Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak egoitza aitzindari bat izango du, 127 adineko pertsonentzako zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten etxebizitzak hartuko dituena

Gipuzkoak egoitza aitzindari bat izango du, 127 adineko pertsonentzako zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten etxebizitzak hartuko dituena

Egoitza Usurbilen eraikiko da, Matiak bultzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kofinantzatuta, eta 2022ko amaieran irekitzea aurreikusten da.

Urte amaieran abian izango da Matia Fundazioa Usurbilen egiten ari den egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean.  Proiektu “aitzindari eta berritzailea” da, 2020ko ekainean hasi ziren eraikuntza lanak, eta 110 etxebizitza egingo dira 127 adinekorentzat; “argi eta garbi erakutsiz norantz doan Gipuzkoako zaintza eredua”, egoiliarren autonomia eta arreta pertsonalizatua bultzatzen duten bizikidetza unitate murriztuetan oinarrituta dagoena.  Hala azaldu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak zentro berriaren obretara egindako bisitan, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea, Mari Carmen Garmendia Matiako Patronatuko presidentea, Gerardo Amunarriz Matiako zuzendari orokorra eta bere lantaldeko kide batzuk bertan zirela.

          Zentro berri horretan etxebizitza kontzeptua berreskuratzen da, etxea bizitzeko espazio gisa ulertuta, edozein modutara dela ere, etxekoa bezalako giroa sortuta.  “Logelen ordez, zaintza zerbitzua eskaintzen duten etxebizitza txikiak egongo dira, komunitateari konektatuta eta irekita dagoen ingurune batean, non pertsona jarduera osoaren erdigunean jartzen den”. Olanok azpimarratu duenez “pertsonak, haien ongizatea, autonomia eta zainketen kalitatea dira Gipuzkoako gizarte politiken ardatz nagusia”. Gaineratu du proiektu honek bultzada handia ematen diola azken urteotan lurraldean garatzen ari den zaintza ereduaren eraldaketari, “berrikuntza, pertsonalizazioa eta komunitatearekiko lotura” eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta entitateen arteko lankidetza bitarteko direla, hori baita gizarte politiken Gipuzkoako ereduaren ezaugarri nagusietako bat.

          Zentroak 127 plaza izango ditu mendekotasuna duten adinekoentzat; 110 zaintza zerbitzuak dituzten etxebizitzak izango dira, horietako 93 banakakoak eta 17 bikoitzak, bikoteentzat edo senitartekoentzat. Gainera, etxebizitzak 7 bizikidetza unitatetan antolatuko dira, eta horietako bakoitzak 18 pertsona izango ditu. Espazio zabalagoak dira, 30 eta 38 m2 bitartekoak, eta sukalde txiki bat, egongela, logela eta bainugela izango dituzte. Hori guztia pertsonalizatzeko modukoa izango da, eta egoiliar bakoitzak altzariz hornitu ahal izango du, horrela, ingurune goxoagoak osatzeko.  Usurbilgo zentroak, zaintzapeko etxebizitzez gain, bi unitate psikogeriatriko izango ditu, bakoitza 15 plazakoa, eta eguneko zentro bat, 40 plazakoa.

Mota honetako eraikuntza berriko lehen proiektua da estatu osoan. “Ikuspegi berritzaile handia du”, 12.017 m2-ko azalera, eta guztira 20,7 milioi euroko inbertsioa behar du. Horietatik 6,4 Foru Aldundiak finantzatu ditu, bi erakundeen artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez (2,8) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozen Europako funtsen bidez (3,6).

Zaintzen tokiko ekosistema Usurbilen

Zentro berria Usurbilgo herrigunean egongo da, Kalezar auzoan, eta etxebizitzez eta eguneko zentroaz gain, herritar guztientzat irekita egongo diren zerbitzuak izango ditu, kafetegi bat eta ile apaindegi bat, eta, gainera, plaza berde bat izango du inguruko herritar guztientzat.

Diputatu nagusiak proiektu honen izaera “berritzailea” eta “trakzio” ahalmena azpimarratu ditu, eta adierazi du ekarpen handia egiten diola Usurbilen zein lurraldeko beste udalerri batzuetan eraikitzen ari diren zainketen tokiko ekosistemei, hala nola Pasaian, Azpeitian, Urretxun, Zestoan edo Hernanin.  “Gipuzkoan, tokiko zaintza ekosistemak garatzen ari gara hainbat udalerritan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan, eta Adinberrirekin, udalekin eta gizarte erakundeekin koordinatuta.  Estrategia honen bidez, mendekotasunaren eta zaurgarritasunaren prebentzioan aurrerago joan nahi dugu, autonomia pertsonala eta iraupen luzeko zaintzak bultzatuz, eta zaintzaileei ere laguntza eskainiz”. Diputatu nagusiak azaldu duenez, zaintzak komunitatearekin eta gizarte berrikuntzarekin uztartuta egon behar dute etorkizunean, eta, horrela, ekosistema aurreratuak sortuko dira maila lokalean, gerora lurralde mailan zabaltzeko helburuarekin.

Alkatearen hitzetan, “ur handitan murgilduta gaude Usurbilen”, zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko lanean, “estrategia oso bat diseinatuz”. Estrategia horrek iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatu asmo duen tokiko ekosistema bat osatzea duela helburu azaldu du, “lurralderatua, Usurbilen errotua, oinarri komunitarioa duena, zaintza beharra duten pertsonen nahiak erdigunean jartzeko bokazioa duena eta, ondorioz, etxeetara begira dagoena”. Gogoeta hori modu kolektiboan egiten ari dela azpimarratu du Solaberrietak, zaintzaren arloari “ikuspegi integraletik” begiratu zaiola hasieratik, eta “begirada, ertz eta erpin guztiak” barnebiltzen dituela martxan dagoen prozesuak.

  

1971