikazio konprometitua
Aurkeztutako datuen arabera, parte hartu duten erakundeen % 78k adierazi du oso pozik dagoela programarekin. Entitateen % 100ek positiboki baloratzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren malgutasuna programaren kudeaketari dagokionez, nahiz eta % 67k uste duen oraindik badaudela hobetu beharreko arloak inplikatutako eragileen arteko komunikazioari, trukeari eta gaikuntzari dagokienez.
Gaitasun teknikoari begira, erakundeen % 56k adierazi du ez dituela ezagutzen Hegoaldeko herrialdeekin lotutako zenbait alderdi, eta horrek agerian uzten du garrantzitsua dela arlo horretan prestakuntza eta laguntza garatzen jarraitzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuak lanean jarraitzen du nazioarteko lankidetza bultzatzen jarraitzeko eta Gipuzkoaren eta Hegoaldeko herrialdeen arteko loturak sendotzeko. «Gipuzkoa Coopera Gipuzkoak elkartasun globalarekin eta garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoaren erakusgarri da, eta zortzigarren edizio honek daukan eragina zabaltzen jarraituko du, guztiontzako etorkizun justu eta bidezkoago bat sustatuz», amaitu du diputatuak.
2454