Gipuzkoako enpresen salmentek % 2,5 egin dute gora urtarrilean aurreko urtearen aldean
Gipuzkoako enpresen salmentek % 2,5 egin dute gora urtarrilean aurreko urtearen aldean
· Ogasun eta Finantzetako hileroko txostenaren arabera, esportazioek % 3,1 egin dute gora 2025eko lehen hilean, 2024ko aldi berarekin alderatuta, nahiz eta nazioarteko ekonomiaren testuinguruan ziurgabetasuna izan nagusi.

Gipuzkoako enpresen salmentek 2025a hasi dute % 2,5eko igoerarekin, 2024ko hilabete beraren aldean. Gorakada hori gertatu da barneko salmentek % 2,2 egin dutelako gora eta esportazioek, % 3,1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Departamentuak enpresen egoeraren inguruan hilero egiten duen txostenean jasotako datuen arabera, industria eta zerbitzuen sektoreak dira gorakada nabarmenena izan dutena, % 2,1 eta % 4,1eko igoerarekin, hurrenez hurren; aldiz, eraikuntzan, salmentek nabarmen egin dute behera, % 8,3.
Esportazioei dagokienez, nahiz eta nazioarteko testuinguru ekonomikoan ahultasuna eta ziurgabetasuna izan nagusi, Gipuzkoako enpresen esportazioek % 3,1 egin dute gora 2025eko urtarrilean, iazko aldi beraren aldean. Esportazio horien helmugari dagokionez, ahultasun handiagoa antzematen da Europako herrialde nagusietan; hala, EBrako esportazioek % 0,9 egin dute behera eta, gainerako herrialdeetarako salmentek, berriz, % 8,2. Inportazioek ere gora egin dute urtearen lehen hil honetan, % 5,1, eta erosketa horien jatorriari dagokionez, EBkoek % 3,4 egin dute gora eta, Batasunetik kanpokoek, aldiz, % 9,7.
Enpleguari dagokionez, pertsonen kontratazioak azken hiru urteetako joera berdina mantentzen du; hartara, urtarrilean % 0,9ko igoera izan du, iazko aldi beraren aldean. Industrian, igoera apala izan da (% 0,6), eraikuntzan % 1,4 hazi da eta, zerbitzuen sektorean, % 1,3.
Soldatei dagokienez, urtarrilean Gipuzkoako enpresek ordaindutako soldatak % 5,7 igo dira. Soldata hazkunde handiena zerbitzuen sektorean izan da, % 6,2koa; industrian, % 5,5ekoa eta, eraikuntzan, % 2,7koa. Txostenaren arabera, pertsonako batezbesteko soldatak % 4,8 egin du gora, enpleguaren gorakada eta enplegatutako pertsona bakoitzeko batezbesteko soldata kontuan izanda.
Ogasun eta Finantzetako diputatu Itziar Agirrek aipatu duenez, datu horiek positiboak dira Gipuzkoaren bilakaera ekonomikoari dagokionez, eta ildo horretan, «testuinguru geopolitikoa konplexua izan arren, Gipuzkoako ekonomiak tinko eutsi dio eta horren adibide da gure salmentek gora egin dutela urteko lehen hilabetean, baita esportazioek ere». Agirrek gaineratu duenez, «zuhurtziaz jardun eta arreta jarri behar dugu nazioarteko egoeran, eta, bereziki lurralderako erreferentziazkoak diren merkatuetan; datu horiek positiboak dira eta aurrera jarraitzeko konfiantza ematen digute».
3352