Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Gipuzkoa eraldaketa energetikoaren liderra da bere eskualdeen konpromisoarekin

Gipuzkoa eraldaketa energetikoaren liderra da bere eskualdeen konpromisoarekin

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 600.000 eurora igo du inbertsioa eskualde-agentzietan 2025 urterako.

2025/02/25
Mesa de Energía

Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaia arrakasta-eredu gisa finkatu da, lurraldean jasangarritasunerantz eta eraginkortasun energetikorantz aurrera egiteko.

José Ignacio Asensio: “Trantsizio energetikoa ez da helmuga bat, baizik eta determinazioz eta zorroztasunez egiten ari garen bide bat. Eskualdeen arteko lankidetzari esker, Gipuzkoak eraginkortasun eta kohesio handiagoz egiten du aurrera, karbonorik gabeko eta sozialki bidezkoa den eredu baterantz”.

Gipuzkoak bere lidergoa sendotu du trantsizio energetikoan, eta jasangarritasunaren eta berrikuntzaren abangoardian jarri da, eskualdeen konpromiso irmoari esker. Lurraldeak energia-eredu eraginkor, bidezko eta jasangarri baten alde egin duen apustuak beste aurrerapauso bat eman du gaur, Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Gipuzkoako Lurralde Mahaia egin baita, eskualdeen arteko lankidetza sustatzeko eta energia-eraldaketa bizkortzeko funtsezko foroa.

Naturklima eraikinean egin da topaketa, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua buru dela, eta Gipuzkoako eskualde guztietako ordezkari nagusiak bildu dira 2024an egindako lanari balioa emateko eta 2025eko ildo estrategikoak ezartzeko. “Gure eskualdeek trantsizio energetikoarekin duten konpromisoa eztabaidaezina da. Lankidetza eta baterako ahalegina oinarri hartuta, jasangarritasunaren eta energia berriztagarrien arloan Gipuzkoa lider bat eraikitzen ari gara”, azpimarratu du Asensiok.

Lan-eredu kooperatiboa eta eraldatzailea

Lurralde Mahaia funtsezko ekimena da Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren konpromisoaren barruan; izan ere, urtero hitzarmenak sinatzen ditu eskualdeko garapen-agentziekin, eskualde guztietan energia jasangarriko proiektuak sustatzeko. Akordio horiei esker, eraginkortasun energetikoko neurri zehatzak bultza daitezke, energia berriztagarrien erabilera susta daiteke eta pobrezia energetikoari aurre egin dakioke. Aurten, gainera, hitzarmen horien zenbatekoa handitu egingo da, eta guztira 600.000 euroko inbertsioa izango da 2025 honetarako. Horrela, eskualde bakoitzak 60.000 euro jasoko ditu bere beharretara egokitutako planak garatzeko.

Gaurko topaketaren puntu garrantzitsuenetako bat eskualde bakoitzean azken urtean bultzatutako proiektuen aurkezpena izan da. Gardentasuna eta ikaskuntza partekatua baliatuz, eskualdeko garapen-agentzietako arduradunek energia-komunitateen sustapenean, teknologia berriztagarrien ezarpenean eta eremu publikoan eta pribatuan energia-kontsumoa optimizatzean lortutako aurrerapenak azaldu dituzte. Esperientzia-truke horrek indartu egiten du lurralde-lankidetzaren ekosistema, eta aukera ematen du jardunbide egokiak eskalatzeko eta ekintzen inpaktua maximizatzeko.

2025. estrategia: Gipuzkoak energia-eraldaketa bizkortzen du

Bileran 2024ko hitzarmenen emaitzak ere ebaluatu dira. Eskualde bakoitzean duten eragina sakon aztertu da 2025erako irizpideak eta konpromisoak zehazteko. “Trantsizio energetikoa ez da helmuga-puntu bat, baizik eta zehaztasunez egiten ari garen bide bat. Eskualdeen arteko lankidetzari esker, Gipuzkoa eraginkortasun eta kohesio handiagoz ari da aurrera egiten, deskarbonizatutako eta sozialki bidezkoa den eredu baterantz”, azpimarratu du Asensiok.

Topaketa amaitzeko, datozen hilabeteetarako ibilbide-orri bateratu bat zehaztu da, herritarrek, enpresek eta administrazioek trantsizio energetikoan duten inplikazioa indartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egin du etorkizun jasangarri eta bidezko baten aldeko konpromisoa, eta ziurtatu du eskualde bat bera ere ez dela atzean geratuko eraldaketa-prozesu horretan.

Bileran izan dira Gipuzkoako eskualde-agentzia guztietako ordezkariak: Ion Arozena, Urola Kostako presidentea; Eneko Larunbe, Urola Kostako teknikaria; Koldo Azkoitia, Debagoieneko arduradun teknikoa; Iker Galparsoro, Goiekiko kudeatzailea; Maialen Sánchez, Goiekiko teknikaria; Sara Ibarzabal, Urola Erdiko teknikaria; Andu Martínez de Rituerto, Tolosaldea Garatzen erakundeko presidentea; Garbiñe Mendizabal, Tolosaldea Garatzen erakundeko teknikaria; Eva Fernández, Bidasoa Bizirik sozietateko zuzendaria; Maider Basurto, Irungo Udaleko teknikaria; Juan Angel Balbás, Debegesako zuzendaria; Patxi Ibarguren, Beterri Buruntzako presidentea; Jone Espila, Beterri Buruntzako teknikaria; Josune Makaia, UGGASAko teknikaria; Jon Legorburu, Lezoko zinegotzia; eta Ainara Lasarte, Oarsoaldeko teknikaria.

Bilera horren bidez, Gipuzkoak energiaren eraldaketan duen lidergoa berresten du, eta energia jasangarriaren etorkizuna gaur egun eraikitzen dela erakusten du, ikuspegi, konpromiso eta ekintza bateratuarekin.

  

4115