Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Boleibol Federazioak eta Kultura eta Kirol Departamentuak plan estrategiko bat aurkeztu dute, boleibolak Gipuzkoan izango duen etorkizuna markatzeko

Gipuzkoako Boleibol Federazioak eta Kultura eta Kirol Departamentuak plan estrategiko bat aurkeztu dute, boleibolak Gipuzkoan izango duen etorkizuna markatzeko

Plan hori egiteko, Gipuzkoako Boleibol Federazioak eta Kultura eta Kirol Departamentuak Prospektikerren metodologia erabili dute; enpresa horrek burutu ditu saskibaloiko, ziklismoko eta halterofiliako plan estrategikoak ere.

2024/07/10
volei

Gaur goizean aurkeztu da Gipuzkoako boleibolaren plan estrategiko berria. Prentsaurrekoan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari Marta Pastor, Gipuzkoako Boleibol Federazioaren ordezkari Patxi Nájera eta Eusebio Lizarazu, eta Prospektikerreko Iñaki Elzaurdi.

Gipuzkoako boleibolaren plan prospektibo-estrategikoa (2030) burutzeko kirol horretan gakoak diren eragile guztiek parte hartu dute: klubak, ikastetxeak eta erakunde administratiboak. Dokumentu horrek helburu argiak eta lorgarriak ezartzen ditu, bai eta Gipuzkoako boleibolaren garapen eta hazkunde iraunkorrerako ibilbide-orri xehatua ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari Marta Pastorrek nabarmendu duenez, "proiektu hau Gipuzkoako boleibolaren hazkunde nabarmenari erantzuteko sortu da, batez ere emakumeen kategorietan, bai eta hondartzako boleibolaren gero eta ospe handiagoari erantzuteko ere. Gainera, azken urteotan, hainbat kirol modalitatetako plan estrategikoak garatu ditugu. Orain, boleibolarekin, 2030erako ibilbide-orri argia eta erraza ezarri nahi dugu, inplikatutako eragile guztien parte-hartzearekin".

Eusebio Lizarazu Gipuzkoako Boleibol Federazioko arduradunetako batek azpimarratu duenez, “boleibola munduan gehien praktikatzen den hirugarren kirola da, igeriketaren eta futbolaren atzetik”.

Plan honen helburua da Gipuzkoako boleibolean inplikatutako eragile guztientzako gida integral gisa balio izatea, ziurtatuta ekintza guztiak 2030erako nahi den etorkizuneko eszenatoki baterantz bideratzen direla. Ikuspegia argia da: ordurako, boleibola lehen mailako kirola izango da, maila tekniko eta antolamenduzko altua izango ditu, federazio-egitura sendo bat, eta, klub aktiboen kopuruari esker, kolektibo kohesionatu eta konprometitu bat.

Plan estrategikoak gardentasuna, konpromisoa, lankidetza, osotasuna, anbizioa, hurbiltasuna eta kalitatea bezalako balioak ditu oinarri. Printzipio horiek hartuko dira beti kontuan, bermatzeko ekintza guztiak burutzen direla kirolarekiko eta kirolariekiko etika eta dedikazioarekin.

Plana helburu estrategiko argi eta definituetan egituratzen da, bakoitza bere jarduera eta proiektu espezifikoekin. Helburu horien artean daude kirol-eragileen arteko lankidetza bultzatzea, kirolari eta entrenatzaileen kopurua eta maila teknikoa handitzea, lehiaketen antolaketa hobetzea, federazio-egitura indartzea eta Federazioaren kudeaketa eta komunikazioa optimizatzea.

Helburu horiek lortzeko, hainbat ekintza burutuko dira, hala nola kirol eta gizarte ekitaldiak sortzea, teknifikazioak eta lehiaketak antolatzea, entrenatzaileak eta arbitroak etengabe prestatzea, eta klubak zabaltzea eta kirol instalazioak hobetzea, beste ekimen estrategiko batzuen artean.

Planaren parte da hondartzako boleibola garatzea hainbat ekimenen bidez: txapelketak eta teknifikazioak sustatzea eta kirola egiteko kostaldeko azpiegiturak hobetzea. Plan honen bidez, Gipuzkoako Boleibol Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu dute boleibola lurraldeko kirol-erreferente bihurtzeko, kirol horren etengabeko hazkunderako ingurune egokia sortuta. 

  

1518