Gipuzkoa Europako zibersegurtasun sare nagusiko kide bilakatu da
Gipuzkoa Europako zibersegurtasun sare nagusiko kide bilakatu da
Foru Aldundiak ECSO elkarteko topaketa batean lehen aldiz parte hartu du
Gipuzkoako Foru Aldundia eskubide osoko kide gisa sartu da Europako Zibersegurtasuneko Erakundean, zibersegurtasunaren alorreko Europako sarerik handienean; erakundea administrazio publiko, enpresa, ikerketa zentro eta zibersegurtasunean lanean ari diren era guztietako erakundeek osatzen dute. Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru diputatua Europako Zibersegurtasuneko Erakundeak Helsinkin egin duen biltzarrean izan da, eta bertan egin da Foru Aldundia erakundean sartzeko ekitaldia.
Diputatuak, Garikoitz Agote Berrikuntzako foru zuzendariarekin batera, Gipuzkoako Zibersegurtasuneko Zentro Aurreratua sortzeko proiektua aurkeztu du ECSOk antolatutako bileran, Eskandinaviako Zibersegurtasun Kongresuaren testuinguruan. Zentroak bokazio industrial argia izango du, industria 4.0ri oso lotuta egongo da, eta laguntza, zerbitzua eta balio erantsia emango dizkio enpresa txiki eta ertainen jarduerari. Hitzaldian adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundia Europako Zibersegurtasuneko Erakundean sartzea “lehenengo urratsa” dela proiektuaren “nazioartekotze prozesuan” eta horrek aukera emango diola zentroari zibersegurtasuneko “sare nagusietan eta dinamika orokorretan” sartzeko.
“Oso garrantzitsua da gure proiektua esparru horretan ibilbide luzea eta eskarmentu handia duten eragile eta erakunde espezializatuekin kontrastatzea. Zibersegurtasuna erronka orokorra da, beraz, ezinbestekoa da ekimenak eta jakintza partekatzea, eta gertutik jarraitzea gaur egun dauden mehatxuak eta joerak, eta gure enpresentzat sor daitezkeen aukera guneak” azaldu du Aizpuruk.
Oso garrantzitsua da gure proiektua esparru horretan ibilbide luzea eta eskarmentu handia duten eragile eta erakunde espezializatuekin kontrastatzea. Zibersegurtasuna erronka orokorra da, beraz, ezinbestekoa da ekimenak eta jakintza partekatzea, eta gertutik jarraitzea gaur egun dauden mehatxuak eta joerak, eta gure enpresentzat sor daitezkeen aukera guneak
Sustapen Ekonomikoko foru diputatuak Gipuzkoan zibersegurtasunaren alorrean egiten ari den lana azaldu du kongresuaren aurkezpenean, "berebiziko apustua" baita Gipuzkoako sare ekonomikoaren ezaugarriak kontuan izanda, "sarea apustu irmoa egiten ari baita digitalizazioaren alde, eta bertan enpresa txiki eta ertainak baitira nagusi”. Era berean, Aizpuruk gogorarazi du lurraldean badaudela zenbait enpresa zibersegurtasunaren alorrean erreferente direnak, eta makina-erremintaren alorra punta-puntakoa dela. “Hori dela eta, uste dugu lehentasunezkoa dela jakintza sortzen duen zentro bat izatea, gure industriak sentsibilizatzeko eta erronka horri aurre egiteko unean behar duten laguntza eskaintzeko” azaldu du.
Europako Zibersegurtasuneko erakundea 2016an sortu zuten Europako berrogeita hamar eragilek: enpresa handiak, enpresa txiki eta ertainak, enpresa berriak, lan zentroak, unibertsitateak, elkarteak, Europar Batasuna osatzen duten hamalau estatuetako toki, erregio eta estatu mailako administrazioak, Europako Espazio Ekonomikoko eta Europako Merkataritza Askearen Elkarteko estatuak eta H2020 programari atxikitako herrialdeak. Helburu nagusiak ditu segurtasun zibernetikoaren arloan ikerketa eta berrikuntza sustatzea, zibersegurtasunaren merkatuan berrikuntzako proiektu pilotuak abian jartzeko inbertsioak egitea, eta Europan sektore horretako industriaren lehiakortasuna eta hazkundea bultzatzea.
Era berean, erabilera profesional eta pribaturako zerbitzu berritzaileak merkatuan ezartzea suspertzen du, zibersegurtasuneko Europako industria politikaren definizioa sustatzen du, eta segurtasun zibernetikoarekin zerikusia duten sentsibilizazio eta hezkuntza jarduerak bultzatzen ditu.
Datuak
Foru diputatuak datu batzuk eman ditu, Sustapen Ekonomikoko Departamentuak azken hilabetean egindako ikerketa baten emaitza direnak, eta adierazi du, horien arabera, industria enpresek zibererasoei aurre egiteko “laguntza beharra” dutela. Txostena egiteko, inkesta egin zaie lurraldeko ehun industria enpresari, eta horietatik % 84,8 neurri batera edo bestera kezkatuta daude zibererasoekin; % 7,6k bakarrik adierazi du ez duela inolako kezkarik edo kezka gutxi eragiten diola gai horrek.
Nolanahi ere, alerta egoera horren aurrean, Gipuzkoako hiru enpresetatik batek bakarrik ditu jarduketa prozedura egokiak eraso zibernetiko bati aurre egiteko; eta % 70ek baino gehiagok ez du gai horretan espezializatutako langilerik. Ildo horretatik, kontsultatutako enpresen % 63k ez du sistemen eta sareen segurtasun ikuskapenik egiten.
Aizpururen esanetan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, Gipuzkoa zibersegurtasunaren alorrean egiten ari den “etorkizuneko apustu estrategikoa" berresten dute datu horiek, are gehiago, “lurraldeko industria enpresen % 84k barne sareetara edo sare publikoetara lotutako produkzio sistemak dituztela kontuan izanda". Sustapen Ekonomikoko diputatuak gogorarazi du etorkizunean eraikitzekoa den Zibersegurtasuneko Zentro Aurreratuak “ikuspegi erabat industriala” izango duela, ikerketara eta garapenera, berrikuntzara, ekintzailetasunera, sentsibilizaziora, eta talentua prestatzera xedatutako esparruak izango dituena.
“Gipuzkoako industriak eraldaketa sakona du aurrean industria 4.0 eta digitalizazioari lotuta. Zibersegurtasuna lehiakortasunaren faktore garrantzitsua da testuinguru horretan. Gure industrien ondoan egon behar dugu erronka horretan eta ildo berean lanean ari diren nazioarteko sareekin batera jardun behar dugu" laburbildu du Aizpuruk.
1948