Gipuzkoak nazioarteko aditu eta sareekin konpartituko du Gobernu Irekiaren eta Garapen Jasangarriaren alde egin duen apustua
Gipuzkoak nazioarteko aditu eta sareekin konpartituko du Gobernu Irekiaren eta Garapen Jasangarriaren alde egin duen apustua
Gipuzkoak nazioarteko aditu eta sareekin konpartituko du Gobernu Irekiaren eta Garapen Jasangarriaren alde egin duen apustua
Kongresua otsailaren 18an eta 19an izango da, eta izena emateko epea irekita dago jada.
Datorren otsailaren 18an eta 19an, Etorkizuna Eraikizen barruan, Open minded governance for your future kongresua egingo da Donostian, Garapen Jasangarriko Helburuak xede dituen gobernantza kolaboratiboari buruz. Foru Aldundiak antolatu du, Open Government Partnership nazioarteko sarearekin lankidetzan. Izan ere, foru erakundea sare horretako kide da, gobernu irekiaren alde lan egiten duten 75 herrialdetako gobernu eta elkarteekin batera. Mundu osoko tokiko gobernuak ordezkatzen dituen CGLU sareak ere parte hartu du antolaketan. Kongresuan gobernu onaren esparru desberdinetan jarduten diren lehen mailako aditu internazionalek parte hartuko dute, eta EAEko nahiz nazioarteko administrazio publikoetatik sustatzen ari diren gobernantza eredu berrien inguruan jardungo dira. Horrela, gure lurraldean egon diren esperientzien berri emango da, eta, aldi berean, nazioarteko jardunbide onenak ezagutuko dira.
Hitzorduaren ardatzetako bat izango da gobernu irekia eta NBEk 2030erako ezarri dituen garapen jasangarriko helburuak (GJH). «Binomio horretan bilduta daude administrazioen eta gizartearen etorkizuneko erronkak, Gipuzkoako Foru Aldundiak orainera ekarri nahi dituenak, gaurtik bertatik lantzen hasteko, eta Gipuzkoarentzako etorkizun hobea eraikitzen jarraitzeko», azaldu du Imanol Lasak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikaziko foru diputatua. «Agenda politiko berri baten aurrean gaude mundu mailan, eta agenda berri horretan funtsezkoak dira desberdintasunak murriztea, kalitatezko enplegua sortzea, jasangarritasuna eta gobernatzeko moduak eraldatzea. Gure lurraldeak bere egin ditu helburu horiek, eta bide onetik doa», adierazi du.
Kongresuan zazpi lan mahai egongo dira: gobernantza kolaboratiboa, etika instituzionala, plangintza, ebaluazioa eta kontu ematea, gardentasuna, partaidetza, eta GJHen artikulazioa gobernu ekintzan. Daniel Innerarity, Manuel Villoria, Cristina Monge, Juana López edo Arantxa Mendiharat bezalako adituek gidatuko dituzte mahaiak, eta bertan nazioarteko esperientzia aurreratuak ezagutuko ditugu, hala nola Eskozia, Suitza edo Argentinakoak, nahiz Gipuzkoako hainbat udalek garatutakoak -Errenteria, Eibar edo Arrasate, esate baterako-. Kongresuari hasiera emango diote Markel Olano diputatu nagusiak eta Carlos Martinez CGLUko presidenteordeak.
«Helburua da ezagutza partekatua sortzea, herritarrekiko harremanetarako eta kudeaketarako eredu berri bat ezartzen jarraitzen lagunduko diguna, elkarlanean oinarrituta, gizarte gipuzkoarrarentzat positiboak izango diren aldaketa sozialak eta politikoak ekarriko dituzten proiektu eraldatzaileak abian jarri ahal izateko. Elkarrekin heldu behar diogu gure gizarteen ziurgabetasunari, horrela guztiontzako etorkizun hobea eta jasangarriagoa eraiki ahal izateko», azaldu du Lasak. Horregatik, parte hartzeko deia egin die ehun sozial eta ekonomikoko ordezkariei, eta herritarrei oro har.
Izena emateko epea irekita dago, https://www.gipuzkoa.eus/es/web/open-minded-governance web orrian, 943 113960 telefonoan edo aelezgaray@gipuzkoa.eus helbidera idatzita. Kongresuaren programa eta ordutegiak web orri horretan bertan ikusi daitezke.1672