Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa LGTBI eskubideen alde Garapenerako Lankidetzaren bidez

Gipuzkoa LGTBI eskubideen alde Garapenerako Lankidetzaren bidez

Aldundiak eta Donostiako Udalak bat egin dute Méridako adierazpenarekin, mundu osoko LGBTI giza eskubideen arloan duten konpromisoa indartzeko.

2022/06/27
Méridako adierazpena

Helburua da herritarrak sentsibilizatzea LGBTI pertsonen giza eskubideen urraketen errealitateari buruzko hezkuntzan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria, Lankidetza eta Kirol Departamentuak, Donostiako Udaleko Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibiletako Zinegotzigoak eta Triángulo Fundazioak adierazpen bat sinatu dute munduko LGBTI giza eskubideen arloan duten konpromisoa indartzeko.

Adierazpen hori, Mérida aitorpena esaten zaiona, Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetzako diputatuak, Ane Oyarbide Donostiako Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibiletako zinegotziak eta Sergio Moreno Triángulo Fundazioko Euskadiko arduradunak sinatu dute.

Atxikimendu horren bidez, bai Aldundiak, bai Donostiako Udalak, konpromisoa hartu dute lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen berdintasunarekin; giza eskubideen aitorpenarekiko konpromisoa erakutsi dute, bai eta salaketa jarrera aktiboa ere herritar horiek kriminalizatzen jarraitzen duten herrialdeen aurrean. Horiei eskatzen diete arlo horretako araudi guztia indargabetzeko, bereziki nabarmenduta heriotza eta kartzela zigorrak eta LGTBI pertsonen elkartzeko eskubidearen debekua.

Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetzako diputatuak adierazi du: «Ekitatearen, gizarte berdintasunaren eta giza duintasunaren aldeko konpromisoa dugu. Gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen eskubideekin konprometitzen gara, baina baita giza eskubide guztiekin, justizia sozialarekin eta lurraren eta naturgunearen defentsarekin ere. Era guztietako ustiapen ekonomikoaren, kultura espoliazioaren, homogeneizazio ideologikoaren eta erlijio intolerantziaren aurka borrokatzen gara».

Bestalde, Donostiako Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibilen zinegotzi Ane Oyarbidek nabarmendu duenez, «Udaletik beti jo izan dugu lehentasunezkotzat LGTBI kolektiboaren giza eskubideen urraketaren errealitateari buruzko sentsibilizatzea, baina hemen egiten ditugun ekintzetatik haratago, garrantzitsua da gure gizartea ohartzea beste herrialde batzuetako arazoak ez direla arrotzak, eta haiekin partekatzen ditugula. Ez gara elkartasunaz ari, mundu-mailako desoreka bat konpontzeaz baizik».

Oyarbidek gaineratu duenez, «historikoki babestu ditugu komunitateak indartzea bultzatzen duten prozesuak, baina uste dugu beharrezkoa dela munduan LGTBI giza eskubideen arloan dugun konpromisoa indartzea, eta, horregatik, bat egin dugu Meridako adierazpen honekin, Donostiako Udalak lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexual berdintasunaren aldeko konpromiso esplizitua erakusteko».

Gaur egun, 76 herrialdek legez kanpokotzat jotzen dute oraindik ere sexu bereko bikoteen artean sexu harreman onartuak izatea pribatuan, eta horrek, praktikan, pertsona transak ere kriminalizatzen ditu. Herrialde horietako batzuek heriotza zigorrarekin zigortzen dituzte harreman horiek: Saudi Arabia, Mauritania, Sudan, Iran, Yemen, Pakistan, Afganistan, Brunei eta Qatar, baita Nigeriako eta Somaliako zenbait eskualde, eta de facto Irak, nahiz eta orain arte bere zigor kodean agertu ez.

Horrela, lesbianek, gayek, bisexualek eta intersexualek (LGBTI) larriki kaltetuta ikusten dituzte beren giza eskubideak bizitza pribaturako, osotasun pertsonalerako, giza duintasunerako, legearen aurreko berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako, justiziarako, hezkuntzarako, osasunerako, kulturarako eta lanerako, etxebizitzarako eta zirkulazio askatasunerako, eta oraindik ere jasaten dituzte gorroto krimenak edo aurreiritzi krimenak, tortura, tratu krudel, anker edo iraingarriak, eraso fisikoak eta hitzezkoak, gizarte gaitzespena, lege diskriminatzaileen aplikazioaren eragina, poliziaren jazarpena eta lege aitorpen eta babesik eza, besteak beste.

Era berean, Aldundiak eta Donostiako Udalak konpromisoa hartu dute Nazioarteko Lankidetzako beren tresnak eta lanabesak genero ikuspegia, sexu orientazioa eta genero identitatea eta gorputz aniztasuna kontuan hartuta zuzentzeko. Era berean, sustatuko dute ikuspegi hori nazioko eta nazioz gaindiko beste erakunde eta instituzio batzuek ere txerta dezaten.

  

3498