Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa, etorkizuneko lurralde

Gipuzkoa, etorkizuneko lurralde

Aldundiak bere erantzukizunari eusten dio Gipuzkoa liderra izan dadin eremu horietan guztietan, baina erronka itzelak dira, denok elkarrekin heldu behar digunak, erakundeok eta gizarteak.

Pierre Bordieau frantziar soziologoak horrela esan zien behin bere lankideei: «jendeak eskatzen dizue profeta sozialak izateko. Bada, nik animatzen zaituztet zuen baitako profeta horri aurre egitera». Bordieauk mintzagai zuen etorkizuna iragartzeko joera hori, hain gizatiarra, hainbestetan soziologoei eskatzen zaiena, baina orobat eskatzen zaiena ordezkari politikoei. Izan ere, iruditu ohi zaigu gure gizarteen etorkizuna ehuneko ehun iragarri daitekeela, are gehiago, patu saihestezin bat dela. Ahazten dugu herritarrok garela -eta ordezkari politikook- gure gizarteen etorkizuna eraikitzen dugunak gure eguneroko erabakiekin.

Duela hiru urte, Gipuzkoako Aldundiaren gobernura iritsi ginenean bigarren aldiz, erronka zail bat genuen gure aurrean: Gipuzkoa harrapatuta zuen giro epeldu bat eraldatzea. Paralisi eta etengabeko polemiken testuinguru batek gipuzkoar gizartea iraganeko eztabaidatan iltzatzen zuen. Motxila astun bat zen, arazo eta proiektu estrategikoz betea; eta arazo eta proiektu horiek ebatzi egin behar ziren lurraldeak behar bezala funtzionatuko bazuen eta garatuko bazen, zeren eta, zoritxarrez, ebazteke baitzeuden. 

Zama hori, bada, arindu dugu pixka bat azken urteotan, Gipuzkoako Aldundiari esleitzen zaizkion lidergoa eta erantzukizuna gure gain hartuz. Deskargako obrak berrabiarazteak, esaterako, ahalmen handiko errepideen Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko aukera emango du, datorren urtean. Halaber, 2019an azpiegitura berriak izango ditugu hondakinak kudeatzeko, eta horrek behin betiko ebatziko du zaborren auzia. Eta ezin dugu ahaztu guztion ahaleginean izan dugun rol aktiboa gure ekonomia berraktibatzeko eta hobekuntza ekonomikoa etxe guztietara iristeko, edo lehen esku-hartzeak sustatzeko Pasaialdea eraldatzeko.

Alabaina, aurretik ere badiren arazoak konpontzea ezin da izan ardura politikoaren zeregin bakarra. Egungo mundu hau etengabe aldatzen ari da, eta horrek eskatzen digu, inoiz baino gehiago, azter dezagun gure gizarteak bizi duen eraldaketa sozio-ekonomiko sakona, eta eskatzen digu unean uneko egoerari aurre har diezaiogun, hartara gure gizartearen ongizatea bermatzeko. Izan ere, premiazko arazo horiek bideratuta, Gipuzkoa etorkizunari begiratzeko moduan dago orain, betiere Bordieuk gaitzesten zuen «profeta soziala»ren jarreratik urrunduta.

Berriki egin den inkesta batean, gipuzkoarrei galdetzen zitzaien norainoko ziurtasunik eza zuten beren eta gertukoen etorkizunaren inguruan, eta kezka maila 8,26 zen 10en gainean. Etorkizunak kezkatzen gaituela begien bistakoa da beraz, eta hala da, ziurrenik, azken krisi ekonomikoaren ondorioz. Eta ez da espero, gainera, ziurtasunik eza desagertzea. Errealitate aldakor horren aurrean, XXI. mendeko lehen zati honetan agertzen zaizkigun galdera horien guztien aurrean, esku hartu behar dugu erabakitzeko zer etorkizun nahi dugun. Gero ere Gipuzkoa lurralde lehiakor izan dadin ekonomian, eta orekatua sozialean.

Zer arreta mota eman nahi diegu gure adinekoei, azkar batean zahartzen ari den gizarte honetan? Zer tresna jarriko ditugu mahai gainean bizitza profesionala eta pertsonala uztartzeko? Zer egin behar dugu gizon eta emakumeen arteko berdintasuna egiazkoa izan dadin eta indarkeria matxista gure gizartetik baztertzeko betiko? Nola berritu dezakegu gure hizkuntza politiketan gure gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko? Nola sustatu dezakegu gure industria digitalizaziora eraldatu dadin? Zer aukera eskainiko dizkio gure industriari elektromugikortasuna zabaltzeak?

Galdera horien aurrean, bi dira aukerak. Erresistentzia jarrera bat hartu eta ukatu gure gizartean gertatzen ari diren aldaketen sakontasuna. Edo eraldaketa hori aztertu, norberaren erantzukizuna onartu eta, gaurtik hasita, etorkizuneko Gipuzkoa eraiki. Gipuzkoa, etorkizuneko lurralde. Aldundiak bigarren jarrera horri heldu dio. Etorkizuna Eraikiz programaren bidez, erronka horiei aurre egiten saiatzen ari gara modu berritzaile, partekatu, esperimental eta abangoardiako batekin. Izan dadila Gipuzkoako gizartea etorkizun hori definitu eta menderatzen duena, nagusi diren joerek gu definitu eta menderatu ordez.

Kasu askotan, aipatzen ditugun erronkak orobat dira Euskadiren eta Europaren errealitatearen erronkak. Mediterraneo inguruan bizi den krisi humanitario larriak gogorarazten digu tresnak sortu behar ditugula migratzaileak gure auzo, herri eta hirietara iritsi eta lanpostu bat aurkitu dezaten, hartara gizarteratzeko modua izan dezaten. Berdintasun sozialik eza mehatxu da orekarentzat eta justizia sozialarentzat, eta, testuinguru horretan, neurriak hartzen jarraitu behar dugu desberdintasun sozialek ez dezaten lekurik izan gure gizartean. Zorionez, Gipuzkoa gizarte kohesionatu bat da, elkartasuna erroturik du, eta gizarte zerbitzu aurreratuak ditu. Orain arte, aurre egin diogu berdintasun ezari, baina modelo hori indartzen jarraitu behar dugu.

Hori da helburua. Lan egitea Gipuzkoa izan dadin Europan desberdintasun gutxiena duen lurraldea. Oinarri hartuta ekonomia sendo eta lehiakor bat, industria aurreratu baten gainean eraikitzen dena, kalitatezko lanpostuak eskaintzen dizkiena gure lurraldean bizi diren pertsona guztiei.

Etorkizuneko erronka horiei guztiei aurre egiteko guk hautatu dugun bidea, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren bidez, bide bikoitz horretan oinarritzen da. Alde batetik, esperimentazioaren bidea: esperientzia aitzindariak abiaraztea, aukera emango digutenak ondorio zehatzak ateratzeko, hartara prozesu eraldatzaileak lurralde osora zabaltzeko. Beste aldetik, lankidetza gizarte antolatuarekin.

Aste honetan bertan, EHUko Udako Ikastaroetan, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren lehen esperientzia aitzindarien emaitzen berri eman dugu. Besteak beste, kontziliazioaren eta berdintasunaren alorreko 20 esperientzia aitzindari aurkeztu dira, beste horrenbeste enpresetan burutu direnak. Esperimentazio prozesu batek 2.500 pertsonari eragiten die jada, eta, gainera, Gipuzkoako 380 konpainien interesa piztu du, prozesua gertutik jarraitzea eskatu baitute. Kasu batzuek balio izan dute enpresaren soldata tartea murrizteko; bete batzuetan, berriz, lortu da emakume gehiago izatea zuzendaritza postuetan. Horra esperientzia hauetan gauzatu diren emaitza batzuk. Jakina, esperientzia horiek ezartzen jarraituko dugu gure lurraldeko enpresetan.

Kontziliazioa eta berdintasuna sustatzea, langileen partaidetza, zahartze osasuntsua, zibersegurtasuna, euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza, gizarteratzea, elektromugikortasunaren industria... Ez dira erakunde edo ordezkari politiko batek bakarka helduko dituen erronkak.  Aldundiak bere erantzukizunari eusten dio Gipuzkoa liderra izan dadin eremu horietan guztietan, baina erronka itzelak dira, denok elkarrekin heldu behar digunak, erakundeok eta gizarteak. Etorkizuna elkarrekin eraikitzen jarrai dezagun, inor atzean geratu gabe.

 

 

  

1633