Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa MITMAren Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiako erreferente

Gipuzkoa MITMAren Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiako erreferente

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak Gipuzkoako bidegorrien eta bide berdeen berri eman du Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak antolatutako bide berdeek mugikortasun jasangarrian eta konektatuan betetzen duten zereginari buruzko topaketan.

2020/12/01

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua gonbidatu dute bide berdeek mugikortasun jasangarrian eta konektatuan betetzen duten zereginari buruzko web-mintegian parte hartzera. Ekitaldi hori Espainiako Trenbideen Fundazioko Bide Berdeen arloak antolatu du eta abenduaren 1ean egin da, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren 2030erako Mugikortasun Seguru, Jasangarri eta Konektatuaren Estrategiaren barruan egindako Elkarrizketa Irekien esparruan. Ministerioak bidegorrien eta bide berdeen foru-sistema azaltzeko eskatu dio Romero diputatuari. Sistema horrek 353 kilometro ditu, 100.000 biztanleko 49,5 kilometro, eta kopuru horrek erreferentzia bihurtu du Gipuzkoa nazio-mailan.

Datozen hamar urteetarako aurreikusitako estrategiaren barruan, Ministerioak Mugikortasunari buruzko Elkarrizketa Irekiak ezarri ditu, mugikortasunaren arloko eragileek, partaidetza-prozesu baten barruan, ekarpenak egin ahal izan ditzaten 2030erako Mugikortasun Seguru, Jasangarri eta Konektatuaren Estrategiak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko. Izatez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak modu aktiboan parte hartzen du partaidetza-prozesu horretan

Web-mintegi horretan esku hartu duenean, Romero foru-diputatuak aditzera eman duenez, “pandemia eragina izaten ari da gure mugikortasun-ohituretan; autoari lekua kentzen ari zaio, bizikletari eta, ondorioz, bidegorriei eta bide berdeei emateko; hartara, kutsadura murrizten duten eta birusaren aurrean mugikortasun osasungarria, aktiboa eta segurua bultzatzen duen joan-etorri mota sustatzen ari da”. Inguruabarrak baliatu behar dira herritarren ohituren aldaketa bizkortzeko eta bizikleta bidezko eta oinezko joan-etorriek protagonismo handiagoa hartuko duten mugikortasunerantz jotzeko.

Gipuzkoan, bizikletaren aldeko apustuak urteak daramatza indarrean, baina egungo egoeran herritarren artean zabaldu den segurtasunarekiko kezkak garraiobide horren erabilera indartu du, eta gure lurraldeak erakutsi du prest dagoela mugikortasun jasangarriago eta konektatuago baterako ohituren aldaketa hori bere egiteko. Horren adibide argia dira Mugi sistema eta Bidegorrien foru-sarea.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren 2030erako Mugikortasun Seguru, Jasangarri eta Konektatuaren Estrategiaren barruko ekitaldi honetan, Rafaela Romero diputatuaz gain, esku hartu dute: Mª José Rallo, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Garraio eta Mugikortasuneko idazkari nagusiak; Antonio Pérez Peña, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Garraio eta Mugikortasuneko Idazkaritza Nagusiko kideak; Laura Vergara, ConBici erakundeko koordinatzaile nagusiak; eta Jesús Benítez, Espainiako Trenbideen Fundazioko Aholkularitza Teknikoko eta Bide Berdeetako zuzendariak; besteak beste.
  

1607