Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak artzaintzaren iragana, oraina eta geroa aldarrikatuko ditu, 35. Artzain Egunean

Gipuzkoak artzaintzaren iragana, oraina eta geroa aldarrikatuko ditu, 35. Artzain Egunean

Gipuzkoako gaztarik onena hautatuko da, besteak beste, eta hainbat profesional omenduko dira, egin duten ibilbideagatik

Legazpin izango da, igande honetan, Gipuzkoako Artzain Egunaren 35. edizioa, artzaintzaren iragana, oraina eta geroa aldarrikatuz, jarduera-egitarau oparo baten bidez, hala nola gazta eta artzain txakur lehiaketak, artzaintzaren balioa aitortzeko omenaldiak, kalejira bat, eta azoka bat, honelako osagaiak izango dituena: gazta eta ardi okela dastaketak, ardi erakusketak, ardi mozte erakustaldiak, eta sagardo nahiz eskulangintza postuak. Egitaraua kontsultagai dago, zehaztasun osoz, www.gipuzkoakoartzaineguna.eus/ web orrian, eta gaur aurkeztu da Foru Aldundian, partaide hauek izan dituen ekitaldi batean: Koldobike Olabide, Legazpiko alkatea; Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua; Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, eta Juan Jose Aranguren, Legazpiko Erreizabal baserriko artzaina.

Lehiaketak izango dira, berriro ere, Artzain Eguneko ekitaldi nagusiak. Goizeko 11:00etan, Gipuzkoako gaztarik onena hautatuko da Gipuzkoako Artzain Gaztaren 35. edizioan, non, epaimahai profesionala ez ezik, haurren beste epaimahai bat ere eratuko da, bere saria emango duena. Sailkatutako 10 onenek Euskadiko Txapelketarako pasea eskuratuko dute. Eguerdiko 12:00etan, Ardi Okelaren 9. Lehiaketa izango da, non lau elkarte ariko diren lehian, eta, arratsaldean, berriz, Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketa izango da, 51. edizioa betez, eta irabazleak ere Gipuzkoa ordezkatuko du Euskadiko Txapelketan.

Era berean, omenaldiak egingo zaizkie hainbat laguni: Ignacio Artano (Tolosa) eta Angel Errasti (Zestoa) artzainak; Vicente eta Felix Almirantearena anaiak, Ameriketan artzaintzan aritu zirenak; eta ELE elkarteak urtero goresten dituen profesionalak, oraingo honetan, alde batetik, Begoña Galarraga, Errezilgoa, eta bestetik, Feli Arrese nafarra, Ardiekin zentrokoa, zeinari aitortuko baitzaio egin duen ibilbidea Euskadiko artzaintzaren lehiakortasuna eta modernizazioa aldezteko.    

Orobat, hamabi gaztandegik parte hartuko dute gazta dastaketa popularrean, goizeko 11:30ean hasita. Euro baten truke, aukera egongo da postu bakoitzean gazta bat dastatzeko, eta onenak hautatzeko. Era askotako erakustaldiak ere izango dira: ardi moztea, bai mekanikoa bai eskuz; ardiak eta aharikoak –9 artalde, eta horietatik onenak izendatuko ditu ELE elkarteak–; artzain txakur trebatzea, EATA elkartearen eskutik (Euskal Artzain Txakurren Adiskideak); eta gaztagintza, non profesional batek metodo tradizionalari jarraituko dion, eta bost gaztagile txikiago batzuek, berriz, modernoari, horrela jarriko baita agerian zer-nolako bilakaera izan duen gaztagintzak.   

Jaiaren osagarri, sei sagardo-postu egongo dira, eta beste produktu batzuenak ere bai, baita askotariko eskulagintza-erakusketak ere: makilak, egur eta harri taillak, artilearekin egindako haria, abarkak, saskiak, esku pilotak, ukenduak eta arropa.

Gipuzkoako Artzain Eguna “oso festa herrikoia eta ezaguna” dela adierazi du Koldobike Olabidek. “Badira 29 urte gure herrian ospatzen dela, eta gazta, sagardoa, edo ardi okel egosia dastatzeaz gain, aukera ematen du hainbat erakustaldi ikusteko”. Legazpiko alkateak gonbita egin die herritar guztiei Legazpira joan daitezen, “antolatutako ekimen guztiekin gozatzera, eta artzainei babesa ematera salgai egongo diren gaztetako bat erosiz. Modu erraza da sostengua eskaintzeko eta artzaintzak Gipuzkoako natur ondarearen kontserbazioan duen garrantzia balioan jartzeko”.

Imanol Lasak, berriz, azpimarratu du Artzain Eguna bezalako ekitaldiak “ezinbestekoak” direla herritarrek aukera izan dezaten “artzaintzaren eta, oro har, lehen sektorearen jarduera ezagutzeko eta balioan jartzeko. Izan ere, horien ekarpena adierazle ekonomikoetatik baino askoz ere harago doa, lotuta baitaude lurralde orekarekin, biodibertsitatearekin, kalitatezko produktuekin edo kulturarekin”. Diputatuaren esanetan, Gipuzkoako artzainek jakin izan dute “egokitzen eta modernizatzen, jasangarritasunari eta ohiturei eutsiz aldi berean”, eta Aldundiak lanean jarraituko du “jarduera honen etorkizuna bermatzeko, belaunaldi aldaketa eta turismoa bezalako beste jarduerekin sinergiak erraztuz, eta beste erakundeekin zein artzain munduko elkarte, kolektibo eta eragileekin elkarlanean, haien lana funtsezkoa delako”.

Azkenik, Bittor Orozek gazta ekoizlea den artzaina balioan jarri nahi izan du.  “Euskadin 123 gaztandegi  ekoizle daude Idiazabal Jatorrizko Deituran, 1.350.000 kilotik gorako produkzioarekin, hoietatik %53 Artzai Gazta-ko gaztak dira, latxa arrazako ardi esne gordinarekin egindako produktua”. Era berean Oroz sailburuordeak nabarmendu du sektoreak beharrezkoa duela prestigio soziala, “sektoreak duen erronka garrantzitsuena belaunaldien arteko erreleboa bermatzea da eta horretarako etorkizunean baserri ingurunean bizi nahi duten gizonezko eta emakumeei sektore errentagarri eta erakargarri bat eskeini behar zaie”.

  

2192