Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak bere gain hartu du Ibai Partekatuen Kudeaketarako Gutunaren jarraipen Batzordearen lehendakaritza

Aldundiak bere gain hartu du Ibai Partekatuen Kudeaketarako Gutunaren jarraipen Batzordearen lehendakaritza

Asensiok mugaz gaindiko akordioaren eraginkortasuna nabarmendu du eta Bidasoa, Urumea, Oria, Nive eta Nivelle ibaiak partekatzen dituzten erakundeen arteko harremanen erraztasuna azpimarratu du

2017/04/27

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uraren Euskal Agentziak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak, Errobiko Ibarraren Sindikatuak, Pirinio Atlantikoko Departamentuak  eta Aturri-Garona Ur Agentziak, gaur goizean berretsi dute Iruñean mugaz bestalde partekatutako arroen kudeaketa bateratua egiteko konpromisoa: Bidasoa, Urumea, Oria, Nive eta Nivelle ibaiak. Ekitaldi honetan, Gipuzkoak bere gain hartu du “Ibai partekatuen kudeaketarako Gutunaren” jarraipen Batzordearen lehendakaritza. Konpromisoa hartu da ibaien baliabideetan eta uraren kudeaketan gaituak diren administrazio egitura ezberdinen artean lankidetza sustatzeko, partekatutako ibaien ur baliabideen erabilpen jasangarria, bidezkoa eta koordenatua egiteko.

Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Diputatuak, lehendakaritza hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean. Asensiok akordioaren “eraginkortasuna” eta proiektu ezberdinetan erakundeen arteko harremanen “erraztasuna” azpimarratu ditu. Europar Batasunaren diru-laguntza politikaren garrantzia eta “Ibai partekatuen kudeaketarako gutuna” sinatu duten kideen interesa nabarmendu ditu ere.

Isabel Elizalde, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Kontseilaria, bileraren buru izan da eta Gutuna sinatu duten zazpi erakunderen ordezkariek parte hartu dute. “Uraren kudeaketa ez da lurralde bakoitzaren administrazio-esparrura mugatu behar soilik, maila globalean egin behar da, arroen eskala fisikoan”, adierazi du Elizaldek.

Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariak, konpromiso politikoa berretsi du 2017ko urtarrilean Iparraldeko 10 mankomunitateak bat egin eta gero. Euskal Hirigune Erkidegoa 2018ko urtarrilak 1etik aurrera  eskumena izango du Ingurune Urtarrak eta Uholdeen Babesa (GEMAPI) kudeatzeko.

Gutunak ezartzen du uraren kalitatearen eta ur ekosistema eremuen arteko lankidetza, edateko uraren hornikuntzarekin eta bainurako urekin zerikusia duten osasun alderdiak, segurtasuna uholde arriskuari dagokionez, baliabideen erabilera eraginkorra eta eskaera kudeaketaren sustapena. H2Ogurea mugaz gaindiko proiektuak, 2014eko abenduaren 19an sinatutako gutunaren ezarpena babesten du. Hala ere, Gutunaren kideen lankidetza Europako proiektu zehatzeetara hedatzen da, luzaroan iraungo duten harremanak eraikitzeko.

Herritarren babeserako eta ibai partekatuen kudeaketa ezin hoberako beharrezkoak diren informazioak banatzeko konpromisoa hartzen dute sinatzaileek: ur mailaren eta ibaien egoerari buruzko jarraipen erregularren datuak, edo ibai behealdean edo goialdean ondorioak izan ditzaketen obrei buruzko informazioa.  

2017an aurreikusten da euskal eta frantses meteorologia agentziekin (Euskalmet eta Météofrance) alerta meteorologiko trukaketarekin hastea. H2Ogurea proiektuaren barne, uholde arriskuaren prebentzioa eta kudeaketa arazoari ekingo zaio.

Bestalde, edateko uraren kalitatea eta hornitzea hobetzeko ikuspegiak aztertuko dira eta espezie inbasoreen aurkako esparruan ekintzak burutzea aurreikusten da.

Uraren Esparru Zuzentaraua eta Uholdeen Zuzentaraua

Guztion ondasun honen hauskortasuna ezagutuz, europar instantziek lankidetza sustatzeko zuzentarauak ezarri dituzte. Europar Batasunak ezarritako Uraren Esparru Zuzentaraua eta Uholdeen Zuzentaraua hain zuzen. Ura babesteko komunitate-eremua sortzen duten kudeaketa-plangintza eta arro hidrografiko bakoitzari egokitzen zaizkion neurri eta programak ezarriz. Ibaiek ez dituzte muga administratiboak aintzakotzat hartzen, beraien ibilgua jarraitzen dute. Horregatik, Zuzentarau hauek herrialdeen arteko lankidetzaren beharra jasotzen dute eta baita ura kudeatzeko inplikazioa duten kideen artekoa ere. Zuzentarauek eskaeraren kudeaketaren hobekuntza beharra eta uraren egoera ekologiko egokia azpimarratzen dituzte, baita uholdeen giza aktibitatearenganako eragina gutxitzeko beharra ere. 

  

1401