Gipuzkoako Foru Aldundia Ameriketako Estatu Batuetan dauden Gipuzkoako enpresekin bildu da
Gipuzkoako Foru Aldundia Ameriketako Estatu Batuetan dauden Gipuzkoako enpresekin bildu da
• Eider Mendoza diputatu nagusia CAF, ULMA, GH, Salto Systems eta Garriguesekin bildu da, Ameriketako Estatu Batuetan kokatutako enpresek bizi duten egoera berriari buruz duten ikuspegia bertatik bertara ezagutzeko.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, eta Sustapen Ekonomikoko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Ane Insaustik, azken lan-bilera bat izan dute gaur goizean New Yorken, Estatu Batuetan presentzia duten Gipuzkoako enpresa erreferenteekin. Topaketa honen helburua, testuinguru ekonomiko global berriaren aurrean eta merkatatu-egoera berriaren aurrean Ameriketako Estatu Batuetan kokatuta dauden enpresen egoera, erronkak eta aukerak zuzenean ezagutzea izan da.
Bilera Salto Systemsek New Yorken duen egoitzan egin da, eta erreferentziazko enpresetako ordezkariak bildu dira bertan (hala nola CAF, ULMA, GH, Salto Systems eta Garrigues), guztiak ere liderrak beren sektoreetan eta presentzia nabarmena dutenak nazioartean.
Oso topaketa baliagarria izan da Trump presidenteak hartutako zerga neurrien eragina aztertzeko, Ameriketako Estatu Batuetako Gipuzkoako enpresen egungo testuingurua ulertzeko eta haien lehiakortasuna babeste eta indartze aldera diagnostiko bat egiteko.
Egungo testuinguru ekonomiko eta geopolitikoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrea hartzeko estrategiarekin jarraitzen du, gertaera berriei gertuko jarraipena eginez eta lurraldeko enpresa eta ekonomia ehunarekin lankidetza indartuz, laguntza-politikak merkatuko behar aldakorretara egokitzeko asmoz. Topaketa honen helburua, enpresen eta erakundeen artean informazioa aztertzeko eta trukatzeko gune bat eskaintzea izan da, Gipuzkoako enpresen lehiakortasun globala indartzen lagunduko duten erronkak eta aukerak identifikatzeko.
Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duen bezala, «urtetan lantzen ari garen elkarlan eta aurrea hartzeko estrategia funtsezkoa da gure enpresen etorkizuneko jarduera gure mugen barruan eta horietatik kanpo bermatzeko. Ameriketako Estatu Batuetara egindako bisita eta enpresa horiekin egindako bilera funtsezkoak izan dira Trump administrazioaren politiken aurrean bizi duten egoera gertutik ezagutzeko. Gure helburua, azken hilabeteetan gertatzen ari diren gertaerei hurbileko jarraipena egitea da. Erronka posibleei aurrea hartu ahal izateko eta azkar jarduteko, gure lurraldeko enpresak babesteko asmoz. Azken batean, gure industria lehiakorra defendatzea funtsezkoa da, Gipuzkoaren ongizatea eta etorkizuna bermatzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ameriketako Estatu Batuetan kokatutako Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna babesteko eta bultzatzeko konpromisoa berretsi du bilera honetan.
4439