Gipuzkoak zero xahuketaren alde egiten du ostalaritzaren sektorean
Gipuzkoak zero xahuketaren alde egiten du ostalaritzaren sektorean
Aldundiak eta Basque Culinary Center-ak hitzarmena sinatu dute elikagaien xahuketa murrizteko “Rest-0" proiektuaren bitartez.
Asensio: «Erronkari aurre egiteko, lehenengo eta behin, hondakinen kopurua murriztu behar dugu. Bigarrenik, produktuen berrerabilpena sustatu eta azkenik, hondakinak birziklatu behar ditugu. Eta horretarako, herritarren partaidetza ezinbestekoa da».
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center Fundazioko zuzendari nagusiak, lankidetza hitzarmena sinatu dute elikakatean lanean ari diren eragile desberdinen arteko lankidetza sustatu nahian. Horretarako “Rest-0, Gipuzkoako sukaldaritza eta zero xahuketaren aldeko konpromisoa” proiektua burutuko dute; gastronomiaren bitartez, Gipuzkoan jasangarritasuna hobetzeko asmoz, hainbat ekintza jasotzen dituena, betiere sukaldaritzaren sektorea aldaketaren eragile gisa hartuta.
Horrela, lehendabiziko, elikakatearen alorrean lan egiten duten eragile desberdinak identifikatu eta elkartu nahi ditu. Bigarrenik, ekintza hauek garatu nahi ditu Gipuzkoako jasangarritasunaren inguruan jardunbide egokien komunitate bat sortzeko: ideia saiorako dinamikak eta jarduerak diseinatu, hainbat jardunaldi antolatu, eta azkenik, ekitalditik emaitzak atera eta aztertu. Ekimen hauek garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 10.000 euro jarriko ditu.
Ekimen hau aurreko urteetan egindakoen jarraipena da; izan ere, Basque Culinary Centerrak urteak daramatza elikagaien xahuketaren arloan lanean BCC Innovation gastronomiaren arloko sektore-gune teknologikoaren bidez, eta gainera, erreferente pedagogiko bat da Gipuzkoako gastronomian.
Asensiok azaldu du elikagaien xahuketa Ingurumeneko Departamentuaren lerro estrategikoetako bat dela. Hiri hondakinak prebenitzeko esparruan, elikaduraren xahuketa da aurre egin behar zaion hondakin motetako bat. 2016. urtean Gipuzkoan egin zen hiri hondakinen azken karakterizazioaren arabera, elikaduraren xahuketa, gutxi gorabehera, sortu den errefusaren % 2,4 da. «Ezin dugu jarraitu elikagaiak xahutzen eta alferrik galtzen, elikagai horien premia duten pertsonak baitaude, eta, gainera, xahutze horrek ondorio larriak baititu, baliabideen kontsumoagatik eta igorpenengatik», adierazi du foru arduradunak. Gipuzkoan 123.000 tona elikagai xahutzen direla estimatzen da bereziki etxeetan eta ostalaritza sektorean.
Sukaldaritza da oihartzun handia duen tokiko eragile ekonomiko. Ingurumenarekiko eragin handia du, baliabideen kontsumo handia egiten du eta hondakin asko sortzen ditu. Ingurumeneko diputatuak sukaldaritza jasangarrirantz aurrera egiteko beharra azpimarratu du: «Elikagaien xahuketaren erronkari aurre egiteko, lehenengo eta behin, hondakinen kopurua murriztu behar dugu, produktuen berrerabilpena sustatu eta azkenik, hondakinak birziklatu. Horretarako, herritarren partaidetza ezinbestekoa da».
Egungo elikagaien sistemak ez dira jasangarriak. Izan ere, erabiltzen diren baliabideen produkzio-tasa kontsumo-tasa baino txikiagoa da. Uraren % 70aren eta berotegi-efektuko isurien % 30aren arduradunak dira.
1453