Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Gipuzkoak bere sare ekonomikoari bultzada bat emango dio anbizio handiko laguntza programa batekin

Gipuzkoak bere sare ekonomikoari bultzada bat emango dio anbizio handiko laguntza programa batekin

· 31 milioi eurotik gorako aurrekontua eta 39 programa dituen laguntza katalogo zabala. · Programa honekin, Gipuzkoako sare ekonomikoa sendotu nahi da ekintzailetza, berrikuntza, digitalizazioa, lehiakortasuna, hazkundea, talentua, pertsonak eta jasangarritasuna bezalako arlo gakoetan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresentzako laguntza programa berria aurkeztu du, lurraldeko enpresa sarea indartzeko funtsezko ekimen gisa. Programa honek 31.046.766 euroko aurrekontua du guztira, eta enpresen sorkuntza, hazkundea eta proiekzioa bultzatzea du helburu, betiere pertsonak eta talentua bere estrategiaren erdigunean jarrita. Horretarako, laguntza programa berriz diseinatu eta egokitu da. Programa honek 39 laguntza lerro biltzen ditu, guztiak ere egungo erronkei eta enpresen premia espezifikoei eraginkortasunez erantzuten dietenak.

Lehen aurkezpena Gipuzkoako Parke Teknologikoan egin da. Hala ere, ahalik eta onuradun gehienengana iristeko, beste aurkezpen batzuk egingo dira Goieki garapen-agentzian (Ordizia) gaur arratsaldean, eta Garaiako Teknologia Parkean (Arrasate) apirilaren 7an, astelehenean.

Enpresak Gipuzkoako ekonomiaren eta ongizatearen ardatz nagusiak dira, eta, horregatik, Foru Aldundiak haien garapen eta hazkundearen aldeko konpromisoa indartzen jarraitu nahi du. Laguntza horiek eskuratzeko prozesua errazteko, programa zazpi kategoria nagusitan antolatu da: Ekintzailetza (1.976.000€), Berrikuntza (7.990.000€), Digitalizazioa eta 4.0 Industria (2.420.000€), Lehiakortasuna (7.452.166€), Sustapen ekonomikoa (2.366.600€), Jasangarritasuna (1.500.000€) eta Pertsonak eta talentua (7.342.000€).

Hurbiltasunez, entzute aktiboz eta etengabeko lankidetzaz sortutako programa bat

Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak nabarmendu duenez, programaren helburu nagusia ahalik eta enpresa gehienetara iristea da, hauek, gure ekonomiaren bizkarrezurra baitira. Testuinguru horretan, lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: «Zuzeneko laguntzez gain, Gipuzkoako ekosistema sendoa dela nabarmendu nahi dugu. Programa hau, lurraldeko ekosistema osatzen dugun eragile guztiekin lankidetzan diseinatu da: erakundeak, garapen agentziak, ikerketa zentroak eta elkarteak, besteak beste. Programa berritzailea da, eta gertutik jarraitzen ditu enpresen egungo eta etorkizuneko beharrak, entzun egiten ditu eta egokitu egiten da».

Gipuzkoako enpresentzako laguntzak eskuragarriagoak, azkarragoak eta eraginkorragoak egiteko gida

Gipuzkoak hainbat erronkari egin behar die aurre, eta aurkeztutako gidaren helburua erronka horiek aukera bihurtzea da, lurraldearen oinarri ekonomikoa indartuz eta lurraldea lehiakorragoa eta oparoagoa izaten lagunduz, bere komunitatearen ongizatea bermatzeko. Programa berrantolatzeaz gain, laguntzen sarbidea, tramitazioa eta kudeaketa errazteko prozesuak hobetu dira, enpresentzat tresna azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen.

Proiektu estrategikoak, etorkizun ekonomikorako eta industria tradizionalaren eraldaketarako funtsezko motorra

Aurkezpenaren amaieran, Gipuzkoan sortzen ari diren sektore estrategikoak azaldu dira. Sektore horiek funtsezko zeregina izango bait dute lurraldearen etorkizun ekonomikoan.

Ildo horretan, proiektu estrategikoak oinarrizko tresna izango dira industria tradizionalaren enpresa garapenerako, izan ere, enpresa txiki eta ertainek aurrean dituzten erronkei bultzada handia eman eta hazkunde aukera berriak sortzen lagunduko bait die.

Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu horiek enpresa ehunaren hazkunderako duten garrantzia azpimarratu du, eta MUBIL, Gipuzkoa Quantum Hub, GANTT (Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory) eta ZIUR bezalako ekimenak nabarmendu zituen.

  

4846