Gipuzkoa gizarte inklusioaren alorrean murgiltzen da
Gipuzkoa gizarte inklusioaren alorrean murgiltzen da
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Inklusioko Plan berri bat aurkeztu du datozen bost urteetarako, pertsonalizazioan aurrera egiteko eta gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arreta emateko eskualde sareak bultzatzeko helburuarekin.
Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022-2026 Gipuzkoako Gizarte Inklusioko II. Elkar-EKIN Plana aurkeztu du. Plan hori “fokalizatua, transbertsala eta orientatzailea” da, eta bere helburua da lurralde osoa inplikatzea gizarte desberdintasunen eta gizarte bazterketaren aurka lan egiteko. Hala adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta aurkezpenean parte hartu du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuarekin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Hezkuntza eta Osasun arloetako, Donostiako Udaleko eta lurraldeko hainbat gizarte-erakundetako arduradunekin batera. Plangintza horrek orientabideak, gomendioak eta gidalerroak jasotzen ditu, politika publiko eraginkorragoak eta pertsonekin konprometituagoak sor daitezen, ikuspegi pertsonalizatuago eta berritzaileago batetik abiatuta.
Olanok adierazi duenez, “planaren berritasunetako bat da, zalantzarik gabe, eguneroko bizitzaren hainbat dimentsio hartzen dituela kontuan, integrazio eta bazterketa prozesuetan funtsezkoak direnak, lurralde ikuspegiaz, zerbitzuen pertsonalizazioaz eta profilen eta premien estratifikazioaz gain”. Eta zehaztu du planak ekintza zehatzak aurreikusten dituela, gaiarekin zerikusia duten entitateek beren gain hartuko dituzten konpromiso eta proiektu traktoreak jasotzeko. Gainera, planaren helburua da entitate sozialek eta erakunde publikoek Gipuzkoan gizarte inklusioaren alde duten konpromisoa bateratzea, aliantza baten bidez.
Lurraldeko 50 entitate sozial eta publikok baino gehiagok parte hartu dute gaurko aurkezpenean Orona Ideon, Hernanin, eta gizarte inklusioaren aldeko eta desberdintasunen aurkako konpromisoa berretsi dute. “Aliantzak egin behar ditugu eta ahaleginak batu, plan honen bidez, guztion artean, pertsonen ongizatea bermatzeko, gizarte desberdintasunak murrizteko, eta jarduera integralak eta transbertsalak burutzeko, betiere gizarte inklusioari buruzko ikuspegi partekatu eta berritzaile batetik abiatuta”. Diputatu nagusiak gaineratu duenez, plana jarduera zehatzetan fokalizatuta dago, non emakumeak eta gizonak indarguneak eta lehentasunak dituzten gizabanakotzat hartzen diren, baita premiak eta gabeziak dituztenak ere, eta “beti arretaren erdigunean jarrita”.
2022-2026 Gipuzkoako Gizarte Inklusioko II. Elkar-EKIN Planak lau ekintza ardatz ditu: lehena, prebentzioari, aktibazio komunitarioari, sentsibilizazioari eta parte-hartzeari buruzkoa da; bigarrena, enplegu sistemetan sartzeari, diru-sarrerak bermatzeari, justiziari, osasunari, etxebizitzari eta prestakuntzari buruzkoa; hirugarrena, inklusiorako gizarte zerbitzuen sistema finkatzeari buruzkoa; eta laugarrena bideratuta dago eragile guztiak koordinatzera eta planaren gobernantza artikulatzera. Gainera, plangintza horrek bat egiten du Elkar EKIN Lanean estrategiarekin, Olanoren hitzetan: “Mugarri bat da Gipuzkoan, lurraldeak enplegu inklusiboaren alde duen konpromiso kolektiboaren erakusgarri”. Ezinbesteko tresna da bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ahaleginetan aurrera egiteko, ibilbide pertsonalizatuak sortzen baititu.
Diputatu nagusiak azpimarratu du, gainera, bigarren plan honek jarraipena ematen diola 2016-2020 Gizarte Inklusioko Planari, eta Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren testuinguruan sortu dela; izan ere, helburu bera partekatzen dute: gizarte politikak indartzea, Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea, eta lau zutabetan aurrera egitea, zehazki, pertsonalizazioan, berrikuntzan, parte-hartzean eta ebaluazioan. Pandemiaren ondorioek markatutako testuinguru honetan, eta pertsonalizazioan eta bizi kalitatean oinarritutako esku-hartze ereduak aldatzeko beharra gero eta gehiago onartzen den une honetan, “Gipuzkoak irmotasunez egiten du aurrera, gero eta gizarte inklusiboagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa lortzeko bidean” esan du diputatu nagusiak.
57 jarduketa gizarte inklusiorako
Bestalde, Maite Peñak, 2022-2026 Gipuzkoako Gizarte Inklusioko II. Elkar-EKIN Planaren helburuak eta edukiak banatzeaz arduratu denak, bi maila dituen plangintza izatearen garrantzia nabarmendu du: alde batetik, arreta eredua, helburuak, gomendioak eta orientazioak definitzen dituen esparru estrategikoa; eta bestetik, jarduera plan espezifikoak, bi urterako izaera dutenak, eta konpromisoak nahiz proiektu traktoreak jasotzen dituztenak.
“Bost urterako plangintza izateak badu abantaila bat, hau da, lurralde osoa epe ertain eta luzean orientatzea ahalbidetzen du”, adierazi du, eta erantsi du “lan oso sendo bati” esker, Gipuzkoak beharrezko tresnak dituela gizarte solidarioagoa, berdinzaleagoa eta inklusiboagoa lortzeko, pertsonen gizarteratzea arriskuan jartzen duten faktoreak ezabatuko dituena eta pertsona ahulenen gizarte inklusioa errazteko baliabide eta bitarteko egokienak jarriko dituena.
Horretarako, 20 helburu estrategiko eta 57 orientabide, gomendio eta gidalerro ezarri dira. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: pobrezia eta bazterketa prebenitzeko jarduerak, administrazio izapideak sinplifikatzea, laguntzeko programa espezifikoak bultzatzea, prestakuntza, esku-hartze komunitarioak diseinatzea, osasuna sustatzea eta erabiltzaileek inklusio politiken diseinuan parte hartzea. Gainera, gizarte inklusiorako laguntza publikoak indartu eta birbideratuko dira; erabiltzaileen parte-hartzea bermatuko da laguntzak, zerbitzuak eta prestazioak aukeratzerakoan; eta arreta berezia jarriko da gizarte bazterketako egoeran dauden emakumeengan eta patologia mental larriak dituzten pertsonengan.
Eskualdea erreferentzia gisa
“Horretarako, plan espezifikoak izango ditugu eskualde eta udalerrietan jarduteko, eta modu koordinatuan lan egingo dugu pobreziaren eta gizarte bazterketaren esparruan”, azpimarratu du Maite Peñak. Erreferentzia lokalagoa hartzen da, jarduketak integratuz Gipuzkoako hainbat udalerritan garatzen ari diren zainketen ekosistema lokaletan. Horrela bada, arreta, zainketa eta laguntza iraunkorren ikuspegi eta kudeaketa sozial eta soziosanitarioa errazten da maila desberdinetan.
Diputatuaren hitzetan, eskualdeen arteko koordinazioan aurrera egitea “erabakigarria” da, “gizarte bazterketaren arretaren eraginkortasunaren alde egitea da, zerbitzuak askoz eskuragarriagoak izan daitezen, eta pertsona gehiagorengana irits daitezen zorro-zerbitzuen bidez, bai eta prebentzioko programen, baliabideen eta jardueren bidez ere”.
3534