Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak aurrekontu errekorrarekin babesten du gizarte eta zaintza ereduaren trantsizioa

Gipuzkoak aurrekontu errekorrarekin babesten du gizarte eta zaintza ereduaren trantsizioa

Foru aurrekontuen proiektua BBNNetan aurkezteko agerraldien bigarren egunean, 2023rako Gizarte Politikan, Mugikortasunean, Bide Azpiegituretan eta Kulturan aurreikusitako partiden berri eman dute diputatuek.

2022/11/08
Maite Peña foru diputatua, Batzar Nagusietan azalpenak ematen.

Maite Peña foru diputatua, Batzar Nagusietan azalpenak ematen.


Gipuzkoako Foru Aldundiak bere historiako aurrekonturik altuena bideratuko du 2023an Gizarte Politiketara: 495.200.790 euro desberdintasun sozialei aurre egiteko eta gizarteko pertsona ahulenak zaintzen eta babesten jarraitzeko. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak Batzar Nagusietan adierazi duenez, inoizko aurrekonturik handiena izateaz gain, “gure apustu soziala mugatzen duen aurrekontua da”. 37,3 milioi euroko igoerarekin (2022an baino %8,14 gehiago), Aldundiak lau eurotik bat bideratuko du 2023an gizarte-politiketara, hau da, 701 euro biztanle bakoitzeko.

Hitzaldiaren hasieran, diputatuak datorren urterako aurreikusitako aurrekontua 2016ko zifrekin alderatu du, eta adierazi du gastu soziala 150.000.000 euro baino gehiago handitu dela epe horretan, %43,5 gehikuntza izan du, “Aldundiaren bokazio sozialaren adierazle argia” dela azpimarratu du. Maite Peñak defendatu du “aurrekaririk gabeko” hazkunde horrek Aldundiak defendatzen duen arreta eta zaintza ereduaren trantsizioa babesten duela, “pertsonengan oinarritutako eredua, komunitarioa eta berritzailea”. Gizarte Politiketako Departamentuak lanketa hori bizkortu zuen 2020an, 2020>2030 Agendaren bidez: ibilbide-orri partekatu eta kontrastatu bat da, Gipuzkoa zainketen abangoardian jartzea helburu duena.

2023ko aurrekontu-proiektuan jasotzen diren partiden bidez, guztira 181.140.000 euro bideratuko dira, sailaren aurrekontuaren herena baino gehiago, adinekoen zaintzara; 68.953.000 euro desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzera; 57.905.268 euro haur eta gazteen babesera; eta 41.318.397 euro gizarteratzera eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzera. Era berean, 90 milioi euro baino gehiago bideratuko dira prestazio ekonomikoak ordaintzera, eta hainbat gizarte-baliabidetan 356 plaza ireki eta horietan jardutea aurreikusten da.

Jarduketa esanguratsuenekin jarraituz, diputatuak adierazi du hainbat baliabideetako arkitekturaren egokitzapenarekin jarraituko dela, espazioak eredu berrira egokituz, eta tokiko zaintza ekosistemak sustatzen eta etxeko arreta indartzen jarraituko dela. Bestalde, Gizarteratzeko eta Haurtzaroko planak aktibatuko dira, familia-harrera espezializatua hedatuko da, eta gizarte-zerbitzuen kalitatea ebaluatzeko sistema bat jarriko da abian. Hori guztia krisi ekonomikoaren eta inflazioaren eraginari aurre eginez, Peñak gogorarazi duenez.

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak 91 milioi euroko aurrekontu historikoak aurkeztu ditu, garraio publikoa blindatuz eta 2023rako MUGIn egungo deskontu bereziak bermatuz. Lurraldebusera bideratutako funtsen igoera % 24ra iristen da, Foru Aldundiak lurraldeko garraio publikoarekin duen konpromisoa erakutsiz. Departamentuaren aurrekontua bikoiztu egin da 2013tik, eta legealdi honetan aurrera egin du bereziki. Horretarako, gipuzkoarren mugikortasunaren funtsezko eskubidearen bermea jarri da erdigunean, baliabideak banatzeko bidezko politikak aplikatu dira, eta une oro kontuan hartu da egungo gizarte-krisialdia, non “inor atzean ez uzteko” politikak aplikatu behar baitira.

Aurrekontuak % 26ko hazkundea ere jasotzen du Gipuzkoako bizikleta-bideen sarean inbertitzeko, eta lehentasunezko proiektuak ditu, hala nola Donostia-Irun konexioa edo bide berdeak egokitzea NEXT funtsen bitartez. Gainera, tokiko bidegorrien sareari laguntzeak aurrekontua bikoizten du, eta apustu puntuala izatetik egiturazkoa izatera igarotzen da, lehen aldiz milioi bat eurora iristen dena.

Lurralde Antolamendurako aurreikusitako zenbatekoa 9 milioi eurotik gorakoa izango da, eta Pasaialdea izango da lehentasunezko helburua. Helburu horrekin batera, nabarmentzekoa da Irun eta Zumarragako hiri-berroneratzeari eta hiri-plangintza orekatu eta inklusiboari emandako laguntza irmoa.

Bide Azpiegiturak

Bide Azpiegituretako Departamentuaren 2023ko ekitaldirako aurrekontua 108.900.011 eurokoa da, eta igoera nabarmena, %22,04koa, izango du; 2022an baino 19.664.747 € gehiago kudeatuko ditu Aintzane Oiarbidek zuzentzen duen departamentuak. Sail honen eginkizuna da errepideen eta bizikleta-bideen sarea modu eraginkorrean mantentzea, zaintzea eta ustiatzea, eta, hain zuzen ere, artapena izango da datorren urteko aurrekontuan igoera nagusia izango duen arloa, ia 15 milioi gehiago. Ohiko artapenean, azken hilabeteetako materialen garestitzeari eta langileen soldaten igoerei modu egokian erantzuteko eguneratzeak egiteaz gain Bidegiren ekarpena ere handia izango da, 12 milioikoa, eta beste 2,8 milioiko igoera izango du, bestalde, ezohiko artapenak. “Bidegiko ekarpena nabarmena izango da 2023an. N-I eta A-15ean jarriko den kanonaren bitartez, errepide horietarako foru elkarteak 12 milioi euro bideratuko ditu”, azpimarratu du Aintzane Oiarbidek bere agerraldian.

Errepideen eraikuntzarako partidak ere igoera nabarmena izango du 2023ko aurrekontuetan, %36,88 gehiago.  Mendaroko zubi berriaren proiektua, Azkoitia-Urretxuko bigarren fasea, Marrutxipi, Zarauzko bariantea edo Allerruko biribilguneak 17 milioitik gorako inbertsioa egingo du Aldundiak datorren urtean. “Obra handiak dira guztiak, garrantzitsuak gipuzkoarrentzat, eta bereziki inguruko bizilagunentzat. Allerrun, N-I errepidearen gainean, Lasarte-Orian, egingo dugun biribilgune goratuak, adibidez, egungo lotunea ordezkatuko du, gero eta ugariagoa den trafikoa antolatuz eta egungo zubiaren galibo-arazoak hobetuz.

Gainera, trafikoak ugaritzen ari dira inguruko garapenen ondorioz. Eskusaitzeta-Zubietak Gipuzkoako industrialde handiena hartuko du; MUBIL Mugikortasun Berriko Zentroaren behin betiko egoitza bertan eraikiko da izango da, Etorkizuna Eraikiz-en erreferentziazko zentroetako bat. Azpiegitura horrek, gainera, sektorean erreferente izango den poloa izango du inguruan, eta ia 40.000 metro koadroko lursail bat erreserbatu da horretarako. "Biharko egunari begira, MUBILek funtsezko rola jokatzen du Gipuzkoa berdeago, digitalago eta lehiakorrago baten eraikuntzan, nazioartean erreferente bihurtu nahi dugun eremu honetan. Bestalde, une honetan, Gipuzkoako Ingurumen Zentroaren instalazioak hartzen ditu Zubieta-Eskusaitzetak eta Naturklimaren eraikuntza ere bertan aurreikusten da.

Kultura, Lankidetza, Kirola eta Gazteria

Kulturako, Nazioarteko Lankidetzako, Gazteriako eta Kiroletako Departamentuaren 2023. urterako aurrekontua 66.862.562 eurokoa da. Zifra horrek esan nahi du gaur egungo aurrekontuarekiko (2022) % 4,62ko igoera izango duela.

“Aurrekontuaren portzentajezko igoera esanguratsua ez bada ere, Koldo Mitxelena KulturGunea berritzeko egin beharreko inbertsioa nabarmendu nahi dut; izan ere, inbertsio horrek eragin zuzena izango du lurraldearen kultura-sarean obrak amaitu ondoren, eta berritu ondoren, etorkizunean Kultura Zuzendaritzaren aurrekontua birbanatu ahal izango dugu kultura-sektorerako partida finalistetan”, adierazi du Batzar Nagusietan Harkaitz Millan diputatuak.

Bestalde, Kirol Zuzendaritzan, nabarmentzen da inbertsioen kapituluan, Inbertsio Plana berreskuratu duela lurraldeko kirol-ekipamenduak berritzeko eta hobetzeko: 2.000.000 euro.

  

4122