Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du Hurkoa Fundazioari ematea 2016ko Boluntarioen Saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du Hurkoa Fundazioari ematea 2016ko Boluntarioen Saria

Mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu eta haien eskubideak defendatzeko moduagatik. Sari-emate ekitaldia foru jauregian egingo da azaroaren 30ean

2016/11/24

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak gaur goizean jakinarazi du Hurkoa Fundazioari emango zaiola 2016ko Gipuzkoako Boluntarioen Saria. Fundazioaren lehendakari den Jose Ignacio del Pozorekin batera agertu da diputatu andrea, eta azpimarratu du Fundazioak egiten duen lan “solidario, eskuzabal eta ordainezina”: “Hurkoa sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea da”. Hurkoa Fundazioa Donostiako Caritasen ekimenez sortu zen 1990ean, ahultasun, mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu, zaindu eta haien eskubideak defendatzeko. Era berean, beste jarduera batzuk burutzen dituzte, besteak beste, adinekoenganako tratu txarren aurkako sentsibilizazio programak, aisia eta denbora libreko programak eta boluntarioen prestakuntza programak. Gaur egun entitateak 143 boluntario ditu (104 emakume eta 39 gizon), 322 pertsona tutoretzapean ditu, eta 560 familiari baino gehiagori eskaini die laguntza.

Sari-emate ekitaldia datorren asteazkenean, azaroaren 30ean, arratsaldeko 18:30ean, egingo da foru jauregiko Jargi aretoan, eta Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, emango dio Hurkoa Fundazioari 2016ko Gipuzkoako Boluntarioen Saria 170 gonbidaturen aurrean, 90 hirugarren sektorekoak izango dira eta beste 80ak Hurkoako boluntarioak.

Gipuzkoako Caritasek proposatu du Hurkoa Fundazioa, eta lurraldeko elkarteetako ordezkariez osatutako epaimahaiak aho batez onartu du honako hau azpimarratuz: “Fundazioak ezin hobeto burutzen du bere lana defentsa judizialaren eta tutoretzaren arloan hauskortasunean edo ahulezian dauden pertsonekin, adinekoak direlako, gaixotasun mental bat dutelako, desgaituak direlako edo bakarrik bizi direlako; eta pertsona horiek zuzenean artatzeaz edota familiakoak artatzeaz arduratzen da”.

José Ignacio del Pozo jaunak, ondoan Hurkoako boluntariotza arduradun Hilario Sein zuelarik, “esker ona” adierazi die GFAri, sari honen epaimahaiari eta lagundu diguten elkarte guztiei. “Sari honek lagundu egingo digu gure lana ikusgarriago egiten, baita jendea guregana gerturatzen ere gure sarean boluntario izateko. Izan ere, gaur egun, bizi itxaropena inoiz baino handiagoa dela, gure adinekoen arazoak gureak ere badira”.

Hurkoa Fundazioko boluntario gehienek, 66 urteko batez besteko adina dutenek, zenbait pertsonari lagun egiteko eginkizunak betetzen dituztela egoitza-zentroetan edo etxebizitzetan, programatutako zerbitzuekin, baina baita noizbehinkako edo unean uneko zerbitzuekin ere. Gaineratu duenez, “erosketak ere egiten dituzte, hala nola, arropa, janari-edariak, objektu pertsonalak, higienekoak, eta eguneroko behar guztiak. Edo, besterik gabe, une atsegin bat igaro, kartetan, egunkaria irakurtzen, berriketan –bisita jasotzen duen pertsona ondo sentiarazten duten gaiez–, edo bisita jasotzen duenak gustukoena duena egiten”. Del Pozok nabarmendu duenez, “gure boluntarioen lana egiteko kalitatea eta samurtasuna behar da. Eta horretan, uste dut gure boluntarioek, Hurkoako profesionalen laguntzaz, persona bakoitzari gertutasun, maitasun eta arreta paregabea ematen diotela”.

Fundazioak Gipuzkoako hirugarren sektoreko entitate sarean (SARGI) parte hartzen du, eta hiru lokal ditu Donostia, Arrasate eta Irunen, zonaka banatutako boluntario sare batekin: Donostialdea, Donostia Ospitaleak, Eguneko Zentroa, Arrasate, Irun, Tolosaldea-Goierri eta Urola kosta, horietako bakoitzean arduradun edo koordinatzaile bat dagoelarik. Aurten, gainera, egoitza berri bat zabaldu du Donostiako Morlans auzoan, pertsona horiei eta beraien familiei ematen zaien arreta hobetzeko. Era berean, duela bi hilabete programa pilotu bat abiarazi dute Irunen, ahultasun egoeran dauden pertsonak antzeman eta artatzeko, beti ere laguntza modura menpekotasun maila handiagoa izan baino lehen.

Gipuzkoa, Europako erreferentea

Gipuzkoako Boluntarioen Saria duela 22 urte sortu zuen Aldundiak, Gipuzkoako hirugarren sektorea osatzen duten pertsona eta erakundeen ardura eta ekarpena aitortzeko. Modu horretan, balioan jarri nahi da gizarte ehunaren partaidetza, gure gizartearen altxor paregabea baita. Gainera, sari hori boluntarioek ematen dute, hainbat erakunderen ordezkari gisa. Honako hauek izan dira azken edizioetako irabazleak: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011);  Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako  Elikagaien Bankua (2015).

Bukatzeko, diputatuak azpimarratu du “Gipuzkoa lurralde solidarioa dela”, ondorengo datu hauek erakusten duten moduan: “700.000 biztanleko lurralde honetan, 4.500 elkarte baino gehiago ditugu boluntario lanetan”. Zentzu horretan baieztatu du “Foru Aldundiak jarraituko duela elkarte horietako askori laguntzen, alderdi ekonomikoan nahiz informazioari eta prestakuntzari dagokionean”; era berean, nabarmendu du “Gipuzkoa erreferente bat dela Europa mailan mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretan”.      

 

Gipuzkoa erreferente bat da Europa mailan mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretan
  

1657