Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa eredugarria

Gipuzkoa eredugarria

Imanol Lasa foru bozeramaleak 'El Diario Vasco' egunkarian argitaratutako iritzi artikulua

2016/03/13

Erakunde publikoetan etikaren eta eredugarritasunaren alde egindako apustuak ibilbide luzea du dagoeneko. Gobernantza kontuetan aurreratuenak diren demokraziek  –garai batean OCDEk gidatuta– urteak daramatzate zintzotasunaren kultura sortzeko eta ustelkeriari aurre egiteko azpiegitura etikoak indartzen. Instituzio ikusezina den herritarren konfiantza blindatzea dute jomugan, inoiz hautsiz gero, berregiten zail den altxorra baita.

Euskal erakundeek, Estatukoek ez bezala, urrats garrantzitsuak egin dituzte norabide horretan. Lehena, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen goi kargudunen Etika eta Jokabide Kodea izan zen, gerora hainbat forotan praktika onaren eredutzat aipatu izan dena. Esperientzia horren ondoren beste batzuk ere izan dira, eta ildo horri jarraituz onartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Zuzentasun Instituzionaleko Sistema eta Jokabide eta Gobernantza Onerako Kodea.

Euskadin aginte politikoak sustatu dituen zuzentasun politikak ez dira inoiz gertaeren erantzun gisa etorri, zuhurtasunezko neurri gisa baizik. Europako Batzordeak 2012an eta 2014an egin zituen azterketek erakutsi dute Euskadi lehenengo autonomia erkidegoa dela kalitate instituzionalari begira, eta ez alferrik. Azterketa horien adierazle garrantzitsuetako bat zuzentasun instituzionala izan zen, hain zuzen. Emaitza hori harritzekoa ere ez da, bestalde, kontuan hartzen badugu zintzotasuna, seriotasuna, elkartasuna eta lana Gipuzkoako idiosinkrasian ondo errotutako balioak direla. Eta horrek guztiak, jakina, eragina dauka arlo publikoan. Esan baino nahiago dugu egin, eta, gainera, balio berezia ematen diogu aldarrikatutakoa gauzatzeari.

Aldundiak onartu duen Zuzentasun Sistemarekin positiboki gauzatu nahi da politika. Gobernantza etikoa oinarri izango duen ingurune bat sortu nahi dugu, foru erakundea herritarrentzat legitimoa izan dadin. Gure helburua Gipuzkoa eredugarri bat eraikitzea da, eta horixe da lurraldeko erakunde publiko guztietara iritsi beharko lukeen goiburua. Horregatik, zeregin hori «etxetik» bertatik hasi dugu: Foru Aldunditik. 

Sistema hau abian jartzerakoan beste urrats bat ere egin nahi izan dugu. «Integrala» izan asmo duen zuzentasun instituzionaleko eredu batez ari garenez –ODCEk eta Europako Kontseiluak aurreikusi bezalakoa–, foru administrazio osora zabaldu beharreko sistema batez ari gara. Mailaz maila  aplikatzekoa da; kargudunez gain, zuzendari, langile publiko, emakidadun, kontratista eta foru administrazioaren baliabide publikoak jasotzen dituen Gipuzkoako elkarte sare trinko eta zabal horretako edozein erakunde publikotara zabaldu beharrekoa. Ikuspuntu berritzailea da, inondik ere.

Foru Aldundiko kargudunei dagokienez, Zuzentasun Instituzionaleko Sistema abian jartzeko hautua egiteak eredu berri bat eraikitzea esan nahi du, eta eredu horrek kultura etikoa sustatzea, praktika okerrak saihestea eta dilema etikoak, kexak eta salaketak sustatzeko eta konponbidean jartzeko kanal egokiak ezartzea du helburu. Horrekin batera, Etika Batzordea eratu da kezka guztiei erantzun egoki eta zentzuduna emateko berme organo gisa. Hartu diren neurrien artean, besteak beste, kreditu txartelak kendu dira, ibilgailu ofizialen erabilera ekitaldi instituzionaletara mugatu da eta erregistro bat eratu da protokolozko otordu, bidaia eta gastuak jasotzeko.

Edonola ere, haratago joan nahi izan dugu eta gure inguru hurbilean ezohiko den erabaki bat hartu dugu. Aldundiaren Etika Batzordean kanpoko adituak gehiengo izango dira “etxekoen” aldean: Kanpoko hiru kidek eta barneko bik osatuko dute batzordea, eta horrek funtzionamendu independentea bermatuko du.

Baina ez genuke autokonplazentzian erori behar. Urrats garrantzitsua egin dugu, bere xumean. Zuzentasunaren aldeko borroka prozesu jarraitua da, ordea. Egun jakin batean abiarazten da, baina ez du bukaerarik. Ez dugu etika kosmetika balitz bezala saldu nahi; aldiz, hobekuntza etikorako prozesu bat abiarazi nahi dugu Aldundiaren parte garen guztion eguneroko jarduna oinarri hartuta. Jokabide arauak eta balioak barneratzeaz ari gara, horixe baita gakoa. Irmotasunez hartu dugu erronka eta hura burutzeko konpromiso sendoa daukagu. Euskaldunok –eta gipuzkoarrok bereziki– arduraz eta balio sendoei eutsiz jokatu izan dugu geure egin ditugun jarduera profesional guztietan, eta halaxe egin behar dugu aurrerantzean; baita sektore publikoan ere.

  

2020