Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Gipuzkoako basogintza eta baso politikari buruzko ponentziaren ondorioen txostena onartu dute Batzar Nagusiek

Gipuzkoako basogintza eta baso politikari buruzko ponentziaren ondorioen txostena onartu dute Batzar Nagusiek

Onartutako dokumentuak basoaren funtzioak modu orekatuan optimizatzera bideratutako hainbat ekimen jasotzen ditu, jasangarritasunaren hiru zutabeak kontuan hartuta: ingurumena, ekonomia eta gizartea

2025/02/14

Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2024ko apiriletik azarora bitartean basogintzari eta baso politikari buruz egindako ponentziaren ondorioen txostena onartu dute gaur. Ponentzia sortu zen Gipuzkoako basoen eta basogintzaren egungo egoera aztertzeko, Gipuzkoako gizarteak horretatik espero duenari buruz ikertzeko, gogoeta egiteko klima aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren testuinguru berrian eta horri dagokionez aurkezten diren erronkei erantzungo dieten politikak eta tresnak aztertzeko.

Guztira 23 saio egin dira, eta, horietan, adituek, ikertzaileek eta lurraldeko eragileek beren ikuspegia, esperientzia eta ezagutzaz baliatuz bere ikuspegia eman dute, besteak beste, Gipuzkoako baso kudeaketaren inguruan eta errelebo falta edota gizartea baso ingurunera hurbildu eta sentsibilizatzeko beharraren inguruan.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua “eskertuta agertu da hilabete hauetan ponentzia aberasten eta ondorioen txosten oso bat garatzen lagundu duten ekarpenengatik, espero baitugu politika eta ekimen berriak garatzeko bide orri berritzaile gisa balioko digula, aurkezten zaizkigun erronkei erantzuteko eta Gipuzkoan epe luzera baso kudeaketa jasangarria bermatzeko”.

Ildo horretan, Arrutik ponentzia horren garrantzia azpimarratu du, izan ere, “krisi klimatiko batek markatutako egungo testuinguruan, basoen kudeaketa funtsezkoa da, baliabide naturalen erabilera eraginkorra eta jasangarria bermatuko duen trantsizio berde adimenduna egiteko”.

Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren ustez, dokumentu hau onartzea aurrerapauso bat da; izan ere, “dokumentuak gure basoek ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik duten funtzio hirukoitza aitortzen du, eta gure baso-azalera modu jasangarrian eta orekatuan kudeatzera bideratutako ekintzak proposatzen ditu, hiru alderdi horiek kontuan hartuta”.

Ildo horretan, ondorioen txostenak gure basoen etorkizuneko kudeaketa jasangarria bermatzeko funtsezko hiru bloketan banatzen ditu garatu beharreko ekintzak: ingurumenaren babesa eta klima aldaketaren aurkako borroka; bioekonomia zirkularraren bultzada; eta pertsonen ongizate integrala.

Ingurumenaren babesa eta klima aldaketaren aurkako borroka

Lehen puntua gure basoen baso kudeaketa jasangarrian jartzen du fokua. Horrela, honako hauekin lotutako alderdietan zentratzen da: basogintzako plangintza, lurraldea antolatzeko tresna gisa; espezieen kudeaketa eta arriskuan dauden espezieen babesa; basoko artzaintza; gure baso-azalera gero eta gehiago uztearen ondorioz nabarmentzen diren

arriskuen aurrean, suteen aurkako babesa; fiskalitatea, azalera horien zaintza bermatzeko mekanismo gisa, eta, aldi berean, jabe txikiak aitortu eta konpentsatu arlo horretan egiten duten lanagatik; basogintzako ikerketa; eta lankidetza publiko-pribaturako mekanismoak.

Bioekonomia zirkularraren bultzada

Ondorioen txostenak basoek ekonomia jasangarriago baterantz igarotzeko duten balioa ere azpimarratzen du. Ildo horretan, baso azaleretan garatzen den jarduera ekonomikoa aitortzen du, eta tokiko baso bioekonomia modu jasangarrian sustatzeko beharra azpimarratzen du, betiere hiru zutabeen arteko oreka errespetatuz: ingurumena, ekonomia eta gizartea. Era berean, KM0 zur baten alde egitearen garrantzia azpimarratu du, horrek karbono aztarna murriztea dakarrelako.

Gipuzkoako herritarren ongizate integrala

Txostenak ingurune berde horiek Gipuzkoako herritarren ongizate integralean duten funtsezko papera azpimarratzen du. Puntu honetan, besteak beste, nabarmentzekoa da gure basoetako zerbitzu ekosistemikoak aitortzea, zerbitzu horiek ekosistema batek gizarteari ekartzen dizkion onurak direla ulertuta (CO2 xurgatzea, biodibertsitatea edo ura), pertsonen osasuna, ekonomia eta bizi kalitatea hobetzen dutenak. Horrela, etorkizunean zerbitzu horiek sustatzeko beharra azpimarratzen du txostenak. Era berean, nabarmendu du lanean jarraitu behar dela, herritarrek ezagutu eta onar dezaten lehen sektoreko eragileek ingurunea zaintzen egiten duten lana.

Gipuzkoako basoei eta silbikulturari buruzko datu garrantzitsuenak 

Gipuzkoako baso-estalkia lurraldearen azalera osoaren % 61,1 da gaur egun, hau da, 121.925 hektarea. Kopuru hori Suedia, Finlandia edo Letonia bezalako herrialdeetakoaren parekoa da, eta Europako zuhaitz-azaleraren batez bestekoa ( % 37) gainditzen du. Lurraldean inbentariatutako 34 zuhaitz espezie daude, eta horien landaketa lurralde osoan zehar sakabanatuta dago, barietate bakarreko nukleo handirik egon gabe. Baso-azaleraren % 51 20 hostozabal-espeziek baino gehiagok osatzen dute, eta % 49, berriz, 10 konifero-barietatek.

  

4654