Gipuzkoak eta Cádizek zenbait jarduera elkarrekin koordinaturik egitea adostu dute
Gipuzkoak eta Cádizek zenbait jarduera elkarrekin koordinaturik egitea adostu dute
Denis Itxasok eta Cadizeko Aldundiko lehendakari Irene Garcíak lansaio bat egin dute, mendeurrenaren egokiera baliatuz, bi lurraldeak harremanetan jartzeko eta sinergiak sortzeko hainbat zabalkunde ekintza elkarrekin egitearren eta, ahal dela, erakusketa eta argitalpen partekatuak egitearren, balitekeelarik andaluziarren partehartze bat izatea Pasaiako Itsas Jaialdian ere.
Diputatu nagusiorde eta Kulturako foru arduradun Denis Itxasok eta Cádizeko Aldundiko lehendakari Irene Garcíak lansaio bat egin dute elkarrekin. Bilera ostean, bi erakundeak konbentziturik agertu dira bi aldeon intereseko jarduerak gauzatu ahal izango dituztela Lehenengo Mundu Biraren V. Mendeurrenaren kariaz. Mundu Bira hartan, hain zuzen ere, Cadizeko Sanlúcar de Barrameda herriak berebiziko garrantzia izan zuen, bidaia harrigarri haren abiaburua eta helmuga izan baitzen, haraxe iritsi zelarik Juan Sebastian Elkano gipuzkoar nabigatzaile handia 1519an hasia zen eta 1522an burutu zuen bidaian.
Denis Itxaso eta Irene García bat etorri dira balentria hura ospatzearen garrantzia azpimarratzeko, gaur egun globalizazio izenaz ezagutzen dugunaren lehenego mugarritzat jo baitaiteke lorpen hura. Gertakari hark, izan ere, erabat irauli zuen mundua ulertzeko era, bai eta kontinenteen arteko trukeak ahalbidetzeko abagunea ere, mugimendu ekonomikoak eta komertzialak arrunt areagotzeaz gainera. Horrenbestez, mendeurrenaren ospakizunen ikuspegi kulturala nabarmendu dute.
Horregatik, lansaioan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cádizeko Aldundiak elkarrekin lan egitea adostu dute, hainbat zabalkunde jarduera koordinaturik antolatzeko, hala nola, argitalpenak eta erakusketak; orobat, Pasaiako Itsas Jaialdian andaluziarren partaidetza izan litekeen aztertzen ari dira. Horren guztiaren helburua da gertakari historiko honen mendeurrena baliatzea lankidetzarako formula berriak finkatzea, Magallanesek hasi eta Elkanok burutu zuen balentria gogoangarri hark bere garaian aukera berriak sortzeko izan zuen ahalmena berretsiz.
1543