Gipuzkoak hobariak zabaldu ditu garraio publikoan urte amaierara arte
Gipuzkoak hobariak zabaldu ditu garraio publikoan urte amaierara arte
Azahara Domínguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) presidenteak jakinarazi duenez, astearte honetan egindako ezohiko batzarrak argi berdea eman dio 14 urtera arte (horiek barne) adingabeen doakotasuna zabaltzeari. Gainera, 25 urtetik beherakoek % 50eko deskontuak izaten jarraituko dute, eta garraio publikoaren gainerako erabiltzaileek % 40ko hobariak izango dituzte

Azahara Domínguez GGLA presidentea eta Eluska Renedo zuzendaria
Gipuzkoak garraio publikoan deskontuez gozatzen jarraituko du urtea amaitu arte. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) ezohiko batzarrak astearte honetan onartu du Azahara Domínguez presidenteak hobariak zabaltzeko egindako proposamena. Horien arabera, adingabeen doakotasuna 14 urtera arte luzatuko da (horiek barne), 25 urte arteko pertsonek % 50eko deskontuak izaten jarraituko dute, eta garraio publikoaren gainerako erabiltzaileek % 40ko hobariak izango dituzte.
Azahara Domínguezek azaldu duen bezala, uztailaren 1etik aurrera ezarritako Estatuko neurri berriek % 40ko hobaria ezartzen dute abonuak eta erabilera anitzeko tituluak erabiltzen dituzten erabiltzaileentzat (horien artean MUGI txartela). Kostu horren % 20 Gobernu zentralak ordainduko du, eta gainerako % 20a, berriz, toki-administrazio eskudunek.
"Albiste bikaina da Gipuzkoak urte osoan zehar garraio publikoan deskontuak izaten jarraitu ahal izatea. Izan ere, milaka familiarentzat aurrezpen oso garrantzitsua izateaz gain, gure gizartean mugikortasun iraunkorreko ohiturak finkatzen jarraitzeko aukera emango du", nabarmendu du GGLAko presidenteak.
Gazteengan eta kolektibo ahulenetan jartzen du arreta
Azahara Domínguezek azaldu duenez, "berriro berretsi dugu kolektibo ahulenekin dugun konpromisoa, hala nola gazteekin".
Ildo horretan, 14 urte arteko adingabeentzako garraio publikoa doakoa izateaz gain (12 urtetik beherakoek garraio publikoaren egiturazko doakotasuna dute), 25 urte arteko gazteentzat % 50eko deskontuak mantentzea onartu da, eta horri, Azahara Domínguezek gogorarazi duenez, "gazteek MUGI txartela kargatzean jasotzen dituzten % 25eko hobariak gehitu behar zaizkio".
"Lanean jarraituko dugu garraio publikoa sustatzeko neurriak ezartzeko eta eskaintzen ditugun zerbitzuak herritarren benetako beharretara egokitzeko, horrela garraio publikoak herritarren mugikortasun jasangarrirako eskubidea bermatzen jarraituko du, inor atzean utzi gabe, eta pertsona guztientzako aukera-berdintasuna ziurtatuko du haien errenta-maila edo bizilekua edozein dela ere", esan du GGLAko presidenteak, eta gogorarazi du MUGIrekin Gipuzkoako garraio publikoaren erabiltzaileek abantaila gehigarri ugari dituztela, hala nola erabileragatiko deskontuak, doakotasunera iritsiz hileko 50. bidaiatik aurrera; doako transbordoak sistema hau osatzen duten operadoreen artean; hobariak kolektibo berezientzat eta doakotasuna mendeko pertsonen laguntzaileentzat, besteak beste.
6443