Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du Atzegiko boluntarioei ematea 2017ko Boluntariotza Saria
Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du Atzegiko boluntarioei ematea 2017ko Boluntariotza Saria
Adimen desgaitasuna dutenen bizi kalitatea eta parte hartze soziala hobetzen laguntzeko moduagatik. Sari-emate ekitaldia foru jauregian egingo da abenduaren 5ean
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakinarazi du Atzegi Elkarteko (Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) boluntarioei emango zaiela 2017ko Gipuzkoako Boluntariotza Saria. Diputatuak gaur goizean eman du sariaren berri, Donostiako Okendo kalean dagoen Atzegiko egoitza nagusira egin duen bisita aprobetxatuz. Bertan harrera egin diote Josean Idoeta Atzegiko presidenteak, eta elkarteko boluntarioek eta erabiltzaileek. Boluntariotza Sariaren epaimahaiak nabarmendu du, batetik, "Atzegi 1960az geroztik ari dela adimen desgaitasuna duten pertsonak artatzen, 44 zentrotan, eta era guztietako programak eskaintzen, hala nola egoitza programak, familien arretakoak, tutoretzakoak, aisia, kirol eta denbora librekoak, Txolarte, sentsibilizaziokoak, opor programak, eta abar". Eta bestetik, "Atzegik boluntariotza sustatzen duela adimen desgaitasuna duten gipuzkoarren bizitza hobetzeko; hala, pertsona horien parte hartze soziala bultzatzen du programa diferenteen bidez eta gainerako herritarrekiko bizikidetzaren bidez.
Maite Peñak, halaber, azpimarratu du Atzegik "bizikidetza, enpatia, hurbiltasuna..." bezalako balioak "sustatzen dituela" Boluntarioen artean, Gipuzkoa lurralde "solidarioagoa" eginez. "Entitate bakanetako bat da esan dezakeena lanean 57 urte daramatzala, eta ibilbide harrigarria du boluntarioen eta desgaitasunaren arloan", gaineratu du diputatuak. Ondoren, gogorarazi du Atzegik urte hauetan guztietan bere konpromisoa erakutsi duela, ez bakarrik adimen desgaitasuna duten pertsonekin, baita "Boluntariotza" lanarekin ere, 300 boluntario baino gehiago dituela, izan ere, Atzegik garbi dauka parte hartze mota horrek "gure gizartea hobetzen" laguntzen duela. “Horren froga gisa, Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainak boluntarioen lana sustatzea du helburu, oso bisuala eta dinamikoa den modu batean”.
Bisitaldian, Josean Idoeta Atzegiko presidenteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskertu dio “halako aitortza” bat egin izana Atzegiko boluntarioen lanari; eta azpimarratu boluntarioek “lan aparta” egiten dutela desgaitasun intelektuala duten pertsonen gizarte bizitza parte hartzeko. Horrez gain, nabarmendu du boluntarioen “eragina” familien bizi kalitatean, izan ere, ikusten dute beraien seme-alabek “harreman berriak egiten dituztela”, eta aisialdiaz “beste edozein pertsonak bezala” gozatzen dutela. Idoetaren hitzetan, boluntarioek, gainera, “oso modu positiboan” bizi dute Atzegin boluntario lanak egitea, eta beraiek diotenez, desgaitasun intelektuala duten pertsonek “askoz gehiago” ematen dietela beraiek haiei eskaintzen dietena baino.
Halaber, Olatz Miranda Atzegiko boluntariotza arduradunak adierazi duenez, Atzegikoei “ilusio handia” egiten digu sari hau jasotzeak, are gehiago aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua izan denean boluntarioen lana aitortzea, “ez bakarrik beraien partaidetzagatik, baita ere egiten duten moduagatik”. Mirandak ere azpimarra jarri du boluntarioek erakusten duten “konpromiso, naturaltasun eta maitasunean”. “Beraz, sari hau pizgarri bat da lanean jarraitzeko eta jendea animatzeko AtzegiXperience bat bizitzera”.
Gipuzkoa, Europako erreferentea
Gipuzkoako Boluntariotza Saria duela 23 urte sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako hirugarren sektorea osatzen duten pertsona eta erakundeen ardura eta ekarpena aitortzeko. Modu horretan, balioan jarri nahi da gizarte ehunaren partaidetza, gure gizartearen altxor paregabea baita. Gainera, sari hori boluntarioek ematen dute, hainbat erakunderen ordezkari gisa. Honako hauek izan dira azken edizioetako irabazleak: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011); Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015), Hurkoa (2016).
Bukatzeko, diputatuak azpimarratu du “Gipuzkoa lurralde solidarioa dela”, ondorengo datu hauek erakusten duten moduan: “700.000 biztanleko lurralde honetan, 4.500 elkarte baino gehiago ditugu boluntario lanetan”. Zentzu horretan adierazi du “Foru Aldundiak jarraituko duela elkarte horiei laguntzen, alderdi ekonomikoan nahiz informazioari eta prestakuntzari dagokionean”; era berean, nabarmendu du “Gipuzkoa erreferente bat dela Europa mailan mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretan”.
300 boluntario baino gehiago dituela, Atzegik garbi dauka parte hartze mota horrek gure gizartea hobetzen laguntzen duela
1567