«Talentua sustatzea eta erakartzea funtsezkoa da gure industriarentzat, baita krisitik ateratzeko orduan ere»
«Talentua sustatzea eta erakartzea funtsezkoa da gure industriarentzat, baita krisitik ateratzeko orduan ere»
«Talentua sustatzea eta erakartzea funtsezkoa da gure industriarentzat, baita krisitik ateratzeko orduan ere»
Gipuzkoa Talent Forum topaketak aukera emango du, gaurtik ostegunera arte, Gipuzkoako 36 enpresa inguru eta atzerrian eskarmentu handia duten 260 profesional baino gehiago elkartzeko
Nazioartean eskarmentu handia eta kualifikazio maila handia duten 260 pertsona baino gehiagok lurraldeko 36 enpresek eskaintzen dituzten lana eta lan aukerak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute aste honetan, Gipuzkoa Talent Forum-en bosgarren edizioari esker. Aurtengo edizioa gaur hasi eta ostegunera arte luzatuko da. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuarekin batera, hasiera ofiziala eman dio topaketari, eta modu telematikoan egingo da lehen aldiz, pandemia dela eta.
"Talentua sustatzea eta erakartzea ezinbestekoa da gure industriaren eta, oro har, gure sare ekonomikoaren etorkizunerako, baita krisitik ateratzeko orduan ere", defendatu du diputatu nagusiak; izan ere, ezinbestekoa da "kanpoan lan egitera ohituta dauden langile kualifikatuak eta espezializatuak" izatea, Gipuzkoako enpresek "epe ertainean lehiakorrak" izaten jarrai dezaten eta egungo munduak planteatzen dituen "erronka ugariei" aurre egin diezaieten. “Prozesuak digitalizatzea, trantsizio energetikoa bultzatzea, eta merkatu berrietara irekitzea, besteak beste, erronka handiak dira, eta erronka horiei aurre egin behar diegu Gipuzkoako giza potentzial guztia garatuz eta gure lurraldera beste profesional batzuk erakarriz”, gaineratu du.
Zentzu horretan, Olanok esan du talentua bultzatzea "kalitatezko enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren aldeko apustua" dela, bereziki "egokia", COVID-19 pandemiak sortutako egoeran. Zehaztu duenez, egungo krisiaren "kudeaketa dualaren" esparruan, Aldundia lanean ari da enpresei "beren premia larrienetan" laguntzeko, eta, era berean, "lehentasun nagusitzat" mantentzen du industriaren "lehiakortasuna" finkatzea, "pertsona guztiek, batez ere gazteenek, beren proiektu profesionala eta bizi proiektua Gipuzkoan garatu ahal izan ditzaten".
Diputatu nagusiak Gipuzkoa Talent Forum-eko parte hartzaileei azaldu die COVID-19ak sortutako egoera oso zaila dela eta ziurgabetasun globalak ikaragarriak direla, baina, hala ere, lurraldeak industriaren aldeko apustu irmoa egiten jarraituko duela, arazoak izan arren, bere dinamismoari eusten dion enpresa sare bati esker. Gogorazi duenez, estrategia industrial horrek "etorkizuneko sektoreen" aldeko apustu "sendoa" egingo du –hala nola, osasunaren eta biozientzien, fabrikazio aurreratuaren eta mugikortasun berriaren aldekoa –, "ikerketa eta berrikuntza indartzearen aldekoa" eta "pertsona ardatz duen enpresa eredu baten aldekoa". Hori dela eta, "erronka horien guztien partaide" izan daitezen animatu ditu, beraiek direlako "Gipuzkoaren etorkizuna".
Bestalde, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustatzeko diputatuak talentua "ikuspegi integral batetik" lantzearen alde egin du. “Gure enpresek profil espezializatuak eta kualifikazio handikoak behar dituzte, eta eskari horri erantzun behar diogu, STEM bokazioak indartuz, besteak beste. Baina talentua da, halaber, lankidetzan aritzea eta elkarlana sustatzea; berrikuntzarako joera izatea; ekiteko eta proiektu berriak abian jartzeko gaitasuna izatea; edo proiektuarekin eta lurraldearekin konprometituta egotea. Talentuak eta balioek elkarrekin joan behar dute. Ezin da pertsonengandik bereizi, horiek baitira gure lehiakortasunaren eta ongizatearen motorra. Eta pertsona ekonomiaren erdigunean jartzen dugun bezala, Gipuzkoan pertsonan oinarritutako enpresa-eredu bat indartu behar dugu, bereizten gaituen eredua, alegia", azaldu du.
Topaketa irekitzeko gaurko ekitaldian, halaber, gipuzkoar jatorriko hiru profesionalek beraien testigantza eman dute; profesional horiek kanpoan garatu dituzte beren karrerak, baina Euskal Herrira itzuli ahal izan dira Gipuzkoa Talent-i esker. Hauek dira profesional horiek: Teresa Sanchez, Estatu Batuetako egonalditik itzuli ondoren, gaur egun Zucchetti Group taldearentzat egiten du lan; Ane Arzamendi, Alemanian bere karrera utzi eta Irisbond taldean sartu da; eta, azkenik, Mikel Eizagirre, Austriatik itzuli eta gero, Orbea enpresan egiten du lan gaur egun.
Edizio telematikoa
Aurreko edizioetan ez bezala, bosgarren edizio hau lau egunetan egingo da, hilaren 14tik 17ra, sektore estrategikoen arabera egituratuta. Gaur, astelehena, makina-erremintaren txanda izango da; bihar, asteartea, biozientziena eta ikerketarena; asteazkenean, ITC eta teknologiarena; eta ostegunean, industria orokorrarena. Eskema berbera izango da jardunaldi guztietan: lehenik eta behin, solasaldi bat egingo da, eta bertan parte hartzen duten enpresetako batzuek eskatzen dituzten profilak azalduko dituzte, baita talentuari buruz duten ikuspegia ere. Solasaldi hori streaming bidez emango da. Ondoren, profesionalen eta enpresen arteko topaketak hasiko dira modu telematikoan, eta, horretarako, Aldundiak plataforma digital bat prestatu du. Elkarrizketak inskripzioaren ordenan egingo dira, gipuzkoatalent.eus webgunean.
Lehenengo solasaldi sektoriala, Gipuzkoarentzat enblematikoa den makina-erremintaren esparruan zentratua, AFMko zuzendari nagusia den Xabier Ortuetak moderatu du. Hauek izango dira hurrengo solasaldien moderatzaileak: Maria Pascual de Zulueta, Basque Health Clusterreko zuzendari nagusia; Ane Insausti, Mubil-eko zuzendari nagusia; eta Iñigo Larrea, Talentua Kudeatzeko alorreko zuzendaria Mondragon Korporazioan.
Gipuzkoa Talent estrategia
Lurraldeko 1.260 gaztek baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoa Talent Forum-en orain arteko bost edizioetan, eta talentuaren eta lurraldean errotutako konpainien profilen eskaera berriaren arteko topagune gisa finkatu da. Aurtengo edizioan izena eman duten pertsonei dagokienez, % 64k 25 eta 35 urte artean ditu, eta 19 herrialdetan lan egiten dute, besteak beste, Erresuma Batuan (% 26), Alemanian (% 20,8) eta AEBetan (% 9,1). % 49,7k hiru urte edo gehiago daramatza Gipuzkoatik kanpo, eta % 65ek epe laburrean itzultzeko interesa du (bi urte baino gutxiago). Industria izan da interes handiena piztu duen sektorea, eta, ondoren, ITC eta teknologia.
Ekimen hori Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Talent estrategiaren barruan kokatzen da, lurraldeko enpresa eta erakundeetan talentua erakartzeko, sortzeko eta atxikitzeko helburuarekin. Gipuzkoa Talent Forum topaketaz gain, ekitaldi hauek ere egiten dira, besteak beste: Talentia Skills programa, unibertsitateko 600 ikasleren zeharkako konpetentzia garatzen lagundu duena; Fellows Gipuzkoa, goi mailako talentu ikertzailea lurraldeko sarera erakartzeko; hainbat dirulaguntza eta laguntza Gipuzkoan talentua sortu eta sendotzeko, urtean 3 milioi euroko zuzkidurarekin; eta Gipuzkoa Talent bulegoa, azken hiru urteetan, 20 herrialde desberdinetatik etorritako 117 pertsona lurraldeko 35 enpresa eta zentro baino gehiagotara erakartzea lortu duena.
1772