Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako etxe bakoitzak 165 kilo elikagai alferrik galdu zituen 2020. urtean

Gipuzkoako etxe bakoitzak 165 kilo elikagai alferrik galdu zituen 2020. urtean

Ingurumeneko Departamentuak "Enraiza Derechos" Gobernuz Kanpoko Erakundearekin elkarlanean egindako bi azterlan aurkeztu ditu, Gipuzkoako etxeetan elikagaiak alferrik galtzearen arrazoiak eta egoera azaltzen dituztenak: «Gipuzkoako Lurralde Historikoko etxeetan elikagaiak alferrik galtzearen inguruko azterlana» eta «Gipuzkoako Lurralde Historikoko etxeetan elikagaiak alferrik galtzearen arrazoiak»

2021/02/16

Jose Ignacio Asensio: "Elikagaiak alferrik ez galtzeak eragin handia du ingurumenean, emisioak murriztu egiten direlako, eta, gainera, betebehar sozial bat da. Elikagaiak alferrik galtzeari dagokionez Gipuzkoako familiek duten portaeraren inguruko azterketa honek  klima aldaketarako gure estrategietan aurrera egiten laguntzen digu, bai eta Gipuzkoa ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik jasangarriagoa egiten ere".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak web mintegi bat egin du gaur, Enraiza Derechos GKEarekin batera prestatu berri diren bi azterlan ezagutarazteko; azterlan horien helburua da Gipuzkoako etxeetan elikagaiak alferrik galtzeko arrazoiak eta egoera aztertzea. Azterlan horiek oinarritzen dira, hain zuzen, Gipuzkoako landa-inguruneko zein hiri-inguruneko 20 etxetan egunero egin diren inkesta kualitatibo eta kuantitatiboetan, kontuan hartuta generoaren, adinaren eta familia-tipologiaren ikuspegi sozialdemografiko guztiak.

Lehen azterlanak, elikagaiak alferrik galtzeari dagokionez etxeetako egungo egoera neurtzera bideratutakoak, erakusten digu  Gipuzkoako familiek astean 3,15 kilo elikagai alferrik galdu zituztela 2020. urtean, hau da, 165 kilo urtean. Horrek esan nahi du % 20ko murrizketa egon dela aurreko urtearekin alderatuta, urte horretako datuen arabera 200 kilo galdu baitziren etxe bakoitzeko urtean.

Inkestaren emaitzen arabera, urtean alferrik galdutako 163 kilo horiei dagokienez, % 45 (74 kilo urtean) jangarriak diren elikagai-hondarrei dagokie, batez ere, prestatutako jakiak, frutak eta barazkiak, eta neurri txikiagoan ogia, saltsak eta olioak, arrautzak eta esnekiak.

Jangarriak diren elikagai-hondarren sorreran adierazitako arrazoiei dagokienez, % 23 janaria hozkailuan ahaztuta uzteagatik da, beste % 23 plater-hondarrei dagokie, % 15 aprobetxatu gabeko soberakinei, eta % 13 iraungitako produktuei.

Kualitatiboki, inkestatuen % 82k uste du oso garrantzitsua dela elikagai-hondarren arazoa, eta % 81ek uste du beraien etxean sortutakoa batez bestekoaren azpitik dagoela.

Elikagaiak alferrik galtzea mundu mailako arazoa da, eta hori murrizteko estrategiak eta ekintza eta sentsibilizazio planak behar dira. Mundu osoan, NBEren arabera, 1.300 milioi tona elikagai (munduko ekoizpenaren herena) zaborretan amaitzen dira platerera iritsi baino lehen. Bitartean, gizateriaren % 10,5ek desnutrizioa du, eta elikagaien industriatik eratorritako berotegi efektuko gasek egungo krisi klimatikoa eragin duten guztizko isurketen % 25-30 osatzen dute.

Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi duenez, "elikagaiak alferrik ez galtzeak eragin handia du ingurumenean, emisioak murriztu egiten direlako, eta, gainera, betebehar sozial bat da. Elikagaiak alferrik galtzeari dagokionez Gipuzkoako familiek duten portaeraren inguruko azterketa honek  klima aldaketarako gure estrategietan aurrera egiten laguntzen digu, bai eta Gipuzkoa ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik jasangarriagoa egiten ere".

Alde horretatik, beharrezkoa da horrelako analisiak eta diagnostikoak egitea, beharrezko sentsibilizazio eta murrizketa estrategiak sortzea ahalbidetzen duen jakintza oinarriak baitira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak elikagaiak alferrik galtzearen problematika jasotzen du ardatz estrategiko gisa Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Orokorrean (2019-2030) (GHHKPO  2019-2030). Bertan, hainbat ekintza jasotzen dira, hala nola diagnostikoak, ekintza planak, eta etxean nahiz jatetxeetan elikagaiak alferrik galtzeari dagokionez herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak. Horrela, dagoeneko hainbat ekimen lantzen ari dira, besteak beste Gourmet bag kanpaina, etxeetan eta merkataritzan kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina, eta "azken minutuko" ekintza;  izan ere, Elikagaien Bankuarekiko lankidetzaren bitartez, aukera ematen du merkaturatu ezin diren elikagaiak 1.000 t/a-tik gorako kopuruan berreskuratzeko, eta Auzolanekin eta Elikagien Bankuaren bidez, catering zerbitzuan eman ez diren menu prestatuak egunero salbatzeko.

 

  

2326