Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea bultzatzeko milioi bat euro
Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea bultzatzeko milioi bat euro
Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planean kokatzen da deialdia
Gipuzkoako enpresei kanpo-merkatuetara zabaltzen laguntzen jarraituko du Foru Aldundiak, nazioartekotze programaren bitartez. Ildo horretan, Diputatuen Kontseiluak diru-laguntza deialdia onartu du, bi lan ildo nagusirekin: enpresek produktu berriak nazioarteko merkatura eramateko, eta atzerrian jabegoaren zatirik handiena mantentzen duten enpresa filialak sortu, handitu edo erosteko ekintzak sustatzeko. Horretarako 1.000.600 euro bideratuko ditu 2018an, Imanol Lasa foru bozeramaileak iragarri duenez.
Gaurkoan zehaztu duenez, aurreko urtean hainbat sektoretako eta ezaugarritako 28 enpresak lortu zuten beraien produktuak esportatzea gaur onartutako programaren bitartez. Horietatik 17 enpresa txikiak izan ziren, eta haien artean, 6 oinarri teknologikoko enpresa berriak. Babestutako ekintzak merkatu askotara zuzendu ziren, baina horien artean nabarmentzen dira Amerikar Estatu Batuak, lagundutako 12 proiektutan, Alemania, sei proiektutan, eta Errusia eta Mexiko, lau ekintzatan. Atzera eginez, 1999az geroztik, Foru Aldundiak 15,7 milioi euro bideratu ditu laguntzetan, 419 proiektu garatzea ahalbidetu dutenak.
Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planean kokatzen da deialdia. Horren bitartez 50 milioi euro inbertitzen ari da urtero jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzeko. “Gero eta enpresa txiki eta ertain gehiago murgiltzen dira gaur egun nazioartekotze proiektuetan”, azpimarratu du bozeramaileak. Horietako askok, adierazi duenez, “zailtasunak” izaten dituzte merkatu berriak ezagutu eta “gero eta konplexuago gertatzen diren” operazioetan parte hartzeko. “Merkatua gero eta lehiakorragoa denez, gure babesa eskaini nahi diegu nazioarteko presentzia indartu dezaten eta atzerriko negozioa zabaldu dezaten, lehen pausoetan batez ere, horiek izaten baitira sarritan zailenak”, argitu du.
Hori horrela, Foru Aldundiak prestatutako programek laguntza eskaini nahi diete enpresa txiki eta ertainei, gisa horretan “Gipuzkoaren esportazio oinarria zabaldu” dadin. Foru bozeramaileak gogora ekarri duenez, lurraldearen esportazioek errekor historikoa lortu zuten joan den otsailean, kanpoko salmentak 604,6 milioi eurokoak izan baitziren. Datu “bikaina” da haren esanetan, “baina ezin gaitu eraman lasaitzera, baizik eta norabide berean ahalegin handiagoak egitera”.
Hori dela-eta, aipatutako deialdiaren dotazioa 200.000 euro handitu da, eta atzerriko ezarpen produktiboak eta komertzialak sustatzeko diru-laguntza lerroa berreskuratu da, 396.453 euro bideratuko direlarik. Oinarriak eta informazio guztia laster argitaratuko dira GAOn, eta eskaera egiteko epea hilabetekoa izango da, argitalpen egunetik hasita.
Gaur iragarritako deialdiaz gain, Foru Aldundiak nazioartekotzea bultzatzen jarraitzen du Nebts –Start Upen nazioartekotzea– eta Lagundex –ETEen nazioartekotzea– programen bitartez, Gipuzkoako Ganberaren laguntzarekin. Baita ere, 2016. urtean aurkeztu zen Elkargirekin batera martxan jarritako finantziazio tresna berria, tartean nazioarteko proiektuak bultzatu nahi dituena abalen bitartez. Enpresa txiki eta ertainek lurraldearen ekonomia ehunaren barruan duten garrantzia nabarmendu du Lasak. ETEen pisua oso begibistakoa da industrian, sektore horretan, Gipuzkoan, 900 enpresa txiki eta ertain baino gehiago baitaude, guztira 31.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituztenak, gipuzkoar industriaren osoaren erdiak ia. Gainera, lurraldeko ETE-en % 53k 25 urtetik gorako ibilbidea daukate, “Gipuzkoarekin duten lotura estua erakusten duena”.
Hori horrela, ziurtatu du Aldundiak lehentasun gisa mantenduko duela Gipuzkoako enpresei babesa eskaintzea etorkizunean ere, tamaina txikikoei bereziki, “hobeak eta eraginkorragoak izan daitezen, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko, halakoek lagunduko baitiete etorkizuneko erronkei erantzuten. Beharrezkoa da lurraldeko enpresak nazioartean lehiakorrak izatea. Nazioartekotzea ezinbesteko elementua da gure ekonomia ehunaren lehiakortasuna bermatzeko, eta merkatu berriak irekitzeko”.
Ordiziko adinekoen egoitza
Era berean, Kontseiluak oniritzia eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ordiziako Udalaren eta San Jose Egoitza erakunde autonomoaren artean sinatu beharreko hitzarmenari, adineko pertsonentzako udal egoitzaren kudeaketa eskualdatzeari buruzkoa. Hitzarmen horren arabera, Kabia erakunde autonomoaren esku utziko da, 2018ko uztailaren 1etik aurrera, Ordiziako San Jose adinekoentzako egoitzaren zerbitzuen kudeaketa, prestazioa eta gauzatzea.
Kabia organo autonomoan Gipuzkoako 16 udal egoitza integratuko dira 2019ra bitarte, eta guztira 1.505 plaza kudeatuko ditu (1.336 egoitza plaza, gehi 169 plaza eguneko zentroetan), 299 Kabiako langile (116 funtzionario eta 183 kontratudun), eta 18 enprestako 949 langile zerbitzuak eskaintzen, antolaketa desberdina duten 16 egoitza. Dagoeneko Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaiako, Lasarte, Andoain eta Bergarako udal egoitzak Kabian txertatu direlarik, aurten Ordizia, Oñati, Errenteria, Arrasate eta Tolosako egoitzak integratuko dira Kabian. Datorren urtean, aldiz, Hernani, Eibar San Andres, Irun Ama Xantalen eta Pasaia.
Lasak berretsi du Kabiako arreta eta kudeaketa eredua erreferente bihurtuko dela Gipuzkoan adinekoen egoitza arretaren alorrean, eta “jasangarria eta kalitatezkoa" izango dela, “emaitzetara” bideratutako kudeaketarekin. Erantsi du Kabiako bide orria “denon artean” definitu dela, Aldundiaren, udalen eta egoitzen arteko “adostasunean eta akordioan” oinarrituta. Kabian integratuko diren egoitzek urteetan emandako zerbitzuan pilatutako eskarmentuak berebiziko garrantzia edukiko du etorkizuneko kudeaketan. “Prozesua ez da erraza, baina pixkanaka aurreikusitako pauso guztiak ematen ari gara”, amaitu du.
1412