Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarko egoitza berriaren eraikuntza esleitu du, 2026an martxan egongo dena
Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarko egoitza berriaren eraikuntza esleitu du, 2026an martxan egongo dena
Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarko egoitza berriaren eraikuntza esleitu du, 2026an martxan egongo dena
Ekipamendu berria El Pilar ikastetxeko partzelan kokatuko da, eta adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza bat eta buru-nahaste larria dutenentzako unitate bat izango ditu.
El Pilar ikastetxeko partzela
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Diputatuen Kontseiluan partekatu den foru agindu baten bidez, Elgoibarko El Pilar ikastetxeko partzelan kokatuko den gizarte-zerbitzuen zentroaren eraikuntza eta kudeaketa esleitu du. Mendetasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitza-zerbitzu bat eta eguneko zentro bat, desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitza-unitate bat eta buru-nahasmendu larria duten pertsonentzako beste bat izango ditu, aparkaleku publiko batez gain. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 29an onartu zuen gizarte-zerbitzuen ekipamendua eraikitzeko kontratazio-espedientea, eta maiatzaren 22an Elgoibar 2023 ABEEari (Viuda de Sainz eta Biharko erakundeek osatua) esleitu zaio proiektua egitea, eraikitzea eta 10 urtez kudeatzea.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 88,5 milioi eurokoa da, eta horietatik 20,6 milioi euro eraikuntzara bideratuko dira. Kontratuan ezarritako epeen arabera, obra 2024. urtearen hasieran hastea aurreikusten da, eta egoitza 2026an martxan izatea. Eider Mendoza foru bozeramaileak zehaztu duenez, egoitza berria Elgoibarko tokiko zainketa-ekosistemaren ardatza izango da, eta Debabarrena eskualde osoko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo die.
Adinekoentzako egoitza berriak 87 plaza izango ditu guztira, bizikidetza-unitate txikietan banatuta; horietatik 22k unitate psikogeriatrikoa osatuko dute, eta plaza gehienak banakako geletan egongo dira. Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-unitateak 18 eta 22 plaza artean izango ditu, eta buru-nahaste larria dutenentzako egoitza-unitateak 16 eta 21 plaza artean. Egoitza-unitateez gain, adinekoentzako eguneko zentro bat ere egongo da, 40 plazarekin. Zentro osoak 10.500 m2 inguruko azalera izango du, eta instalazio “modernoak, irisgarriak eta komunitateari lotuak” izango ditu, inguratzen duten berdeguneekin, egoteko gune zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin. Bestalde, lur azpiko aparkaleku publiko bat ere eraikiko da, 70-110 plazarekin.
Gizarte-ekimeneko erakundeentzako dirulaguntzak
Bestalde, Kontseiluak argi berdea eman dio Gipuzkoan gizarte-zerbitzuen arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzako laguntzen deialdiko ekipamendua erosteko dirulaguntzen ildoari. Neurriak 310.000 euroko zuzkidura du, eta laguntza-deialdi honen laugarren lerroa da. Aurreko hirurak martxoaren 14an onartu zituen Kontseiluak, eta, gaur onartutako neurriarekin, 1,6 milioi euro dira guztira. Horien helburua
lurraldeko hirugarren sektore soziala babesten jarraitzea da, hori baita gure politika sozialen ereduaren oinarrietako bat.
3745