Gipuzkoako Foru Aldundiak 630.000 euroko ekarpena egiten du Ipurua estadioa eraberritzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak 630.000 euroko ekarpena egiten du Ipurua estadioa eraberritzeko
Ekarpen hori 320.000 euroko zenbatekoari gehitu behar zaio, diru kopuru hori esleitu baitzuen Foru Aldundiak harmailak eraberritzeko lehen fasean; beraz, Foru Aldundiak ia 1 milioi euroko ekarpena egiten du Ipuruarentzat.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur goizean, hitzarmen bat sinatu du Eibarko Udalarekin eta Eibar Kirol Elkartearekin, zeinaren bidez foru erakundeak 630.000 euroko ekarpena egingo baitu Ipurua estadioko harmailak eraberritzeko. Hitzarmena sinatu dutenak dira lehen diputatu nagusiorde Denis Itxaso, Eibarko alkate Miguel de los Toyos eta Eibar Kirol Elkarteko lehendakari Amaia Gorostiza. Haren bidez, Foru Aldundiak, aurtengo 2019. urtean, 80.000 euroko ekarpena egingo baitu, eta 2020. urtean, berriz, 550.000 eurokoa, Eibarko estadioko harmailak eraberritu eta handitzeko lanei ekitearren. Zenbateko horiek 320.000 euroko zenbatekoari gehitu behar zaizkio, diru kopuru hori esleitu baitzuen Foru Aldundiak eraberritze horren lehen parterako; horrek esan nahi du ezen Foru Aldundiak proiektu horretan egiten duen inbertsioa ia 1 milioi eurokoa dela.
Denis Itxasok zera azpimarratu du: “Eibar Kirol Elkartearen kirol progresioa albiste handi bat da Gipuzkoako kirolarentzat, eta kirol hazkunde horri lagundu behar dio Ipurua estadio handiago batek, talde armaginaren zale guztiak eroso hartzeko modua izango duenak”.
Eskakizun hori betetzeko asmoz, Kluba faseka garatzen ari da Ipurua estadioa birmoldatzeko proiektua. Proiektu modular bat da, bost fase dituena; horietatik, lehen biak ia amaituta daude, eta horietarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 320.000 euroko ekarpena egin zuen, aurrekontuaren % 10.
Hirugarren fasean, egin asmo diren lanen artean, mendebaldeko harmaila berriak daude; 1.211 jarlekutatik 1.762ra pasatuko dira. Behean, berriz, bai estadioan bai eranskinean, hainbat zerbitzu egongo dira, hala nola aparkalekua, gimnasioa, partidak emateko espazioa, hedabideentzako espazio berriak (prentsa-aretoa, eremu mistoa eta kazetarientzako lan eremua), aldagelak, eta biltegia –argiteria eta lorezaintzako orgentzat, beste ekipamendu batzuen artean–.
Harmaila horien atzealdean, zelai gehigarri bat egongo da, aurrekoaren neurri berdinak izango dituena, eta jendeari irekitako pasabide berri bat egongo da, Santaines kaletik Elgetako errepideraino joateko.
Era berean, fase horren barruan sartuta dago hegoaldeko harmailak birmoldatzea ere, zeinari esker hedabide guztiak espazio bakar batean birkokatuko baitira, egungo irrati kabinen eremua handituz, eta jarleku kopurua handituko baita, egungo 2.096etatik 2.369ra.
Orobat, asmoa da eskailera-maila baten bidez lotzea iparraldeko eta mendebaldeko harmailak, bere garaian iparraldeko eta ekialdeko harmailekin egin zen bezala, eta eraikin berri bat altxatuko da antolaketa-kontroleko unitateetarako eta beste ekipamendu batzuetarako. Orobat handituko dira aldagelak, aldageletako tunela eta agintarien palkoa.
Fase horretan sartutako lan horien guztien aurrekontua 11 milioi eurokoa da. Kasu honetan, Foru Aldundiaren ekarpena, gutxi gorabehera, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko kostu osoaren % 5,90 da.
1744