Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Gipuzkoak ekonomia zirkularreko lidergoa sendotu du GK Recycling klusterraren topaketarekin

Gipuzkoak ekonomia zirkularreko lidergoa sendotu du GK Recycling klusterraren topaketarekin

GK Recycling klusterreko 40 erakunde bildu dira Gipuzkoan ekonomia zirkularra indartuko duten estrategia berritzaileak definitzeko, 6.500 enplegu sortuz eta 650 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoarekin.

2025/02/06
GK Recycling networking

José Ignacio Asensio: “Sektoreen arteko lankidetza hori funtsezkoa da Gipuzkoa ekonomia zirkularreko Europako erreferente gisa kokatzen jarraitzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta ingurumena errespetatzen duen garapen ekonomikoa sustatzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak "2025erako lan-ildo berriak bultzatzen" lan-jardunaldia egin du gaur goizean. Topaketa hori Naturklimaren instalazioetan egin da, eta GK Recycling klusterreko 40 kide bildu dira. Kluster horretan 110 erakunde daude: unibertsitateak, teknologia-zentroak, birziklatze-sektoreko enpresak eta elkarteak.

Ekitaldiaren helburua izan da networkinga eta klusterreko kideen arteko lankidetza sustatzea, bai eta datozen urteetarako lan-estrategiak eta -lehentasunak zehaztea ere. Ekimen hau Gipuzkoak ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da. Eredu horrek 6.500 enplegu eta 1.425 milioi euroko fakturazioa sortzen ditu, hau da, lurraldeko BPGaren % 6. Gainera, jarduera horren eragin zuzena 650 milioi euro baino gehiagokoa da Gipuzkoako ekonomian.

Jardunaldiaren garapena

"2025erako lan-ildo berriak sustatuz" jardunaldiak hainbat aurkezpen, mahai-inguru eta tailer izan ditu, sektorearentzat funtsezkoak diren gaiak jorratzeko, hala nola:

  • Berrikuntza teknologikoa birziklatzean.
  • Ekonomia zirkularreko joera berriak.
  • Talentua erakartzeko eta lankidetza publiko-pribatua indartzeko estrategiak.
  • Irtenbide jasangarriak garatzeko proiektu pilotuak.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuaren hitzetan, “GK Recycling erreferentea da ekonomia zirkularraren eremuan, eta topaketa horri esker aliantzak indartu eta ekintza-ildoak zehaztu ahal izan dira eredu ekonomiko jasangarriago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiten jarraitzeko. Jardunaldian zehar, tokiko ekimenek ahalmen handia dutela eta parte hartu duten erakundeek berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin duten konpromisoa egiaztatu ahal izan dugu. Sektoreen arteko lankidetza hori funtsezkoa da Gipuzkoa ekonomia zirkularreko Europako erreferente gisa kokatzen jarraitzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta ingurumena errespetatzen duen garapen ekonomikoa sustatzeko”.

Klusterreko ordezkariek, bestalde, berrikuntza- eta lankidetza-aukera berriak aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute, Gipuzkoa jasangarritasunaren esparruan lider gisa mantentzeko.

GK Recycling klusterra Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sortutako ekimen aitzindaria da, eta Gipuzkoan ekonomia zirkularrarekin konprometitutako ehun erakunde baino gehiago biltzen ditu. Helburu nagusia proiektu berritzaileak eta jasangarriak sustatzea da, balio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa sortzeko.

  

4899