Gipuzkoa ereduan sakontzearen alde egin du Olanok, COVID-19aren krisiak ez dezan desberdinkeria igoarazi
Gipuzkoa ereduan sakontzearen alde egin du Olanok, COVID-19aren krisiak ez dezan desberdinkeria igoarazi
Gipuzkoa ereduan sakontzearen alde egin du Olanok, COVID-19aren krisiak ez dezan desberdinkeria igoarazi
Desberdinkeria, babes soziala eta lan merkatua dituzte eztabaidagai gaur eta bihar artean UPV/EHUko uda ikastaroek.
Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoak azken hamarkadetan garatu duen eredu sozioekonomikoan sakontzearen alde egin du, Gipuzkoa Eredua delakoa, COVID-19 gaitzaren pandemiak eragin duen krisiak gizarte desberdintasunak areagotu ez ditzan. Eredu horrek babes soziala eta lehiakortasun ekonomikoa uztartzen dituela gogorarazi du: "Babes sozialeko sistema indartsu bat garatu dugu, elkarlana ardatz duena, eta hau, industria lehiakor batekin batera, XXI. mendean kohesionatuagoa eta desberdinkeria gutxiago duen Gipuzkoa eraikitzeko zutabe nagusiak dira", defendatu du. Ildo horretan, Foru Aldundiak eredu honetan sakontzeko hartu duen konpromisoa berritu du, "elkarlanean lan eginez bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, eta kolektibo ahulenak pandemiaren ondorioetatik babesteko".
UPV/EHUko uda ikastaroetan hartu du hitza Olanok, zehazki Desberdintasuna, babes soziala eta lan-merkatua krisi global berrian izeneko eta Foru Aldundiak antolatu duen mintegiaren irekiera ekitaldian. Ikastaroaren helburua desberdintasunaren aurka borrokatzeko moduei buruz hausnartzea eta eztabaidatzea da; izan ere, foru erakundearen Plan Estrategikoak ezartzen duen helburu nagusia Gipuzkoa Europako desberdinkeria maila txikieneko lurraldeen artean kokatzea da. Horretarako, arlo horretako pentsalari nabarmenek parte hartzen dute ikastaroak, bai eta nazioarteko erakundeetako ordezkariek ere, hala nola Nazio Batuetakoek edo ELGAkoek. Irekiera ekitaldian, Olanorekin batera egon dira Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Itziar Alkorta udako ikastaroen zuzendaria, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako diputatua eta Sebas Zurutuza Estrategiako foru zuzendaria.
Olanok, bere hitzaldian, ikastaroaren edukia gure gizarte eta bizikidetza ereduaren "muinean" kokatzen dela azpimarratu du. "Desberdintasun sozialei buruz hitz egiten dugunean, pertsona guztiei aukera berdintasuna eta duintasuna bermatzeaz ari gara", azpimarratu du. Hau litzateke, bere esanetan, Gipuzkoak epe ertain eta luzera duen erronka nagusia, lurraldea desberdintasun maila txikienak dituzten Europako eskualdeen artean kokatzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, Foru Aldundiak abiarazitako ekimenak nabarmendu ditu, betiere lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean, ekonomia "lehiakorragoa eta gizatiarragoa" lortzeko, babes sozialeko sistema indartzeko eta herritar denei lan-merkaturako sarbidea bermatzeko. Hau litzateke, hain zuzen ere, Etorkizuna Eraikiz bezalako programaren abiapuntua, gaurtik eta elkarlanean biharko erronkei aurre egiten hastea bilatzen baitu.
Hala ere, gaur egun, eta bizi dugun egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, Aldundiak epe laburrean duen helburu nagusia pandemiaren hedapena geldiaraztea dela ohartarazi du Olanok, “baina epe ertain eta luzerako ikuspegia alde batera utzi gabe". Hala, pandemiak administrazioak ekonomiaren alorrean ikuspegi dualarekin kudeatzera behartzen dituela uste du, bi helburu uztartuz: epe laburrera jarduera suspertzea, eta epe ertainera eredu sozioekonomiko inklusiboagoa, iraunkorragoa eta erresilienteagoa eraikitzea, krisi berrien aurrean sendo erantzuteko. Olanoren ustez, lurraldeak "oso hilabete gogorrak" ditu aurretik, eta, beraz, "orain inoiz baino gehiago", foru gobernuaren politikak, programak eta ekintzak pertsonei bideratu eta herritarren bizi-baldintzak hobetzeko unea da. "COVID-19ren testuinguruan, funtsezkoa da babes sozialaren, enplegu duinaren eta bizikidetza komunitarioaren alde lanean jarraitzea", adierazi du.
Konpromiso horren baitan, Elkar-EKIN Lanean ekimena ere azpimarratu nahi izan du, enpleguaren bidez gizarte-bazterketari aurre egitea bilatu eta populismoaren eta xenofobiaren aurkako "txerto" gisa jarduten duen estrategia. "Kalitatezko enplegua sustatzeko eta pertsona guztiak lan merkatuan sartzeko estrategia bat da, bereziki gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenei edo enplegua lortzeko zailtasunak dituztenei zuzendua. Lurralde osoaren apustua da, administrazioetatik hasi eta eskualdeko agentzietaraino, eta ahalik eta eragile ekonomiko eta sozial gehien inplikazioa eskatzen du", nabarmendu du.
Uda ikastaroa
Uda ikastaroa gaur eta bihar artean ari da egiten Donostiako Miramar Jauregian, baina parte-hartzaile gehienak telematikoki ari dira topaketa jarraitzen. Bittori Zabala eta Sebas Zurutuza, Zerga eta Finantza Politikako eta Kudeaketa Estrategiako zuzendariak, hurrenez hurren, gidatzen dute ikastaroa. Helburu nagusia desberdinkeriaren inguruan gogoeta egitea eta honen hazkundea geldiarazteko konponbideak mahai gaineratzea da; izan ere, COVID-19aren pandemiaren etorrerarekin eta haren eskutik ekarri duen krisi ekonomikoarekin, inoiz baino arreta gehiago jarri behar zaio alor honi. Beraz, ikastaroaren helburua da gizarte-kohesioaren Gipuzkoako ereduak krisi-testuinguru berrian dituen erronkei buruz hausnartzea, bereziki azpimarratuz desberdintasun egoerekin lotutako bi faktore nagusi: batetik, lan merkatua, eta, bestetik, politika birbanatzaileak. Gaurko eta biharko bi jardunaldietan, Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren ezaugarriak ezagutzera eman eta aztertuko dira, desberdintasunari bere alderdi desberdinetatik heldu (hezkuntza, osasuna, parte hartzea…), genero gaiak jorratu, banaketa aldatzearen inguruan hausnartu...
Ostegunean, gai horien inguruan arituko dira Heriberto Tapia, Garapenerako Nazio Batuen Programako (PNUD) ikertzaile seniorra; María José Aranguren, Orkestrako zuzendaria eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomia katedraduna; Luis Ayala, UNEDeko irakaslea; eta lan-eguna mahai-inguru batekin itxiko da. Bertan, Sara de la Rica, EHUko Ekonomia katedraduna; Tomas Arrieta, Lan Harremanen Euskal Kontseiluko presidentea; eta Jose Maria Arranz, Alcalako Unibertsitateko Ekonomia katedraduna. Ostiralean, berriz, Michael Foster ELGAko analistaren, Joseba Zalakain SIISeko zuzendariaren eta Jon Azua lehendakariorde ohiaren hitzaldiak izango dira, eta mahai-ingurua egingo da Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren, Miguel Laparra Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen, Jose Antonio Noguera Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearen eta Milagros Paniagua Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen ministerioko Inklusio Politika eta Helburuen eta Gizarte Prebisioko idazkariaren partaidetzarekin.
1373