Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako gizartea sendo ari zaio erantzuten Covid-19 gaitzaren krisiari

Gipuzkoako gizartea sendo ari zaio erantzuten Covid-19 gaitzaren krisiari

Adinekoek egoitzak desinfektatzeko lanak areagotu ditu Aldundiak, eta suhiltzaileak lau egunean garbituko dute zentro bakoitza

Gipuzkoako Foru Aldundiko foru bozeramaile den Eider Mendozaren hitzetan, Gipuzkoa Eredua “bere indarra” erakusten ari da Covid-19 gaitzak sortu duen osasun, gizarte eta ekonomia arloko krisiari ematen ari zaion erantzunean. Lurraldeak bere duen eta aberastasuna sortu eta gizarte babesa uztartzea oinarri dituen eredu sozial eta ekonomikoa da Gipuzkoa Eredua. “Eredu sozioekonomiko honi esker, lurralde orekatu eta komunitate kohesionatua dauzkagu, eta horregatik Gipuzkoa, gizarte bezala, sendo ari zaio erantzuten krisiari. Sistema funtzionatzen ari da eta emaitzak hor daude, guztiok ikusi ditzakegu”, adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du indartzea suhiltzaileek egiten dituzten adinekoen egoitzetako desinfekzio lanak. Orain arte, zazpi egunetik behin desinfektatzen genituen Gipuzkoako egoitza guztiak, eta orain lau egunean behin egiten hasiak gara. “Neurria, Covid-19 gaitzari aurre egiteko Gizarte Politika arloan martxan daukagun Txoke Planaren testuinguruan kokatzen da, eta birusaren hedapenari aurre hartzeko helburuari erantzuten dio”, azaldu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak. Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur bideokonferentzia bidez, gaurko Gobernu Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko.

            Mendozak azaldu duenez, adinduen egoitzetara 5 edo 6 laguneko taldeak ari dira joaten, eta 3 edo 4 ordu ematen dituzte bertan. Zona komunak, korridoreak, sarrerak, ateak… desinfektatzen dituzte, horretarako hipokloritoa oinarri duen soluzioa erabiliz, fumigadoreen eta eskuzko garbiketaren bitartez zabaltzen dutena. Ondoren, logelak enpresa espezializatu batek desinfektatzen ditu. “Pasa den astetik, desinfekzio lan gehienak gauez egiten ari gara, 21.00etan edo 23.00etan. Ordu horretarako, egoiliar guztiek afalduta eta beraien logetara erretiratuta daude. Ondorioz, suhiltzaileek libre dituzte desinfektatzen dituzten espazio komun horiek, eta egoiliarrei ez die inongo eragozpenik eragiten hauen lanak”, adierazi du.

Ahalegin honetan Aldundia beste eragileekin egiten ari den elkarlanean ere jarri du azpimarra Mendozak. Bereziki,  Donostiako suhiltzaileen eta DYAren lankidetza nabarmendu ditu, zentroetako batzuk desinfektatzen ari baitira hauek ere.  “Eta honela ez, erakunde honen esker ona adieraztea Gipuzkoako suhiltzaileei, ezohizkoa den jarduera honetarako erakusten ari diren prestatutasun eta eraginkortasunagatik, bai eta Txoke Planaren testuinguruan birusaren hedapena geldiarazteko lanean buru belarri ari diren guztiei. Aldundiak beti esan izan duen moduan, eskura dituen baliabide guztiak ari da jartzen Covid-19 gaitzari aurre egiteko”, aldeztu du bozeramaileak, birusaren hedapenari aurre egiteko indarrak batzera dei eginez.

 

Errentaren lehen eguna

2019ko Errenta kanpainako lehen datuen berri ere eman du Mendozak. Atzokoa izan zen, hain zuzen ere, autolikidazio proposamenak onartzeko lehenengo eguna. Ezagutzera eman duenez, lehen 24 ordu hauetan 37.405 proposamen onartu dira, hau da, prestatu diren eta bidaltzen ari diren 257.714 proposamenetatik %14,5. Onartu direnetatik, 33.131 itzultzera dira (38,1 milioi euro) eta 4.274 ordaintzera (3,5 milioi euro). Honela, pasa den urteko kanpainan baino %18,7 aitorpen gehiago onartu dira, azken urtetan jazo den hazkunderik handiena. Aitorpen proposamenak onartzeko epea uztailaren 29 arte dago irekita.

Mendozak gogoratu duenez, kanpainan zehar aurkezten diren aitorpen guztien %65 inguru proposamen bidez egiten da. “Hau da, Ogasunak egiten du aitorpena, eta zergadunari igortzen dio, honek bere oniritzia emateko”, azaldu du. Foru erakundea egun hauetan ari da Gipuzkoako etxeetara autolikidazio proposamenak bidaltzen edo, bestela, proposamenak web orrian ere badaude ikusgai.

Proposamena dagoen bezala onartu daiteke, edota aldaketekin. Hauek lirateke aldatu daitezken kontzeptuak: etxebizitzen alokairuen etekinak; lokalen alokairuen etekinak; ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria; dohaintzen kenkaria; eta sindikatuen kuoten kenkaria. Bi modu daude proposamen hauei onarpena emateko: internet bidez, www.gipuzkoa.eus/ogasuna/propuesta helbidean; Edota telefonoz, 943 11 30 00ra deituta. Telefonoaren ordutegia, aldaketarik gabe BADA, 8.00etatik 20.00etara da, eta aldaketekin, 8.00etatik 15.00etara. NAN eta autolikidazio proposamenean agertzen den kodea beharrezkoak dira onartu ahal izateko.

Errenta mekanizatua dagokionean, Mendozak gogoratu du datarik gabe atzeratu dela, “egoera normaltzen den arte”. Beraz, gomendioa da hirugarren modalitatea erabiltzearena, internet bidez aurkeztearena, Zergabidea plataforma erabiliz.             Hirugarren modalitate hau, internet bidezkoa, apirilaren 15ean hasiko da, Aste Santu ostean. “Plataforma sartzeko B@k kodigoa eskuratzeko prozedura telematikoa jada prest daukagu, eta aitorpena beste pertsona batek aurkezteko ordezkaritzako emateko prozedura ere modu telematikoan jarriko dugu. Beraz, gaur da eguna non aitortzaileak etxetik mugitu gabe beraien aitorpena aurkezteko aukera daukatela. Pertsonen mugimendua 0 izan daiteke eta paper mugimendua ere bai. Gure partetik, herritarrak animatu nahi ditugu pausua ematera”, adierazi du.

 

Turismoko laguntzak

Bestalde, eta pasa den astean iragarri bezala, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du 100.000 euroko zuzkidura duen dirulaguntza lerro berri bat, zerbitzu turistikoen sektoreko autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta dagoena, Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egin ahal izateko. Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte turismoko agentzia hartzaileek, gida turistikoek eta turismo aktiboko enpresek, baldin eta gutxienez 6 hilabeteko antzinatasuna frogatzen badute aipatutako jardueretan.

“Programa horren bidez, Aldundiak turismo negozio berriak bultzatzeko programa berrituko du, eta turismo ekimen txikien egitura eta zirkulatzaile gastuak ordaintzen lagunduko du. Izan ere, pandemiak eragindako alarma egoeraren ondorioz, gastu horiek ezin dira enpresaren jardueraren xede diren turismo zerbitzuen salmentan jasanarazi”, azaldu du bozeramaileak. Egotzitako gastuak urtarrilaren 1etik alarma egoera amaitu eta hilabete geroago artekoak izango dira. Emango den laguntzaren gehieneko zenbatekoari dagokionez, gehienez 2.000 euro emango dira enpresa bakoitzeko, autonomoa bada eta bere kargura langilerik ez badu; gehienez 3.500 euro, enpresak 2 edo 3 langile baditu; eta gehienez 5.000 euro, enpresak 4 langile edo gehiago baditu.

Deialdiaren informazioa Aldundiaren dirulaguntzen atarian egongo da eskuragarri -www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak-. Eskabideak, gainerako agiriekin batera, Internet bidez aurkeztu beharko dira, foru erakundearen egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atari horretara sartuta eta horretarako eskuragarri dagoen inprimaki espezifikoa beteta. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2020ko uztailaren 1ean amaituko da.

            Mendozak esan du laguntza deialdia “presazko neurria” dela, turismoaren sektoreari laguntzeko, eta azken egunetan, pandemiaren eraginaren diagnostiko partekatua egiteko eta hura arindu dezaketen ekimenak aztertzeko eragileekin izandako bilera eta elkarrizketen ondorio dela. “Bereziki larria da eragin hori turismoaren kasuan, jarduera bat-batean gelditu delako mugimendu murrizketaren eta muga itxieraren ondorioz, eta diru sarrerak lortzeko Aste Santua bezalako data oso garrantzitsuetan iritsi delako, negozio askoren biziraupena zailduz. Hortik gaur onartzen duguna bezalako laguntzen garrantzia”, amaitu du.

  

1785