Gipuzkoak eraldaketa sozialaren eta ongizate integralaren aldeko apustua indartu du Etorkizuna Eraikiz laguntza-deialdi berriarekin
Volver Gipuzkoak eraldaketa sozialaren eta ongizate integralaren aldeko apustua indartu du Etorkizuna Eraikiz laguntza-deialdi berriarekin
Gipuzkoak eraldaketa sozialaren eta ongizate integralaren aldeko apustua indartu du Etorkizuna Eraikiz laguntza-deialdi berriarekin
Gobernu Kontseiluak deialdi berria onartu du, 640.000 euroko bi urteko aurrekontuarekin, lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuteko

Gobernu Kontseiluak beste laguntza-deialdi bat onartu du Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, 640.000 euroko biurteko aurrekontuarekin. “Ekimen honen helburua da berrikuntzatik eta lankidetzazko gobernantzatik, Gipuzkoako eraldaketa sozial eta ekonomikoa eta herritarren ongizate integrala bultzatzen jarraitzea”, Irune Berasaluze foru bozeramailearen arabera. Proiektuek hainbat erronkari heldu beharko diete, hala nola kohesio sozialari, genero berdintasunari, ongizate emozional eta fisikoari, komunitatearen indartzeari, administrazio publikoen eraldaketari eta berrikuntza ez-teknologikoari.
Programa hau Etorkizuna Eraikizen Gipuzkoa Taldean ekimenetik abiatzen da, herritarrek eta hainbat instituzio eta gizarte-erakundek parte hartzen duten partaidetza- eta deliberazio-organotik, hain zuzen, eta bi kategoria handitan banatutako proiektuak sustatuko ditu. Alde batetik, proiektu esperimentalak, eragile ekonomiko eta sozialek sustatutako proposamen berritzaileak direnak; esperimentazio maila handia eta inpaktu eta eskalagarritasun bokazio argia dutenak. Bestalde, esplorazio proiektuak, hipotesietatik edo ideietatik abiatuta, etorkizunean esperimentaltzat har daitezkeen proiektuak definitzea bilatzen duten ekimenak daude. Horiek bideragarritasun-probak eta -azterketak barne hartu beharko dituzte, inplementatu ahal izateko.
Berasaluzek nabarmendu duenez, deialdi berri honek "bide-orri gisa sendotzen du Etorkizuna Eraikizen papera, Aldundiak politika publikoen kudeaketan berritzeko egindako apustuan. Aldi berean, erakundeen, gizarte zibilaren eta lurraldeko sare ekonomikoaren arteko lankidetza indartzen du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.
Zuzkidura ekonomikoari dagokionez, deialdiak 200.000 euroko esleipena aurreikusten du 2025erako, eta 300.000 eurokoa 2026rako, proiektu esperimentaletarako. Bestalde, esplorazio proiektuek 56.000 euro izango dituzte 2025ean eta 84.000 euro 2026an. Oinarri arautzaileak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta erakunde interesdunek ezarritako epean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.
2024ko deialdian, 9 proiektu esperimental finantzatu ziren, esperimentazioaren bidez eta askotariko erakundeen arteko lankidetzaren bidez lurraldearen erronka estrategikoei heltzeko, arlo akademikoko eta ikerketako ekarpenak txertatuz. “Proiektu horietan jorratutako gaien artean daude euskararen eta inklusioaren ikuspegitik komunitatea indartzea ardatz duten ekimenak, pertsonarengan oinarritutako zaintza eredu berriak eta administrazioen arteko datu trukea esperimentatzeko proiektuak, politika publikoen formulazioa hobetzeko; guztiak ere Aldundiaren Plan Estrategikoan lehentasunezkotzat markatutako erronka eta helburuak”, foru bozeramaileak azaldu duenez.
“Ekimen honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du lankidetzan, esperimentazioan eta berrikuntzan oinarritutako gobernantza ereduarekin duen
konpromisoa, lurraldearentzat etorkizun jasangarriagoa eta parte hartzaileagoa eraikiz”, gaineratu du.
Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea
Gainera, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea indartzeko laguntzen deialdiari, 4,6 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin. Programa hau foru erakundeak I+G+Bren alorrean Gipuzkoa erreferente gisa sendotzeko eta lidergoari eusteko egindako apustu estrategikoaren barruan kokatzen da.
Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, "Gipuzkoak punta-puntako berrikuntza ekosistema bat eraiki du azken hamarkadetan, gaur egun eskualde eta enpresa askoz handiagoekin lehiatzeko aukera ematen diguna. Etengabeko ahalegin horren ondorioz, Estatuan barne produktu gordina kontuan hartuta I+G gaietan inbertsio portzentajerik handiena duen lurraldea gara, Europar Batasuneko batez bestekoa lau hamarrenetan gaindituz". Berasaluzek azpimarratu du berrikuntza funtsezkoa dela Gipuzkoako ekonomiaren iraunkortasunerako eta gizartearen ongizaterako. "Deialdi honen bidez, gure gaitasun teknologikoa eta zientifikoa indartzen jarraitu nahi dugu, ikerketa aurreratuko proiektuak babestuz eta sektore estrategikoetan talentua erakarriz eta eutsiz".
Gaur onartutako laguntza programak ikerketa eta berrikuntzarako hainbat laguntza ildo jasotzen ditu, enpresa sareari zein zientzia arloari zuzenduak. Deialdian diru-laguntzak aurreikusten dira enpresetako I+G proiektuetarako (2.200.000 euro), enpresetako I+G unitateetako proiektuetarako (1.000.000 euro), ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-teknologiko aurreratuetako inbertsioetarako (1.000.000 euro), eta ikerketa-proiektuetarako eta Gipuzkoa NEXT programarako laguntzak (400.000 euro). Azken hauek aurten, Sistema Ziberfisiko Adimendunetarako Teknologiak garatzeko erabiliko dira, kontrol-algoritmoak, eragingailuak, elektronika barneratua, sentsorikoa eta biosentsorikoa barne.
Berasaluzek gogorarazi du 2024an 56 proiektu lagundu zirela guztira, eta horrek Gipuzkoako I+G+b ekosistemaren dinamismoa eta haren garapena eta sendotzea erraztuko duten tresnak izatearen garrantzia islatzen duela. "Berrikuntzaren aldeko gure apustua irmoa da. Gipuzkoako Foru Aldunditik zientzia, teknologia eta berrikuntza babesten jarraituko dugu eskura ditugun tresnen bidez, gure lurraldearen lehiakortasuna bultzatzeko palanka nagusiak direla sinesten dugulako ", adierazi du.
Zarataren aurkako pantailak Lasarte-Orian
Foru Gobernuaren Kontseiluak gaurko bilkuran onartu du, halaber, Oria ibaiaren gaineko bidezubian, N-I errepideko 450 kilometroan, Lasarte-Oria parean, euste-sistema konpontzeko eta pantaila akustikoak jartzeko proiektua. Esku-hartze horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 2,29 milioi eurokoa da (BEZa barne). Esku-hartze horrek “azpiegituraren segurtasuna eta iraunkortasuna hobetuko ditu, eta trafikoaren inpaktu akustikoa murriztuko du inguruan”, foru bozeramaileak azaldu duenez.
Proiektuaren helburua bidezubitik datorren zarataren afekzioa arintzea da, egituraren iraunkortasuna indartzeaz gain, eta 3 metroko altuerako pantaila akustikoak instalatzea aurreikusten du, 300 metroko lineal batean.
Gainera, proiektuak lanak fase desberdinetan egitea aurreikusten du, une oro bi erreiren zirkulazioa bermatu ahal izateko. Errei bat ixtea eskatzen duten zeregin puntualetan, gaueko ordutegian egingo dira lanak. Obren iraupena zortzi hilabetekoa izango da, Berasaluzek aurreratu duenez.
Pantaila akustikoak instalatzeaz gain, proiektuaren barruan sartzen dira azpiegituran izandako kalteak konpontzea, zubiaren lauza indartzea eta euste-sistema egokitzea, balizko inpaktuak jasateko. "Segurtasuna hobetzeaz gain, zubiaren bizitza baliagarria luzatu eta jasangarritasuna indartzen duen jarduera integrala da", adierazi du foru bozeramaileak.
Errenta kanpaina 2024
Azkenik, foru bozeramaileak aurreratu du oraingo astean argitaratuko direla Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuaren webgunean 2024ko Errenta kanpainari dagokion atala, eta datorren martxoaren 25etik aurrera webgunean ikusi ahal izango direla proposamenak, eta postaz bidaltzen hasiko direla. Martxoaren 31tik aurrera autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira, eta apirilaren 3an hasiko da Zergabidea plataformaren bidez online egingo den errenta telematikoa, eta aitorpena modu presentzialean egiteko hitzorduak apirilaren 4tik aurrera erreserbatu ahal izango dira. Apirilaren 8tik aurrera hasiko da azken modalitate honekin.
2023ko Errenta Kanpainako datuen arabera, itzulketetarako batez besteko epea 1,27 egunekoa izan da modalitate mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan; 1,37 egunekoa autolikidazio proposamenen kasuan; eta, azkenik, modalitate telematikoetan, kasuen % 99an 10 egunetik beherako epean egin da itzulketa. “Ildo horretan, Aldundiaren konpromisoa da herritarrei zerbitzu eraginkorra, lehiakorra eta kalitatezkoa ematen jarraitzea, eta, beste urte batez, zergadunei zerbitzurik onena emateko eta Foru Ogasunarekin dituzten zereginetan laguntzeko ahalegin horretan egingo da lan”, amaitu du foru bozeramaileak.
4317