Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak, aho batez eta “DenokZu” lemapean, indarkeria matxista gaitzetsi du

Gipuzkoak, aho batez eta “DenokZu” lemapean, indarkeria matxista gaitzetsi du

Aldundiak, Batzar Nagusiak eta udalak elkarretaratzea egin dute emakumeen aurkako indarkeria salatu eta hauei babesa adierazteko

2017/11/25

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Batzar Nagusiak eta Donostiako Udalak, beste hainbat erakundeen artean eta herritarrekin batera, “DenokZu” lemapean elkarretaratze bateratua egin dute emakumeen aurkako indarkeria matxista gaitzesteko eta biktimak diren emakumeei babesa adierazteko. Erakunde ezberdinetako ordezkaritza zabala gerturatu da gaur Gipuzkoa plazara, Markel Olano diputatu nagusia buru zela. Bertan, bost minutuko isilunea egin dute, indarkeri mota guztiak jasaten duten emakumeei elkartasun mezua igortzeko.

Bertaratu diren guztiek lila koloredun eskumuturrekoa jantzi dute, “DenokZu” sentsibilizazio kanpainaren euskarri fisiko berria dena, eta “Orain Berdintasuna, DenokZu” mezua daramakiena. Kanpaina hau iaz aurkeztu zen Aurre!, Emakumeen aurkako indarkeria gainditzeko Erkidegoko lehen Foru Planaren baitan kokatzen da. Egitasmo honek biktimei arreta eskaintzeaz gain, formazio, ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa ere kontuan hartzen ditu. Indarkeria matxista kasuen aurrean, begirada gizartearengan jartzen duen kanpaina da, gizarte osoa emakumearen lekuan jartzera gonbidatzen duena, beraien alde aurpegia eman dezaten.

Gipuzkoako udalekin, elkarteekin eta beste hainbat eragileekin plana landu ondoren, lurraldeko 45 hezkuntza zentro ezberdinetako haurrekin Tratu Onak eta Enpatia landu ditu Aldundiak azken hilabete hauetan. Guztira, lehen hezkuntzako 2.000 ikasle ingururi eskaini zaie ordu beteko sentsibilizazio saio hori. Aldundiak hezkidetzaren aldeko apustu irmoa egin du azken hilabete hauetan, haur eta gazteengan eragina izateko helburuarekin. Zentzu berean, atzo, Go!azen taldeko gazteen eskutik, eta lurraldeko ia 600 ikasleren aurrean, “DenokZu” kantu eta bideoklipa aurkeztu ziren.

Programatutako ekintzak hurrengo astean bukatu dira, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, Aldundiak erakunde publikoentzat prestatu duen Erantzun Protokoloaren aurkezpenarekin batera. Protokolo estandarizatua da eta indarkeria matxista egoeren aurrean erantzun tinko eta bateratua eskaintzea du helburu. Erakunde guztien eta gizartearen arteko erreminta partekatu gisa sortu da, hortaz erantzukizuna erakunde eta gizartearen gain jartzen du.

  

1672