Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino % 0,8 gehiago saldu zuten urtarriletik azarora
Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino % 0,8 gehiago saldu zuten urtarriletik azarora
Azaroko datuak negatiboak izan dira barne salmentetan % 2,1eko jaitsierarekin. Zifra horren arrazoia da esportazioek behera egin dutela (-% 10,7), eta barruko salmentek berriz, gora (+% 3,4) 2023ko hilabete berarekin alderatuta

Gipuzkoako enpresen salmentak -% 2,1 jaitsi dira azaroan, 2023ko hil beraren aldean. Gipuzkoako Foru Ogasunak enpresen egoerari buruz egindako txosteneko datuek erakusten dutenez, azaroko datuak positiboak izan dira barne-salmentei dagokienez (+%3,4), esportazioek, aldiz, behera egin dute (-% 10,7). Sektoreei dagokienez, zerbitzuen sektoreak izan du salmenten jaitsierarik handiena (-% 3,5), ondoren eraikuntzak (-% 1,7) eta industriak (-% 1,1).
Datu metatuei dagokienez, urtarriletik azarora bitarteko salmenten datuak positibo mantentzen jarraitzen dute. Aurreko urtearekin alderatuz, zifra % 0,8 igo da. Horren arrazoi nagusia barne-salmenten hazkundea da, % 1,3 hazi baitira, eta esportazioek, berriz, % 0,2 egin dute behera.
Sektoreen arabera, urteko lehen hamaika hilabeteetako guztizko salmenten hazkunde nagusia zerbitzuen sektoreari zor zaio batez ere (+% 2,1); industriaren kasuan, aldiz, hazkundea oso txikia izan da (+% 0,1) eta eraikuntzaren kasuan salmentak jaitsi egin dira denbora tarte horretan (–% 3,7).
Kanpo merkataritzaren xedeari dagokionez, Europar Batasunerako esportazioak % 3,3 jaitsi badira ere, gainerako herrialdeetarako salmentak % 3,8 igo dira. Inportazioen kasuan, % 2,0 igo dira azaroan, baina lehen hamaika hilabeteetan ez da aldaketa handirik izan, 2023ko aldi berarekin alderatuta.
Enpleguari dagokionez, Gipuzkoako lan merkatua indartsu mantendu da, eta horren erakusgarri da lan merkatuak azken hiru urteetan lurraldean izan duen etengabeko hazkundea. Horrela, urtarriletik urrira, enplegu adierazleek % 1,7ko hazkundea izan dute, aurreko urteko denbora tarte beraren aldean. Enplegua sektoreka banatuz gero, ikus daiteke enplegua modu esanguratsuan hazi dela industrian (+% 2,3) eta intentsitate txikiagoarekin zerbitzuen sektorean (+% 1,3); eraikuntzan, berriz, behera egiten du (–% 0,9). Soldatei dagokienez, % 7,3 igo dira urteko lehenengo hamar hilabeteetan, eta industrian nabaritu da gehien igoera hori (+% 8,1), ondoren zerbitzuen sektorean (+% 6,3) eta eraikuntzan (+% 2,5). Kontuan hartuta enplegua soldatak baino erritmo motelagoan hazi dela, langile bakoitzeko batez bestekoa % 5,6 igo da, datuen arabera.
Aurkeztutako zifrek erakusten dutenez, nahiz eta azaroan esportazioak nabarmen jaitsi, barneko salmentak aurreko hilabeteen antzeko mailan mantendu dira,
eta lehen hamaika hilabeteetako salmenten zenbaketa globalak joera positiboari eutsi dio aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, lurraldeko ehun ekonomikoak orain arte erakusten duen sendotasunaren ondorioz.
Ogasun eta Finantza Departamentuak egin ohi duen txosten horrek hilero datu interesgarriak eskaintzen ditu lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Dokumentu osoa Ogasunaren webgunean egongo da eskuragarri, ohi bezala, edozein kontsultarako.
4113