Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak baserria beste jarduera profesional batekin bateragarri egiteko ekimena aurkeztu du

Gipuzkoak baserria beste jarduera profesional batekin bateragarri egiteko ekimena aurkeztu du

· Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala proiektua aurkeztu du, lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko. · Programa honen bidez, interesdunak lanaldia murriztu ahal izango du enpresan, bere ustiategian profesionalki jardun ahal izateko.

2024/09/19
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak “Baserritar Misto Profesionala” ekimena aurkeztu du gaur goizean, lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko. Horrela, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz. Horretarako, % 50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.

Eider Mendoza, diputatu nagusiak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak parte hartu dute Europan aitzindaria den ekimen hau aurkezteko prentsaurrekoan. “Denboraren poderioz gure landa-ingurunetik, gure baserrien jardueratik urruntzen joan den gizarte baten aurrean, eta horrek belaunaldien arteko errelebo falta ekarri du. Gaur egun, 50 urtetik gorako pertsonek kudeatzen dute ustiategien %78”, azaldu du Mendozak. Horrela, sektorea zaintzeak eta bultzatzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Gure nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak Gipuzkoako lurralde-oreka berdea babesten du. Baserritarrak funtsezko eragileak dira gure ingurunea zaintzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta tokiko elikadura jasangarria eta kalitatezkoa bermatzeko. Beharrezkoa da sektore honen etorkizuna bermatzeko lan egitea, eta ekimen hau norabide horretan doa bideratuta”.

Mendozak gogorarazi du Aldundia apustu sendoa egiten ari dela lehen sektorea indartzeari dagokionez, eta, ildo horretan, adierazi du “horrelako erronka garrantzitsuek honelako asmo handiko ekimenak behar dituztela”. Diputatu nagusiak bere konfiantza osoa adierazi du esanez “baserritar misto profesionalaren figura zabaltzeko eta indartzeko gai bagara jauzi kualitatiboa emango dugu sektorearen iraunkortasuna bermatzeari dagokionez”.

“Herritarren Batzarra” herritarren partaidetzarako foroaren barruan egindako gomendioei erantzuten dio Baserritar Misto Profesionalak. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez, “Gipuzkoako herritarrekin nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerari eta klima-aldaketari buruzko hausnarketa bateratua egiteko ekimenaren barruan, parte-hartzaileek Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatzen den proiektu hori babestu zuten 2023ko martxoan egindako bilkuran”.

Harrezkero, Aldundiak aurrera egin du proiektu horri forma emateko, lehen sektoreko eta enpresa-esparruko eragileekin batera lan eginez. “Kolektibo horiekin izandako saioen ondorioz, proiektu pilotu esperimental aitzindari eta berritzaile bat aurkezten dugu, eta datozen bost urteetan egokitzen joatea aurreikusten dugu, lortzen ditugun emaitzen eta 

eragileek egindako ekarpenen arabera” adierazi du Arrutik. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, prentsaurrekoa aprobetxatu du enpresak inplikatzeko beharra azpimarratzeko, ekimen honen arrakasta bermatzeko. “Enpresek lurraldearen orekan eta garapenean laguntzeko aukera gisa ikusi behar dute figura hori, bere eguneroko jardueratik harago, lehen sektorearen lana sustatuz, horrela gure ingurumenaren iraunkortasuna eta gure elikagaien ekoizpena bermatzeko. Hori guztion erantzukizuna da, gure enpresa-sarea barne”.

Gaur aurkeztu dira proiektuaren oinarriak, eta 2025etik aurrera dirulaguntzen deialdi bat egingo da urtero langile interesdunarentzat eta bere lan profesionala egiten duen enpresarentzat. Arrutik adierazi duenez, “gure asmoa da urtero 30 bat onuradun egotea eta bost urteren buruan 150 baserritar misto profesionaletara iristea”. Horrela, urte hauetan zehar proiektura 9 milioi euro bideratzea espero da.

“Baserritarraren figura eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera asko aldatzen ari dira, eta lan-mundua ere eraldatzen ari da. Itxura guztien arabera, etorkizuneko enpleguaren ezaugarri nagusietako bat malgutasuna izango da, eta ekimen hau etorkizun horri aurrea hartzeko asmoarekin sortu da. Pertsona askok baserriaren munduan jardun nahi dute, baina puntu batera iritsita lehen sektorearen eta enpresa-jardueraren artean erabaki bat hartu behar dute, eta kasu gehienetan enpresaren alde egiten dute baldintzak hobeak baitira. Gure ustez, ekimen hau aukera interesgarria izan daiteke kolektibo horrentzat, baita esparru honetan hasi nahi duten baina une egokia ikusten ez duten pertsonentzat ere”, adierazi du Arrutik. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ondorioztatu du “gure lehentasuna eta nahia sektorea profesionalizatzea dela, jarduera horretan % 100ean aritu nahi dutenentzat baldintzak ahalbidetzea, bereziki Gipuzkoako gazteentzat, eta, ildo horretan, espero dugu proiektu honek helburu hori lortzen laguntzea, edo, behintzat, baserriaren lana beste jarduera batzuekin profesionalki uztartzea”.

Baserritar Misto Profesionala programaren oinarriak

Programa baserritar misto profesionala izateko interesa duten 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50 izan beharko du.

Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.

Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko. Horrela, 40.000 euro jasoko dituzte baserritarrek, bi ordainketatan banatuta: bata programaren hasieran eta bestea hirugarren urtean. Bestalde, enpresek 30.000 euroko ordainketa bakarra jasoko dute.

Konpentsazio ekonomikoa jasotzeko, baserritarrak honako baldintza hauek bete beharko ditu: ustiategia Gipuzkoan izatea, ustiategiaren titularra izatea, Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea eta bideragarritasun-plan bat izatea. Plan horrek ziurtatu 

behar du, diputazioaren programa amaitzean, seigarren urtean, ustiategiak gutxienez 13.000 euroko eta 0,5 NLUko marjina garbia sortuko duela.

Enpresari dagokionez, interesdunarekin akordioa sinatu ondoren egingo zaio ordainketa. Akordio horrek lanaldia % 50era murriztea bermatu beharko du, pertsona lanaldi osora itzultzeko eskubidearekin, betiere ezinbesteko arrazoi bat justifikatzen bada. Baserritarrak programa amaitu ondoren lanaldi osora bueltatzeko eskubidea izango du edo modu iraunkorrean lanaldi-murriztuarekin jarraitzeko aukera emango zaio baserritar misto profesional izaten jarraituz.

Oinarriak Gipuzkoako Foru Aldundiko buletinean argitaratuko dira. Foru erakundeak harremanetarako kontaktua ahalbidetu du bmp@gipuzkoa.eus helbide elektronikoaren bitartez, interesa duten edo informazio gehiago nahi duten enpresa eta pertsona interesatuak artatzeko.

  

4120