Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak Beethovenen sonatak errepasatuko ditu bere jaiotzaren 250. urteurrenean

Gipuzkoak Beethovenen sonatak errepasatuko ditu bere jaiotzaren 250. urteurrenean

Donostia Musikak, Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzarekin, Beethovenen sonaten hainbat kontzertu antolatuko ditu, 2020. urtean konpositorearen jaiotzaren 250. urteurrena ospatzen dela-eta. Horretarako, hemengo eta estatu mailako pianojoleak etorriko dira hainbat kontzertu eskaintzera.

2019/10/30

Denis Itxasoren esanetan “ Gipuzkoako publiko leialari Beethovenen urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi eskaini nahi dizkiegu, Konpositorearen balore unibertsalak eta humanistak  zabaltzeko.

 

Donostia Kultura irabazi asmorik gabeko elkartea 2008an sortu zen. Xede ditu herritarrei musikaren ezagutza irakastea, erakustea eta erraztea, eta musikari hasiberriei beren balioa eta ezagutzak jendeari ezagutarazten laguntzea.

 

Opera proiekzioekin, baletarekin, zarzuelekin eta kontzertuekin hasi zen. Ondoren, musikaren hastapenei buruzko ekoizpen propioko dokumentalak eskaini zituen. Orobat lortu zuen Musikeneko ikasleek beren ganbera musika aurkezteko espazio publiko bat izatea. Hamar urte dira zazpi kontzertu baino gehiago eskaintzen direla urtero. Entzuleentzat sarrera librea da eta beti betetzen dira aretoak.

 

Duela bost urtetik hona, Victoria Eugenia Antzokian ganbera-musikako ziklo bat egiten da. Urtean hamar kontzertu ematen dira, prezio eskuragarrietan. Oro har, artista gazteak aurkezten dira, gehienak euskaldunak edo Musikeneko ikasle ohiak, ahots-kontzertu eta ganbera-kontzertu formatuan.

 

2020. urtean, Donostia Musikak kontzertu eta proiekzio ezberdinak antolatuko ditu Beethovenen ganbera lanaren zati bat ezagutarazteko, nahiz eta salbuespenen bat egongo den ganbera ekoizpenetik apartekoa. Kontzertu horien artean daude gaur aurkezten ditugun bi integralak.

 

PIANORAKO SONATAK

32 pianorako sonatek eratzen dute aurkezten dugun lehen integrala. Horretarako, Donostia Musikak kalitate bikaineko piano-jole sorta bat bildu du. Integral hau bera joko dute datorren urtean piano-jole horietako askok Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan. Honako hauek dira:

NOELIA RODILES: Asturiarra; “Espainiako eta nazioarteko pianismoaren balio sendoenetako bat” dela esan dute berataz.

ALFONSO GOMEZ: Gasteiztarra. Hamaika aldiz saritu dute Espainiako eta nazioarteko lehiaketetan.

JUAN CARLOS FERNANDEZ NIETO: Salamancakoa. Carnegie Hallen Chamber Orchestra of New York orkestrarekin azken minutuan egindako ordezkapen baten ondoren nabarmendu zen. Aurrekaririk gabeko arrakasta izan zuen.

NIKOS STAVLAS: Greziarra da, eta pianoko irakasle gisa lan egiten du Morley College eta City Liten, eta pianista laguntzaile gisa hainbat erakundetan, besteak beste Royal Opera House eta Royal College of Music-en.

JUDITH JAUREGUI: Donostiarra da, eta artista argitsu, dotore eta pertsonala izateko ospea du. Gaurko piano-jotzaile gazte liluragarrienetako bat da.

JOSU OKIÑENA: Donostiarra. Madrilen, New Yorken eta Londresen trebatu eta Valladolideko Unibertsitatean lortu zuen doktore-titulua. Munduko areto entzutetsuenetako batzuetan aritu da, besteak beste, New Yorken, Buenos Airesen, Tokion eta Erroman.

MIGUEL ITUARTE: Getxon jaioa da, eta Europan eta Hego Amerikan aritu da. Amsterdamgo Concertgebouwko Ganbera Orkestrarekin egin zuen debuta bakarlari gisa. 2000. urtean Bartzelonako Auditorioko Pianista Handien lehen zikloa ireki zuen Albénizen “Iberia” obrarekin.

 

ROSA TORRES PARDO: Musikako Sari Nazionala, Madrilgo Kontserbatorioko pianoko sari berezia, Masterplayers saria (Suitza). 2004an Isaac Albéniz domina jaso zuen Alicia de Larrocharekin batera.

 

JON URDAPILLETA: Donostiarra. Sari ugari lortu du, lehen sariak ere bai. Nabarmentzekoa da Vienako 1. Nazioarteko Musika Lehiaketan lortutako Zilarrezko Domina, birtuoso kategorian (2019).

 

 

Pianorako sonaten kontzertu hauek 20:00etan izango dira, hilean behin, udako hilabeteak libre utzita. 60 eta 75 minutu bitarteko iraupena izango dute kontzertuek.

 

Lehen kontzertua eskaini aurretik, urtarrilaren 25ean, Miguel Ituarte irakasleak kontzertu didaktiko bat eskainiko du urtarrilaren 14an, eta 32 sonatei eta denboran izan duten bilakaerari buruz hitz egingo du; horretarako, adibideak jarriko ditu pianoan. Hala, Beethovenen pianorako sonatak entzuteko gida izango da kontzertu hau.

 

 

PIANO ETA HARIRAKO TRIOAK ETA SONATAK

 

Bigarren integrala Beethovenen hirukote eta sonatak dira. Kontzertu hauek goizeko saioetan interpretatuko dira, igandean eta hilean behin, eguerdiko 12etan, Victoria Eugenia antzokian, eta 60 eta 75 minutu bitarteko iraupena izango dute.

Lan hauek Ensemble Siciliano taldeko kideek interpretatuko dituzte. Julia Siciliano pianista handiak sortua da taldea, eta bera arituko da kontzertu guztietan piano-jotzaile gisa, bakarlari entzutetsuen ondoan. Hona hemen Ensemblea osatzen duten kide batzuk:

JULIA SICILIANO: Cincinnatiko Orkestra Sinfonikoko ganberako musikariekin jotzeko gonbita jaso du, eta errezitaldi ugari eman ditu Metropolitan Operako izarrekin.

DMITRI MAKHTIN: Errezitaldiak eta ganberako musika eskaintzen ditu munduko leku ospetsuenetan: Bruselako Arte Ederren Zentroan, New Yorkeko Lincoln Center-en, San Petersburgoko Filarmonikan, Moskuko Pushkin Museoan, Pariseko Pleyel aretoan Amsterdameko Concertgebouw-en.

KYRIL ZLOTNIKOV: 2001etik 2012ra biolontxelo-jotzaile nagusia eta biolontxelo-taldeko irakaslea izan zen WestEastern Divan Orchestra taldean, Daniel Barenboim maisuaren zuzendaritzapean.

DELPHINE DUPUY: 2007az geroztik Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kidea da, eta biola bakarlaria da bertan.

BIRGIT KOLAR: 1992an finalista eta saritua izan zen Yehudi Menuhin Nazioarteko Lehiaketan. Kontzertu bat eman zuen Lord Menuhinen gidaritzapean.

Urtearen hasieran gidaliburu bat argitaratuko da, Beethovenen bizitza nahiz bi zikloetan interpretatuko diren obrak banan-banan kontsultatu ahal izateko. Liburuak kontzertuen ulermena erraztuko du, eta doan emango zaie zikloetako abonatuei.

 

 

  

1792