Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak erreforma amaitu eta bere Ondarearen gaineko Zerga lerrokatu du inguruko lurraldeekin

Gipuzkoak erreforma amaitu eta bere Ondarearen gaineko Zerga lerrokatu du inguruko lurraldeekin

Izena aldatu, ezkutu fiskala delakoa berreskuratu eta tarifak eguneratuko ditu zergak; honela, Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin harmonizatuko da

2018/06/06

Ondarearen gaineko Zergaren bigarren erreforma onartu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak. Honela, zerga hau inguruko lurraldeetakoekin lerrokatuta geratzen da. Foru ganberak onartu duen neurrien artean, hiru aldaketa nabarmen daude: izenaren aldaketa, ezkutu fiskala delakoa berreskuratzea eta zergaren tarifen eguneratzea. “Egun garrantzitsua da, Gipuzkoak ‘rara avis’ fiskala izateari utziko baitio, bere ondarearen gaineko zerga Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin lerrokatuz”, azaldu du Ogasun eta Finantza foru diputatu den Jabier Larrañagak.

Erreformak EAJ/PNV, PSE-EE eta Alderdi Popularraren aldeko botoak jaso ditu. EH Bilduk eta Ahal Dugu-Podemosek, bere aldetik, aurka bozkatu dute. Foru diputatuak, ondoren egin dituen adierazpenetan, neurri hauen beharra defendatu du, Gipuzkoaren egoera “normalizatzeko”. Honela, gaur onartutako aldaketekin, zergaren izena aldatzen da, Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga izatetik Ondarearen gaineko Zerga izatera; ezkutu fiskala berreskuratzen da, hau da, muga bat ezartzen da, zergadun batek urte batean PFEZ eta Ondarearen gaineko Zergagatik zergetan ordaintzen duena bere urte horretako diru sarreren %65 gainditu ez dezan; eta tarifak igotzen dira, zerga bilketari eusteko.

Ogasun eta Finantza diputatuak gogoratu duenez, Gipuzkoa da Europa mailan ondarearen gaineko zergaren bat duen azken lurraldeetakoa, herrialde gehienek azken urteetan deuseztatu baitute tributua. Europar Batasunean, bi herrialde bakarrik mantentzen dute gaur egun: 2019an deuseztatuko duela iragarri duen Frantziak, eta Madril bezalako autonomia erkidegotan zerga indargabetuta duen Estatu espainiarrak. “Gipuzkoak ezin zuen jarraitu izaten alor honetan fiskalitate gogorrena zuen Europako lurraldea. Baina argi geratu dadila hemen ez zaiola inori ezer ere oparitzen: hemen inguruko lurraldeetan ordaintzen den berdina ordainduko da”, defendatu du.

Gaur onartu diren aldaketekin 2015ean hasitako bidea amaitzen da. Orduan, presazko lehen erreforma egin zen. Neurri nagusia, orduan, enpresa partaidetzak salbuetsita uztea izan zen, kontzeptu hau zergapetuta izateak ekonomia sustapenari egiten baitzion kalte, krisi ekonomiko egoera bete-betean. Lehen erreforma horren eraginez, zerga-bilketa hazi egin zen eta, orain, bigarrenarekin, murriztu egingo da. Bi erreformen eragin globala zortzi milioi euro negatibokoa da, Larrañagak gogoratu duenez, pasa den urteko zerga-bilketa osoaren %0,17 den zifra.

  

4350