Gipuzkoak 358 milioi azaleratu zituen iruzurragatik 2015ean
Gipuzkoak 358 milioi azaleratu zituen iruzurragatik 2015ean
Gipuzkoako Foru Ogasunak zenbaketa irizpidea garbitu du, lurraldeko iruzurraren errealitatea hobeto isla dezan
Gipuzkoako foru Ogasunak 357,7 milioi euro azaleratu zituen 2015ean, zerga iruzurraren aurkako lanaren ondorioz, gaur Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, azaldu duenez. Azaleratutako kantitatearen zatirik handiena Sozietateen gaineko Zergari dagokio (180 milioi). Ondoren Balio Erantziaren gaineko Zerga (82 milioi euro), Pertsona Fisiken Errentaren gaineko Zerga (69 milioi) eta beste zerga batzuk (27 milioi euro) kokatzen dira. Zenbakiok aurreko urtekoen oso antzekoak dira. “Orokorrean, datu onak dira”, esan du foru diputatuak.
Larrañagak eta Ogasuneko foru diputatuak, Jokin Peronak, agerraldi publikoa eskaini dute Gobernu Kontseiluari kontu honen inguruan berri eman ostean. Ogasun eta Finantza departamenturen arduradunak azaldu duenez, hobekuntzak sartu dira iruzurraren aurkako lanaren bitartez azaleratutako diru kopuruak zenbatzerako orduan, “errealitatea ahalik eta hobekien isla dezan”. Honen ondorioz, azken bost urtetan, urteko 70 milioitan zuzendu da azaleratutako zifra.
Foru diputatuak adierazi duenez, erabakia iruzur fiskalaren aurkako lanean ematen den “etengabeko hobekuntzaren” baitan kokatzen da. “Gakoa informazio ona izatea da, gero erabaki egokiak hartu ahal izateko. Ezinbestekoa da oinarri hau izatea iruzur fiskalaren aurka eraginkorrak izan nahi badugu”, defendatu du. Bere ustetan, errealitatearekin bat datorren informazioa izatea, baliabideen kudeaketa helburuetara bideratuta egotea eta norabidea emaitzen arabera zehaztea jarrera hauen aurkako lanean ezinbesteko puntuak dira. Zentzu honetan, aurreratu du foru Ogasunak apirilean aurtengo iruzur fiskalaren aurkako Egiaztapen Plana aurkeztuko duela.
Peronak, bere aldetik, azaleratutako zorraren kontabilitatean zegoen zenbaketa bikoitza garbitu dela azaldu du. “Alde batetik azaleratutako zorra dugu, eta bestetik, kobratzeko arazoak ditugun kopuruak, orain arte berriro ere azaleratutako zor bezala zenbatzen zirenak”, adierazi du. “Hori dela eta, uste dugu garbiketa honen ondorioz iruzurraren aurkako lanaren bitartez azaleratutako zenbatekoa gardentasun gehiagorekin islatzen dela”, nabarmendu du.
Azkenik, Larrañagak iruzur fiskalaren aurka lanean jarraitzearen alde egin du, gizartearen aurrean iruzur fiskalari zilegitasuna kentzeko. “Oso garrantzitsua da honetan tematzea, ezinbestekoa da gizarte aurreratua izatera iritsi nahi badugu”, defendatu du. Kontua, azaldu duenez, zenbait jokabide zigortzea da, “baina baita hauek zuzendu eta kanpoan geratu dena berriro sisteman sartzea ere”. Zentzu honetan, Ogasunarekin zorretan daudenen zerrendaren argitalpena bezalako neurriak aipatu ditu, urtearen bigarren seihilekoan gizarteratzea aurreikusten dena.
2265