Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak berrikuntza eta ekintzailetza jasangarrirako duen ahalmena aurkeztu du

Gipuzkoak berrikuntza eta ekintzailetza jasangarrirako duen ahalmena aurkeztu du

Asensio: “Zirkulartasuna aukera bat da paradigma aldaketa honetan lehiakorrak izateko”.

2021/02/05

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatutako Ekonomia Zirkularrari buruzko III. Nazioarteko Topaketa, estatuko eta nazioarteko 15 herrialde eta 600 profesionalengana iritsi da.

Hirugarren eta azken jardunaldi hau Gipuzkoan dugun berrikuntza- eta ekimen-potentzial iraunkorrari buruzkoa izan da.

 

José Ignacio Asensio: “Ekonomia zirkularra inspirazioa da berritu nahi duten enpresa askorentzat. Zirkulartasuna aukera bat da paradigma aldaketa honetan lehiakorrak izateko”.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak gaur burutu du Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko III. Topaketaren hirugarren eta azken saioa, EuRIC, Europako Birziklatze Industrien Konfederazioarekin eta FER, Espainiako Berreskuratze eta Birziklatze Federazioarekin elkarlanean. Azken egun honetan, Gipuzkoan berrikuntza eta ekintzailetza jasangarria izateko dugun ahalmena izan dugu ardatz.

 

Ekonomia Zirkularreko topaketa honek garrantzi berezia hartu du, lehen aldiz on line egin baita, eta, horri esker, mundu osoko 600 pertsona eta 15 herrialdetara iritsi da. Aurtengo edizioan, jardunaldiek oso ikuspegi praktikoa eskaini dute, eremu eta toki desberdinetan egiten ari diren ekintza zehatzak ezagutzeko.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak inauguratu du hirugarren saio hau, eta azpimarratu du “ekonomia zirkularra inspirazioa da berritu nahi duten enpresa askorentzat. Zirkulartasuna aukera bat da paradigma aldaketa honetan lehiakorrak izateko”. Era berean, foru-arduradunak azaldu duenez, “gaur hasi diren enpresen kasuak ezagutu ditugu, paradigma aldaketa hori bilatuz berritu dutenak. Politika zirkularretan oinarritutako eredu ekonomiko berritzaile baten oinarriak ezarri dituzte, eta politika horiek, lehiakortasuna lortzeaz gain, jasangarritasuna, balio erantsia eta, batez ere, guztion ongizatea bilatzen dituzte”.

 

Adegiko ekintzaileen foroko enpresen kasu arrakastatsuen berri eman da jardunaldian. Aritz García, Ekomodo,  parte hartu du, eta hondakinak negozio-iturri gisa aprobetxatzeko eredua aurkeztu du. Bestalde, Iñigo Benedictok Actueight smartphone aplikazioa ezagutarazi du. Aplikazio horrek kontsumitzailearen ikuspegia eskaintzen du kontsumo iraunkorraren arloan. Dawamoru Fernández Bilibinek enpresakoak bere negozio-proposamena azaldu du, turismo iraunkorraren ikuspegian oinarritua. Azkenik, I2U teknologia-enpresako Martín Zozayak logistikaz, siderurgiaz eta ekonomia zirkularraz hitz egin digu, eta kontzeptu horiek nola uztartu daitezkeen.

 

Gainera, ekintzailetzaren arloko erreferente handiek ere hartu dute parte gaurko saioan. Besteak beste, Petar Ostojic mundu mailako erreferentzia da ekimen berde eta iraunkorrean, eta Txileko Berrikuntzarako eta Ekonomia Zirkularrerako Zentroaren sortzailea da. Esperientzia handia du politika zirkularretan, ekintzailetzan, berrikuntzan eta jasangarritasunean. Isaac Chocron ere izan da, OurCrowd Iberiako negozioen garapeneko zuzendaria. Crowdfundingeko munduko plataforma da Iberia, eta 25.000 inbertitzaile baino gehiago ditu erregistratuta. Chocronek inbertsio berdeen eta finantza jasangarrien munduaz hitz egin du bere hitzaldian.

 

Urteak dira Gipuzkoa lanean dabilela enpresei paradigma-aldaketa horretan laguntzen. Naturklima  Klima Aldaketaren Fundazioaren moduko tresna eta eragileen bidez esaterako. Fundazio horrek enpresa berriei aurren ditugun erronkei aurre egiten laguntzen diete, eta, hala, trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra bultzatzen dituzte.

  

1978