Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako enpresa sareak egungo ziurgabetasun egoerari aurre egiteko duen gaitasunean “konfiantza” agertu du Olanok

Gipuzkoako enpresa sareak egungo ziurgabetasun egoerari aurre egiteko duen gaitasunean “konfiantza” agertu du Olanok

Diputatu nagusiak eta bere talde ekonomikoak Kimua Group bisitatu dute, estatu mailan karga handien manipulazioan erreferentzia den enpresa.

Bisitaren une bat.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Iker Estensoro Ekonomia Sustapeneko zuzendariak Kimua Groupen Lizartzako instalazioak bisitatu dituzte gaur. Bilera bat izan dute Iñaki Oreja enpresako gerentearekin eta haren taldearekin. Bisitan, zuzenean ezagutu dituzte enpresaren proiektuak. Izan ere, enpresa 2011n BIC Gipuzkoaren laguntzarekin sortu zen eta estatu mailan erreferente bihurtu da karga handiak manipulatu, altxa eta garraiatzeko soluzioen diseinuan eta fabrikazioan, hainbat sektoretako bezero entzutetsuekin lan eginez, hala nola trenen, altzairuaren, aeronautikaren, instalazio zientifiko handien edo energia eolikoaren sektoreetakoekin.  “Kimua da Gipuzkoakoa bezalako enpresa sare baten adibide argia, alegia, ziurgabetasun egoeran egon arren, etorkizunera begiratzen du proiektu berriekin, nortasun argiarekin, eta mundu mailan etorkizun handieneko sektoreetan posizionatuta”, azpimarratu du Olanok.

          Ingeniaritza aurreratu gisa jaio zen enpresa honek 40 pertsonako plantilla du eta makinak diseinatu eta fabrikatzea, ‘renting’-a edo segurtasunaren inguruko prestakuntza bezalako zerbitzuak eskaintzen ditu. Bere instalazioetan estatu mailan kapazitaterik handienetakoa duen entsegu bankua dauka, ‘Lamia’ delakoa. Horren bidez, 1.000 tona arteko karga pisutsu, handi edo delikatuekin testak egin ditzake. Etorkizuneko planen artean dago nazioartean ere erreferentzia izateko banku horren gaitasuna handitzea. ‘On shore’ sektore eolikoan aktore gisa finkatuta, aurten ‘off shore’-an ere sartu da, bere arloan Estatuko konpainia aitzindari izanik pauso hori ematen. 

Lizartzatik mundura

Enpresa honen beste bereizgarrietako bat da kanpoan duen presentzia, jardueraren % 50 baino gehiago atzerrian egiten baitu, Alemanian, Frantzian, AEBetan, Indian, Japonian edo Australian, esaterako. Bezeroen artean multinazionalak daude, hala nola Acciona, General Electric edo Siemens, edo puntako azpiegitura zientifikoak, hala nola CERN edo ITER. Ekodiseinuaren, ingurumen aztarna murriztearen, kalitatearen eta trazabilitatearen aldeko apustua da beste ezaugarri bat; bezeroen zehaztapenak errespetatuz, eta nazioarteko araudirik zorrotzenak betetzen direla bermatuz. Hala, kudeaketa eta fabrikazio mailako ziurtagiri guztiak baditu, ‘KIMUALITY’ deritzoten filosofiarekin bat.

          Konpainiak I+Gko atal bat du, eta atal horretan lantzen ditu enpresaren dibertsifikazioa eta produktu eta zerbitzu berrien diseinua. Horren adibide da Kimubil 2.0 proiektua, Aldundiak mugikortasun berria sustatzeko abian jarritako ‘Smart Mobility’ laguntzen aurtengo deialdiko 15 onuradunetako  bat. Izan ere, foru erakundeak 690.000 euro bideratu ditu aurtengo deialdira. Proiektu horrek kargen elektromugikortasunerako patinete elektriko industrialen bigarren belaunaldi bat lantzen du. Merkatuko teknologiarik berrienak baliatzen ditu, fabrikazio alternatiba azkarragoa, ekologikoagoa eta optimizatuagoa ezartzen du, gutxi kutsatzen duten materialekin, eta joan-etorriak erraztuz, isuritako karbono aztarna ahalik eta gehien murrizteko.

          Era berean, Iñaki Orejak gaur azaldu duenez, pertsonen aldeko apustua da, faktore giltzarri gisa, konpainiaren beste ezaugarri bat; egitura horizontal eta lankidetzazkoen alde egitea, langileen erabakiak txertatzea ahalbidetzeko, eta langileen ongizatearen, hazkunde profesional eta pertsonalaren alde egitea, hizkuntzetan eta beste trebetasun batzuetan oinarritutako banakako prestakuntzaren bidez, edo aisiarako eta euskara eta euskal kultura sustatzeko jardueren bidez. "Kimua dantza kolektiboa" izeneko dantza-talde bat sortzen lagundu dute, eta baita  musika-disko bat grabatzen ere. Era berean, enpresak zero kilometroko produktuak hornitzen ditu.

“Filosofia horri esker, giza taldea indartu ahal izan dugu, motibazioa hobetu, eta lehiakorrak izan gara talentua erakartzeko enpresa handiagoen aurrean”, enpresako arduradunaren hitzetan. Eguneroko zereginean bi ezaugarri goraipatu ditu: “Gure filosofiaren oinarria da inori mugarik ez jartzea, gure taldea osatzen duten guztiek proiektuaren mesedetan mugarik gabe eboluzionatu ahal izan dezaten bilatzea. Eta bestetik, frogatzea posible dela pertsonak ardatz nagusi dituen beste kudeaketa-modu bat”.

Olanok, bestalde, adierazi du Kimua Groupen ibilbideak erakusten duela, “lurraldearekiko, pertsonekiko eta balio sendoekiko konpromisotik abiatuta, gure enpresak gai direla munduko merkatuan bidea irekitzeko eta aintzatespena eta prestigioa lortzeko, puntako produktu eta zerbitzuak eskainita. Nazioartekotutako ETEen adibide bat da, teknologikoki aurreratua, eta mugikortasuna eta energia garbiak bezalako sektoreetan sendotzen ari dena, funtsezkoak baitira arlo horiek egungo trantsizio energetikoaren aurrean. Trantsizio horrek aukera berriak irekitzen ditu enplegua eta aberastasuna sortzeko, eta aprobetxatu egin behar ditugu”.

Diputatu nagusiak berretsi du enpresa sarean “konfiantza” duela egungo nahasmendu egoerari aurre egiteko. “Gure enpresak ez daude zalantzengatik geldituta, erabakitasunez jarduten ari dira baizik, beren jarduerari eusteko eta beren horizonteak zabaltzeko”. Ildo horretan, berretsi du Aldundiak bere konpromisoa mantentzen duela “gure ongizatea bermatuko duten ekonomia eta industria sendoen alde”, eta iragarri du konpromiso horrek “bultzada handia” jasoko duela irailean, aurreikusten baita lehiakortsunerako, eraldaketa digitalerako eta enpleguaren kalitaterako laguntzak ebaztea, “deialdi guztien artean 10 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin”.

  

2987