Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa olatu gainera igo da kostaldeko xarmak erakusteko

Gipuzkoa olatu gainera igo da kostaldeko xarmak erakusteko

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Billabong eta Lufthansa-rekin Gipuzkoako kostaldearen bertuteak zabaltzeko «Surfing San Sebastian Region» proiektuaren barruan.

2018/11/09

Denis Itxaso: «Ekimen honek gure lurraldeak surf-helmuga gisa duen nagusitasuna finkatzeko aukera ematen digu, surfaren praktikarekin zerikusia duten gure kostaldeko baliabide, ekitaldi eta marka ugarien kokagunea indartuz».

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak sustatu du, Billabong kirol markaren eta Lufthansa airelinearen laguntzarekin, “Surfing San Sebastian Region” proiektua, eta horren helburua da San Sebastian Region-en Euskal Kostaldea sustatzea surfaren zaleentzako helmuga gisa.

 

Proiektuak ditu 2-3 minutuko 7 bideo labur -bideo bakoitza Gipuzkoako kostaldean surf egin daitekeen udalerri bakoitzari dagokio-, gehi 15 minutuko film labur bat.

 

Surfa sektore estrategikoa da Gipuzkoako lurraldearen zati batentzat, eta duela urte batzuetatik hona, sektorea profesionalizatzeko eta bere inguruan turismo industria bat sortzeko borondate argia dago. Gipuzkoako hiriburuan sektore horretan lanean ari den kluster bat dago, eta azken estimazioen arabera, surfak 8,3 milioi euro ematen dizkio tokiko BPGari, eta 6.500 turista inguru erakartzen ditu urtean. Hiriburuan eta San Sebastian Region-en Euskal Kostaldean, ehun bat enpresa daude surfarekin lotuta: eskolak, ingeniaritza enpresak, dendak eta mota guztietako zerbitzu osagarriak. Datu ofizialik ez badago ere, surfaren praktika bidaia-motibazio gisa agertzen da turismo bulegora joaten diren turista askorentzat (Australia, Kanada, Hego Amerika, eta Estatu Batuetakoak, eta baita ere Europakoak -Frantzia, Alemania eta Herbeherekoak, besteak beste-).

 

Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuak adierazi duenez «ekimen honek  gure lurraldeak surf-helmuga gisa duen nagusitasuna finkatzeko aukera ematen digu, surfaren praktikarekin zerikusia duten gure kostaldeko baliabide, ekitaldi eta marka ugarien kokagunea indartuz, eta turismoa sasoiz kanpo erakartzeko estrategia sendotuz; izan ere, kirol honen praktikarekin lotutako mugimendu turistikoa etengabea izaten da urte osoan zehar».

 

Mutriku-Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia, Hondarribia-Hendaia eta Biarritzen grabatu dira proiektuaren kapitulu laburrak. Udalerri horietako bakoitzean nazioarte mailako surflari bat egon da surf egiten. Bideoek, surfeko irudi ikusgarriez gain, helmuga turistiko erakargarrienak erakusten dituzte, bertako nortasuna, kultura eta gastronomia balioan jarriz. 

 

«Surfing San Sebastian Region» proiektuaren 7 bideo laburrak sare sozialetan erakutsiko dira, surflarien, Billabong enpresaren eta San Sebastian Region-en kanalen bitartez. Azken film laburra munduko surf jaialdi garrantzitsuenetan aurkeztuko da, Londresen, Australian, San Diegon, Balin, Kanadan eta Frantzian besteak beste, 2019ko urtarriletik aurrera. Halaber, Lufthansa hegazkin-konpainiarekin akordio bat dago airelinearen hegaldi transozeanikoetan ikus-entzunezkoa proiektatzeko.

  

1647