Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GBCk akordio berri bat sinatu dute, taldeak LEB Oro Ligan parte hartu dezan
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GBCk akordio berri bat sinatu dute, taldeak LEB Oro Ligan parte hartu dezan
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GBCk akordio berri bat sinatu dute, taldeak LEB Oro Ligan parte hartu dezan
Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu duenez, «Gipuzkoako saskibaloiarentzat eta goi mailan lehiatzera deitutako jokalarien ibilbidearentzat oso negatiboa izango litzateke ez izatea erreferenterik -GBC, alegia- estatu mailako kategoria nagusietan lehiatzen ari denik».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak eta Gipuzkoa Basket klubak lankidetza akordio berri bat hitzartzea lortu dute. Hitzarmen horri esker, klubak LEB Oro ligan parte hartuko du datorren denboraldian. Gipuzkoa Basket ACB ligatik jaitsi denez -lau aldiz jaitsi da azken sei denboraldietan-, bi aldeek adostu dute une honetan benetan garrantzitsuena dela taldeari egonkortasuna ematea, klubak zorrak jaistea lortu duenez gero. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GBCk beste lankidetza hitzarmen bat adostu dute eta aste honetan bertan sinatu dute Denis Itxasok eta Ignacio Nuñez klubeko presidenteak.
Hitzarmen berriaren arabera, Kirolgi Fundazioak urteko 250.000 euroko dirulaguntza emango dio GBCri, eta aurten 150.000 euroko aparteko dirulaguntza jasoko du, LEB Oro ligan izena emateko eta abalari aurre egiteko. Horrela, Kirol Departamentuak aurreko hitzarmena deuseztatu du, zeinaren bidez klubak 700.000 euroko dirulaguntza jasotzen baitzuen urtean Endesa ACB ligan zegoen bitartean. Esan dugun bezala, jasoko dituen 400.000 euro horietatik, 150.000 euro abala ezartzera bideratuta egongo dira, eta, aurrerago GBCk itzuli egin beharko lituzke, beste batzuetan gertatu den bezala; 36.000 euro izena emateko dira, eta 214.000 euro, aldez aurreko gastuetarako eta 2019ko abenduaren 31ra bitarteko lehiaketetarako.
Akordioa gaurko prentsaurrekoan aurkeztu da eta Denis Itxasok adierazi duenez, «Foru Aldundiak uste du oso negatiboa izango litzatekeela Gipuzkoako saskibaloiarentzat eta goi mailan lehiatzera deitutako jokalarien ibilbidearentzat ez izatea erreferenterik -GBC, alegia- estatu mailako kategoria nagusietan lehiatzen ari denik. Hitzarmen honi esker Gipuzkoak talde bat izango du LEB Oro ligan, eta goi-mailako saskibaloiaz gozatzen jarraitu ahal izango dugu». Diputatuak nabarmendu duenez, «Foru Aldundiarentzat ere oso garrantzitsua da gipuzkoarrak izatea bai jokalarien artean eta bai talde teknikoan; egoera honetan batzuk joan egin dira, baina uste dugu klubak aurrerago berreskuratu egin ahal izango dituela, eta kategoria honetan bermeekin lehiatzeko gai diren ahalik eta jokalari gipuzkoar gehiago izatea espero dugu denboraldi honetan, ez dira gutxi eta».
«GBCk dagoeneko erakutsi zigun Josean Gaska kiroldegian duela bi urte eskas, gai dela gauzak ondo egiteko eta Gipuzkoara itxaropena ekartzeko, orduko hartan ACB ligara itzultzea lortu baitzuen denboraldi bikaina egin ondoren, zorra murrizteaz gain» gogorarazi du Itxasok. Uste osoa dugu denboraldi berri honetan Gipuzkoa Basket taldeak indarra hartuko duela behetik gora abiatzeko, eta erakusteko berriz ere zer egiteko gai den, eta beste batzuetan egin duen bezala, ACB ligara lehenbailehen itzultzeko.
Foru Aldundiaren eta GBC taldearen arteko hitzarmenak, taldeari LEB Oro ligan izena eman eta jokatzeko aukera emateaz gain, konpromisoa eskatzen dio Gipuzkoa Basket taldeari Gipuzkoako saskibaloiaren liderra izan eta kirol hori egituratzeko, oinarrizko kategorietatik eliteetaraino.
1803