Gipuzkoak Donostia barneratu du bere bideometria-sisteman
Gipuzkoak Donostia barneratu du bere bideometria-sisteman
Igeldoko eta Urgulleko bideometria estazioekin, Gipuzkoako itsasertz osoak badu dagoeneko bideo monitorizazio sistema bat, klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina ezagutzeko, erabiltzaileen dentsitatea neurtzeko eta bainularien segurtasuna bermatzeko.
Gipuzkoako itsasertz osoak badu dagoeneko bideo monitorizazio sistema bat, klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina ezagutzeko, erabiltzaileen dentsitatea neurtzeko eta bainularien segurtasuna bermatzeko.
Igeldoko eta Urgulleko bideometria estazioak Bideometriako Foru Sarean integratuta, Donostiako Ondarreta, Kontxa eta Zurriolako hondartzak monitorizatuko dira.
José Ignacio Asensio: “Bideometria-sareak itsasertzaren bilakaera ezagutzeko aukera ematen digu, eta, horrela, egungo egoeraren diagnostiko egokia egin dezakegu etorkizunari aurrea hartu ahal izateko, hori funtsezkoa baita klima-aldaketaren aurka borrokatzen jarraitzeko”.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Espazio Publikoen eta Hiri Proiektuen zinegotziak, Igeldo eta Urgulleko itsasertzeko bideometria estazioak Gipuzkoako Bideometria Foru Sarera integratuko dituztela iragarri dute. Donostiako Udalak, AZTI Fundazioaren laguntzarekin, itsasertzeko bi biodeometria-estazio jarri ditu martxan aurten Igeldon eta Urgullen, Ondarreta, Kontxa eta Zurriolako hondartzak kudeatzeko. Horrela, Donostiako hiru hondartzak foru-bideometriaren sarean sartzen dira. Sare horrek Gipuzkoako hareatzak monitorizatzea ahalbidetzen du, bi helbururekin: aldi baterako datu-serieei buruzko informazioa biltzea, klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina ebaluatzeko; gure hareatzetako erabiltzaileen kopurua denbora errealean ezagutzea, eta olatuen eta korronteen ondoriozko arrisku-eremuak detektatzea, bainularien segurtasuna bermatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Kosta System bideo-sarea jarri du martxan AZTIrekin batera Gipuzkoako kostaldean. Lehen kamera Zarauzko udalerrian jarri zen 2017. urtean; 2018an, zerbitzua Deba eta Hondarribiko hondartzetara zabaldu zen; eta 2019ko martxoan, 6 estazio berri jarri ziren Saturrarango hondartzan, Mutrikuko Itzurun eta Santiagon, Zumaian, Gaztetape eta Malkorben Getarian, eta Antilla Orion. Orain, Donostiako Igeldo eta Urgull estazioak sartuta, Gipuzkoako itsasertz guztia monitorizatuta dago, eta, horri esker, klima-aldaketak gure kostaldean duen bilakaeraren edo eraginaren datu zehatzak lor ditzakegu.
Sistemak eskaintzen duen aukera nagusia da hondartzaren forma denboran zehar nola aldatzen den aztertzea (hareatzaren espazioa galtzea, harearen banaketa aldatzea, etab.); hala, klima-aldaketak hareatzetan duen eragina eta kosta-lerroaren bilakaera ezagutu eta ikusi ahal izango dira, klima-aldaketara egokitzeko neurriak aurreikusi ahal izateko.
Monitorizazio-sistemak erabiltzaileen dentsitateari buruzko informazioa ere ematen du eta hondartzetako asistentziaren eguneroko datua kalkulatzen du. Horrez gain, korronteen eta olatuen mapak egiteko aukera ematen du, eta bainularientzat arriskutsuenak diren bainurako eremuak zehazten ditu. Hori baliagarria da sorospen-zerbitzuei laguntzeko eta bainularien segurtasuna bermatzeko. Funtzionaltasun hori erabilgarri egongo da arrisku handieneko hondartzetan.
Gainera, Hondartzen Bideometria Sareak datuak ematen dizkio Gipuzkoako Klima Aldaketaren Behatokiari, Naturklimari. Gipuzkoako itsasertza behatzeari buruzko programa bat du.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “bideometria-sareak itsasertzaren bilakaera ezagutzeko aukera ematen du, eta, horrela, segurtasuna, jasangarritasuna eta hareatzetan eta hondartzetan ematen ditugun zerbitzuak hobetzeko neurriak aktiba ditzakegu. Egungo egoeraren diagnostiko egokia egitea eta etorkizunean zer gerta daitekeen iragartzea funtsezkoa da klima-aldaketaren aurka borrokatzen jarraitzeko”.
Kontuan hartu behar da Gipuzkoako hondartzetan, oro har, erabilera intentsiboa (bereziki udan) eta urbanizazio-maila altua, itsasoarekiko esposizio-maila handia, eta horrek guztiak oreka hauskorra sortzen duela. Oreka horretan, gero eta beharrezkoagoa da itsasertzeko dinamikaren eta hareatzen morfologiaren azterketan sakontzea, epe labur eta luzera horiek behar bezala kudeatu ahal izateko. Gainera, itsasertzeko dinamikaren konplexutasuna dela eta, neurketa-teknika klasikoak oso aplikazio mugatuan erabiltzen dira, eta kostu handiegia eragiten dute kostako sistema horien portaera aztertzeko orduan. Bideometriako teknikek, berriz, prozesu fisikoak deskribatzen laguntzen dute, espazio- eta denbora-eskala ugariren gainean.
Gipuzkoako bideometria-sarea bat dator Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategiarekin (Gipuzkoa Klima 2050), hau da, klima-aldaketa hareatzen kudeaketan sartzeko eta itsasoaren maila igotzeak kostaldean duen eragina ebaluatzeko planteamenduarekin. Instalatutako estazioei esker, informazio ugari bildu ahal izango da, eta klima-aldaketak hondartzetan eta itsasertzean duen eragina ebaluatzeko aukera emango duten denborazko datu-serieak izango dira.
1524