Langileen partaidetza ardatz duen Oxfordeko Unibertsitateko nazioarteko sinposio batean parte hartu du Gipuzkoak
Langileen partaidetza ardatz duen Oxfordeko Unibertsitateko nazioarteko sinposio batean parte hartu du Gipuzkoak
Langileen partaidetza ardatz duen Oxfordeko Unibertsitateko nazioarteko sinposio batean parte hartu du Gipuzkoak
Lurraldeko foru Ogasuna esperientzia aurreratu gisa izan da gonbidatua, alor honetan mundu mailan garrantzitsuenetakoa den foro batera.
Gipuzkoako Foru Ogasuneko ordezkaritza batek, Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatua buru duela, langileek enpresan duten parte-hartzeari buruzko nazioarteko sinposio batean parte hartu du atzo eta gaur. Topaketa hau Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egin da. Ekitaldia mundu mailako erreferentea da arlo honetan, eta benetako topagunea esparru horri lotutako lider, interes-talde eta nazioarteko erabaki hartzaileentzat. Hitzordua ESOP elkarte iparramerikarrak antolatu du, bere Employee Ownership Foundation-en bitartez, eta Fieldfisher aholkularitza eta Center on Business and Poverty zentroaren laguntzarekin. Foroak esperientziak partekatzea eta irtenbide berriak aurkitzea du helburu, enpresako langileen parte-hartzea munduan zehar hedatzeko.
Peronak azaldu duenez, Gipuzkoa esperientzia aurreratu gisa gonbidatu dute, baita gobernuko eta zergetako beste administrazio batzuetako ordezkariak ere, hala nola Erresuma Batua bera (erreferentzia da arlo horretan), Danimarka edo Kanada, eta Japonia, Eskozia, Australia eta Galeseko ordezkaritzek ere hartu dute parte. “Lurralde gisa, garrantzi handiko aitortza da topaketa honetarako gonbita jaso izana, munduko hitzordu esklusibo eta garrantzitsuenetako bat baita langileek enpresan parte hartzearen alorrean”, esan du foru diputatuak. Gaineratu duenez, Gipuzkoa bere zerga eskumena “zukutzen” ari da, mahai gainean zerga eskema erakargarria jartzeko, eta horrek alor honekin zerikusia duten nazioarteko eragileen interesa piztu du.
Horrela, foru-arduradunak gogorarazi du Gipuzkoa esparru horri ematen ari zaion bultzadaren adierazle nagusietako bat langileen parte-hartzea sustatzeko araudia dela. Foru Arau hori 2016ko abenduan onartu zen, eta urte horretako urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, atzeraeraginezko izaerarekin. Foru arau horrek horrelako eragiketetan parte hartzen duten bi aldeentzako abantailak planteatzen ditu.
Eroslearen kasuan (hau da, bere enpresan parte hartu nahi duen langilearen kasuan), %15eko kenkaria ezartzen du PFEZn gizonentzat eta %20koa, berriz, emakumeentzat. Kreditu fiskala 6.000 eurokoa da gizonen kasuan eta 8.000 eurokoa emakumeen kasuan. Pizgarria lau urtetan aplika daiteke, eta urteko mugak 1.500 eurokoak dira gizonentzat eta 2.000 eurokoak emakumeentzat. Saltzailearen kasuan, adin-muga 65 urtetik 60ra murriztu zen, eta salmentaren ondoriozko ondare-irabazia salbuetsita geratu zen (ez da horrela salmenta langileekin harremanik ez duen inbertsore bati egiten bazaio).
Ogasuneko diputatuak adierazi duenez, mekanismo fiskal horrek orain arte eman dituen emaitzak “bikainak” izan dira; izan ere, pertsonen kopuruak gora egin du urtez urte eta, beraz, neurriaren ibilbidearen balantze oso positiboa egin du. Orain arte ezagutzen diren azken datuak 2020 urtekoak dira eta, orduan, 579 pertsona sartu ziren beren enpresen jabetzan, 412 gizon eta 167 emakume, lurraldeko 87 enpresatan. Horien guztien artean, 2020an helburu horrekin egindako inbertsioa 9,5 milioi eurokoa da. Datu hauek, beraz, ekimen hau martxan jarri zenetik eman diren onenak dira.
Ogasuneko diputatuak nabarmendu duenez, pertsona horiek guztiek adierazi duten konpromisoa txalotu behar da, “ez bakarrik beren enpresarekin, baita lurralde osoarekin ere”. Zerga araudi hau indarrean egon den bost urteetako datu metatua ere bikainak dira, eta, gainera, urtez urte gora egiten dute erregistro guztietan. Guztira, bost ekitalditan, 1.738 pertsonak eskuratu dute 319 konpainia gipuzkoarren jabetza, Foru Ogasunak eskaintzen dituen pizgarri fiskaletan oinarrituta. Zehazki, 457 emakume eta 1.281 gizon dira, eta ia 26 milioi euroko inbertsioa egin dute guztien artean. “Gipuzkoan partaidetzaren kultura bultzatzea da funtsezko helburua, epe luzeko industria ikuspegia sustatuz”, azpimarratu du.
4458