Gipuzkoak pasa den urtean baino %4,8 gehiago bildu du urteko lehen bederatzi hilabeteetan
Gipuzkoak pasa den urtean baino %4,8 gehiago bildu du urteko lehen bederatzi hilabeteetan
Erakundeak ezohizko ahalegina egiten jarraitzen du itzulketen atalean, eta irailera arte pasa den urteko epe berean baino 282 milioi gehiago itzuli ditu.
Gipuzkoako foru Ogasunak 3.379,3 milioi euro jaso ditu urteko lehen bederatzi hilabetetan, Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur jakinarazi duenez. Pasa den urteko aldi berean baino 153,7 miloi euro gehiago dira, hau da, %4,8ko hazkundea. “Beraz, lurraldeko zerga bilketak datu onak ematen jarraitzen du, eta gure helburuaren bueltan jarraitzen dugu”, adierazi du foru arduradunak. “Beste behin ere, itzulketen atalean egiten ari garen ahaleginean jarriko nuke azpimarra: itzulketak azkartuta, gure ehun ekonomikoari likidezia ematen ari gara, egoera ekonomiko ezegonkor honetan inoiz baino beharrezkoagoa dutena”, gaineratu du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, orain arte orain arte, zerga nagusien bilakaera positiboa izan da, eta denek ere hazkunde nabarmenak erakusten dituzte. PFEZaren kasuan, %4,5 hazi da zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %3,3 egin dute gora. BEZari dagokionean, berriz, %2,7 hazi da bilketa, 23,3 milioi euro gehiago, nahiz eta aipatu bezala itzulketetan ahalegin berezia egiten ari den Gipuzkoako foru Ogasuna. Eta hirugarrenik, Sozietateen gaineko Zergak ere hazkundea erakusten du, %4,5 hazi baita pasa den urtearekiko.
Mendozak gogoratu duenez, aurreko hilabeteekin alderatuta, hazkunde mailak behera egin du Gipuzkoan, abuztura arte %6,4 ari baitzen hazten lurraldearen bilketa. “Honen arrazoia da batez ere itzulketen arloan Gipuzkoa egiten ari den ahalegina, hauek ahalik eta azkarren eginez. Guztira pasa den urtean baino 282 milioi euro gehiago itzuli dira, hau da, %27,9 gehiago”, esan du. Nabarmendu duenez, ahalegin hau bi zergetan ari da islatzen batik bat: BEZan, %22,1 gehiago itzuli du Ogasunak, 122,8 milioi gehiago; eta Sozietateen gaineko Zergan, 70,1 milioi gehiago itzuli dira. “Itzulketen azkartze honen bitartez, gure enpresa eta autonomoei likidezia eman nahi diegu, egoera ekonomikoa ezegonkorra den honetan. Neurri oso garrantzitsua da eta ikusten duzuen bezala zifrak sekulakoak dira, eta ehun ekonomikoak asko eskertzen digu laguntza zuzen hau”, adierazi du Mendozak.
Foru bozeramaileak adierazi duenez, eta aurrera begira jarrita, Ogasuna, “beti bezala, zuhurtziaz ari dela lanean”. “Agertoki ekonomikoa ezegonkorra da oro har eta, beraz, datozen hilabeteetan gertu-gertutik jarraitu beharko dugu ekonomiaren bilakaera, honek zuzeneko isla izango baitu zerga-bilketan”, esan du. “Ogasuna dena ematen ari da ekonomia laguntzeko eta krisialdiaren aurrean zaurgarrienak direnak laguntzeko: batetik, itzulketen eragina nabarmena da gure zerga bilketan; eta bestetik, zaurgarrienak babesteko neurriak hartu eta hartu ari gara”. Azken honen adibide, pasa den ostiralean euskal erakundeek iragarri zituzten neurriak, %2ko deflaktazio berria eta 200 euroko kenkaria. “Neurri hau eta uztailekoa batuta, 146 milioi euroko eragin zuzena herritarren mesedetan, eta lau eurotatik hiru, 35.000 euro baino errenta txikiagoa dutenentzat doaz”, esan du. Aurrera begira, Mendozak azaldu du zaurgarrienak babestea eta ekonomia izango direla Aldundiaren lehentasun nagusiak, eta hor, “Ogasuna zein Aldundia herritarrei zein jarduera ekonomikoak egiten dituztenei laguntzen jarraitzeko prest egongo da, orain arte egin dugun bezala”.
Adimen artifiziala
Bestalde, Kontseiluak onartu du Euskal Herriko Unibertsitateari 58.280 euroko dirulaguntza ematea. Laguntza honen helburua Donostiako Informatika Fakultatean abian dagoen Adimen Artifizialeko Graduak behar duen datuak prozesatzeko zentroaren bigarren faseari dagozkion inbertsioak finantzatzen laguntzea da. Mendoza bozeramaileak azaldu duenez, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren aterkipean kokatzen da foru erakundeak gaur onartu duen laguntza hau.
“Etorkizuna lantzea eta etorkizuneko Gipuzkoa gaurtik eraikitzea Etorkizuna Eraikiz foru ekimenaren lehentasun nagusietakoa dira. Ahalegin honetan, gure lurraldeko gizartearekin elkarlanean ari gara momentu oro”, gogoratu du foru arduradunak. Gaineratu duenez, gure gizartea bizitzen ari den eraldaketa prozesu orokorraren testuinguruan, “informatikaren balioa eta bere ezinbestekotasuna aldarrikatu beharra dago gaur egungo bizitzan”. Eta, testuinguru horretan, nabarmendu du lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko ezberdinek bultzatzen dituzten proiektu berritzaileak babesteko “erabaki irmoa” hartu duela Foru Aldundiak. “Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2020/2021 ikasturtean martxan jarri zuen Adimen Artifizialeko gradua bete-betean kokatzen da nahi horrekin, Gipuzkoako lurraldea arlo horretan erreferente bilakatuko duena estatu mailan. Dirulaguntza honek, zehazki, Adimen Artifizialeko Graduak behar duen datuak prozesatzeko zentroaren egin beharreko inbertsioa jakin batzuk finantzatzen lagunduko du”, argitu du.
4163