Gipuzkoa elkarlaneko gobernantzan mundu mailako erreferentzia bihurtu nahi Aldundiak
Gipuzkoa elkarlaneko gobernantzan mundu mailako erreferentzia bihurtu nahi Aldundiak
24 proiektu esperimental gehiagorekin eta 22 milioiko aurrekontuarekin, foru administrazioak Etorkizuna Eraikiz egitasmoa sendotzeko bide-orria aurkeztu du.
Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren kudeaketa eredua eta 2020ko plangintza onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak. Gerora begira gipuzkoar gizarteak dituen desafioei elkarlanean aurre egin eta, gisa horretan, politika egiteko moduak eraldatu nahi ditu programa honek, zeinak aurrerapauso bat emango duen legealdi berri honetan. Markel Olano diputatu nagusiak berretsi duenez, “gobernantza kolaboratiboan nazioarteko erreferentzia” bilakatu nahi du Gipuzkoak. Gaur onartutako bide-orriari esker, egitasmoaren eragina eta ekintza eremua zabaldu egingo da: 24 proiektu esperimental gehiago jarriko dira martxan, lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko nagusien partaidetza bultzatuko da eta, besteak beste, Nazio Batuek bultzaturiko Garapen Jasangarrirako Helburuekin uztartuko dira Aldundiaren ekintzak.
Etorkizuna Eraikizeko kudeaketa plana ezagutzera emateko komunikabideen aurrean hitz egin du Olanok, bere ondoan zituelarik Denis Itxaso, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua, eta Xabier Barandiaran, diputatu nagusiaren estrategia arduraduna. Etorkizuna Eraikizek gaur egun arte egindako ibilbidearen balioa azpimarratu dute foru ordezkariek; izan ere, 2016an martxan jarri zenetik, 25.000 gipuzkoarren partaidetza erakarri du eta ekonomia eta gizartearen alorreko 500 eragilerekin lan partekatua osatu da. “Azken urteotan hazia erein dugu eta orain, berriz, eredua sendotu, indartu, sendotzeko unea da. Beti ere, gobernantza ireki eta kolaboratiboaren bidez. Ziklo berri bati ekiten diogu, kualitatiboki oso salto garrantzitsua ematera goaz”, defendatu du Olanok.
Diputatu nagusiak gogorarazi duen moduan, Gipuzkoa hainbat alorretan “eraldatzeko” xedea du Gipuzkoak, bereziki elkartasunaren aldeko eta desberdinkeriaren kontrako ahaleginean Gipuzkoa “eraldatuz”. Etorkizuna Eraikiz “tresna ahaltsua da” zeregin horretan. Bestalde, “gipuzkoar ereduaren alde egindako apustua berretsi du” Olanok. Lurralde aurreratua eta ongizate maila altukoa da Gipukoa eta ideia horretan sakontzera dei egin du. “Etorkizuna Eraikiz eta, berekin, gobernantza berria eta kolaboratzailea sustatuz gero, izaera komunitario horretan sakondu nahi dugu, herritarrak dinamiketara gehituz, gizarte antolatuak eragin dezan eraiki nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoa horretan”, gehitu du. Horretarako guztirako, Etorkizuna Eraikizek 2020an 22 milioiko aurrekontua izango du eta, diputatu nagusiaren iritziz, horrek berak erakusten du programa honek Foru Aldundian hartu duen pisu politiko eta ekonomikoa.
Etorkizuna aukeratzea
Denis Itxaso Kultura diputatuak, bere aldetik, esan du Etorkizuna Eraikiz ez dela geroa iragartzea xede duen programa bat, baizik eta “Gipuzkoarentzako ze etorkizun nahi dugun aukeratzea” helburu duela, “eta lehen minututik horretarako lanean hasteko prest gaude”. “Praktikan, gobernantza eredu berri honekin, gaur bertan zehaztu behar dugu zein diren gure lehentasunak eta ze proiektuk lagundu diezaguken ditugun helburuak erdiesten. Horretarako, bitarteko ekonomiko eta teknikoak eta giza baliabideak bermatu behar ditugu, Gipuzkoako gizartearen partaidetza eta ekarpenak kontutan hartuz”, gehitu du.
“Herritarrek politikarekiko duten konfiantza berreskuratzeko, gizarteak lehentasun bezala dituen benetako arazoak mahai gaineratu behar dira. Klima, demografia edota teknologia aldaketak erronka handiak dira gure gizarteentzako, eta honen zati bat beldur da ekarri ditzaketen ondorioez”, esan du Itxasok. Bere ustez, Etorkizuna Eraikiz, ordezkatzen duen gobernantza eredua eta lantzen dituen gaiak, Gipuzkoak proposatzen duen irtenbidea da, etorkizunarekiko beldur horiek politikarekiko urruntasun eta konfiantza falta gehiago ekar ez ditzaten. “Populismo eta estremismoen gorakada Gipuzkoan ekidin nahi dugun epidemia politiko eta soziala da, eta aurkitu dezakegun erremediorik onena Etorkizuna Eraikiz da”, aldeztu du.
Itxasoren hitzetan, “egin dugun bidea, Etorkizuna Eraikizen bitartez eraiki nahi dugu etorkizun horren definizioan, argi markatu du hartu nahi dugun norabidea: aurrerabidean doana, jasangarritasunaren alde eta ezberdinkerien kontra egiten duena, Europa mailan sozialdemokraziak dituen erronka nagusiekin bat datorrena eta Gipuzkoako gizarteak dituen espektatibekin ere uztartzen dena”. Apustu hau, gaineratu duenez, Koldo Mitxelena, Naturklima Klima Aldaketaren kontrako fundazioa edota Mubil bezalako proiektuen oinarrian dago.
24 proiektu berri, Garapen Iraunkorrerako helburuak
Ziklo berri honetan foru programa honek izango dituen berritasunen artean, besteak beste, 24 proiektu esperimental berri abiaraziko dira. Aurretik dagoeneko beste zortzi martxan zeuden. Egitasmo horiek Gipuzkoak etorkizunera begira dituen etorkizuneko desafioekin loturik daude: gizon eta emakumeen berdintasuna (Administrazio Kontseiluetan emakumeen presentzia, Emakumeen Etxeak…), aldaketa klimatikoaren aurkako engaiamendua (klimarekin konprometitua dagoen hiritargoa, ekonomia berde eta zirkularraren sustatzaile taldea…), etorkizuneko ekonomia (Gipuzkoa lurralde barne-ekintzailea, adimen artifiziala eta Big Data…) edo adikzioen aurkako borroka (umeen eta gazteen ludopatiaren aurkako programa, Aretxabaleta eta Eskoriatzan adikzioen aurkako lana…), besteak beste.
Foru ordezkariek, baita ere, Garapen Iraunkorreko Helburuen betetzeari arreta berezia eskaini diote. “Gure kudeaketa sistema helburu horiei lotutako adierazleen bidez neurtuko dugu aurrerantzean”, sakondu dute. Gisa horretan mundu mailako gainerako erakundeekin alderatu daitezkeen neurgailuak izango ditugu. “Orain arte baldintzatu egiten gintuen eta, etorkizunean, Gipuzkoak erreferentzialtasun handiagoa izango du, mundu jasangarriago bat eraikitzeko lan horretan. Eta, batez ere, gure gobernantza eredua nazioartean ezagutzera emateko aukera eskainiko digu”, xehatu dute.
Etorkizuna Eraikizen egitura
Bi eremu nagusitan banatzen da Etorkizuna Eraikiz: Gipuzkoa LAB, zeinetan garatuko diren etorkizunera begirako esperientziak; eta Gipuzkoa Taldean, deliberazioa eta proposamenak egiteko espazioa, think tank-a izanik erabaki gune garrantzitsuena. Lehendabizikoan garatuko dira lehen aipaturiko 32 proiektu esperimentalak. Gipuzkoa Taldeani dagokionez, berriz, lan-ildo bakoitzeko taldeak osatzeko prozesuak martxan daude dagoeneko: ekonomiaren etorkizunari buruzko think tanka eta pertsonen zaintza ardatz gisa duen bigarrena. Horiekin batera, Etorkizuna Eraikizek gogoeta taldeak sortuko ditu aldaketa klimatikoa, fiskalitate berdea eta ekonomia eredu berriz gaitzat hartuta. Baita ere, aurrekontu irekien inguruko prozesu parte-hartzaileek ere beren papera izango dute.
Bi esparru nagusi horiekin batera, joan den legealdian bultzatutako erreferentzia zentroek bere bideari eutsiko diote: Adinberri, Mubil, Ziur, LABe, 2deo, Koldo Mitxelena, Naturklima eta Elkar-EKIN Lanean. Gainera, nazioartekotze prozesu anbiziotsua abiaraziko dute, Gipuzkoa bilakatu dadin gobernantza kolaboratiboan diharduten eragile eta administrazioen nazioarteko sare bateko buru, Erresuma Batua, AEB edo Kolonbia bezalako herrialdeetako ordezkarien partaidetzarekin. Aldi berean, Gipuzkoako Eredua sendotu eta zabaltzeko lan lerro espezifiko bat martxan jarriko da. Hori guztia, lurraldeko unibertsitateekin eta ezagutzaren alorreko eragileekin elkarlana estutuz.
Amaitzeko, kultura politiko berriaren garrantzia azpimarratu du Barandiaranek eta, hala izanda, Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko du Foru Aldundiak. Etorkizuna Eraikizek, hain zuzen ere, ez du zentzurik Gipuzkoar Ereduari lotuta ez bada garatzen. “Hori dela eta, esperientzia aktiboak garatzen jarraituko dugu, udalekin eta herritarrekin elkarlanean esperientzia komunitarioak bultzatuz, garrantzitsuak diren puntuetan. Horrela, Gipuzkoa Eredua zabaltzeko mesede egiten dugu”, gaineratu du. Puntu honetara iritsita, adibide gisa aipatu du HerriLab dinamika, Beasainen abian dena, zeinetan kontziliazio erantzunkideari lotutako politika aurreratuak esperimentatuko diren, herriko komunitate osoaren izenean.
2158