Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak ekonomia zirkularraren erronkak aztertuko ditu ikastaro batean

Gipuzkoak ekonomia zirkularraren erronkak aztertuko ditu ikastaro batean

“Prevención y reciclaje, fuente de riqueza y empleo” ikastaroa Donostiako Miramar jauregian egingo da irailaren 12an eta 13an.

2016/09/07

Jose Ignacio Asensio: “Gipuzkoak ekonomia sektore garrantzitsua garatzeko eta enplegua sortzeko aukera du hondakinen kudeaketa oinarritzat hartuta.”

Europako Batzordeak onartutako ekonomia zirkularreko neurri multzoak 6.150 euroko zuzkidura du.

Joan den abenduan (2015/12/2), Europako Batzordeak ekonomia zirkularra sustatzeko hainbat neurri hartu zituen. Onartutako neurri horien helburua da hondakinen erabilera jasangarriagoa bultzatzea, eta birziklatze eta berrerabilera handiagoa sustatuz ixtea produktuen bizitza zikloa. Horrela, lehengaiak ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dira, eta, ondorioz, baliabideak aurreztu, energia kontsumoa murriztu, eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa gutxitu. Onartu diren neurri multzoko 650 milioi euro Zerumuga 2020 programatik iritsi dira, eta 5.500 euro, hondakinak kudeatzeko egitura funtsetatik.

Gipuzkoan ekonomia zirkularreko estrategia bat abian jartzeko gure gain hartu beharko ditugun erronkak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, “Prevención y Reciclaje, Fuente de Riqueza y Empleo” ikastaroa antolatu du EHUko Udako Ikastaroetako Fundazioarekin elkarlanean, irailaren 12an eta 13an, Donostiako Miramar jauregian.  Ikastaroan aztertuko dira ekoizpen prozesu berrietan hondakinak lehengai gisa aprobetxatzeko aukerak, horrela, gure ekonomia aldatzeko eta enplegua sortzeko gai izango diren enpresak edo gizarte ekimenak sortzeko,   betiere, hondakinak murriztera, energia aurreztera eta isurketak gutxitzera xedatutako ikuspegi jasangarri batetik.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azaldu duenez, ikastaroaren helburuetako bat da Gipuzkoan hondakinen inguruko eztabaida sustatzea etorkizunari begira, eta erakustea badaudela aukera oso interesgarriak ekonomiari eta enpleguari dagokionez etengabeko eztabaidatik haratago. Ildo beretik Asensiok adierazi duenez, “Gipuzkoak sektore ekonomiko garrantzitsua garatzeko aukera du hondakinen kudeaketaren inguruan, eta ezinbestekoa da tirabira antzuak alde batera uztea erronka horri heltzeko”.  Ikastaroa hilaren 12an hasiko da, 09:30ean, diputatuaren aurkezten batekin, eta estatu mailako zein Europako adituak elkartuko dira. Honako hau izango da programa:

Irailaren 12an, astelehenean, José Ignacio Asensioren aurkezpenaren ondoren, 10:00etan, Gunther Wolff izango da hizlari, Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko (Hondakinen Unitateko) politiken arduraduna, eta ekonomia zirkularraren Europako estrategia eta enplegu hazkunderako horrek dakartzan aukerak izango ditu aztergai. Ondoren, 11:45ean, Santiago Barba Ekorec enpresako zuzendari nagusiak bere enpresaren esperientzia azalduko du, hainbat produktu ekoizten baititu automobilen eta kontsumoaren sektorerako, lehengai gisa plastikozko ontziak erabilita. Goiza amaitzeko, 12:45ean, Emaus Fundazioko Javier Pradini izango da hizlari; ekonomia zirkularraren eta gizarte ekonomiaren arteko harremana, eta berrerabilerak eta birziklatzeak gizarteratzeko proiektuak garatzeko eskaintzen dituzten aukeren berri emango du. Arratsaldean hizlari guztiek mahai inguru batean hartuko dute parte (“Una estrategia de economía circular para Gipuzkoa”).

Irailaren 13an, asteartean, 9:00etan hasiko da ikastaroa, Meritxell Torrentó Aptys lurren eta substratuen prestatzaileen elkarteko eta Compostcat Kataluniako konpostatze enpresen elkarteko idazkari nagusiaren hitzaldiarekin, eta gai hau jorratuko du: “Estrategias de gestión y comercialización del compost”.  Ondoren, 10:15ean, Ecoalf enpresako Nerea Ayalak, zeinak moda ekoizten baitu birziklatutako materialetatik abiatuta, hitzaldi bat emango du modaren munduan jasangarritasuna marka faktore gisa hartzeari buruz. Amaitzeko, 12:00etan, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Jose Manuel Pinedak elikagaien aprobetxamendua izango du aztergai: “Aprovechamiento de los alimentos como estrategia de ahorro de recursos e inserción social”.

  

1504