Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak hasierako onarpena eman dio Pasaiako Portuko Plan Bereziari

Gipuzkoako Foru Aldundiak hasierako onarpena eman dio Pasaiako Portuko Plan Bereziari

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak hau nabarmendu du: «betetzen ari gara aurreikusitako epeak»

2016/04/25

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hasierako onarpena eman dio gaur, asteartez, Pasaiako Portuko Plan Bereziari; orain, beharrezko bideak eta izapideak jarraituko ditu planak, eta, hala, prest egongo da behin betiko onartzeko, urtearen azken hiruhilekoan. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak baieztatu du «Aldundia betetzen ari dela izapidetze administratiboaren gainean hartutako epeak eta konpromisoak. Hala, izapideak aurrera doaz, eta hasierako onarpena urrats garrantzitsua da, zeina aurten amaituko baita, prozesuaren amaierarekin eta behin betiko onarpenarekin. Hortik aurrera, hasiera emango zaie Plan Berezian jasotako lanei eta hirigintza lehengoratzeari; zeregin horiek ez dira urte batean gauzatuko, ez bitan ere. Errealistak izan beharra dago, baina bide onetik goaz».

Planean jasotzen dira Herreran eta Trintxerpen egingo diren jarduerak, eta haren xedeen artean hauek daude: hiri arearen irisgarritasuna eta kohesioa hobetzea, kalitateko pasealeku bat osatuta, Herrerako Euskotrenen geltokiko plaza Trintxerpe auzoarekin lotuko duena –trazatuak jarraipena izango du Puntaseraino–; egokitutako aisialdirako eremuak diseinatzea; espazioak berdegunez hornitzea; oinezkoen eta portuko trafikoaren arteko bidegurutzeak konpontzea porturako sarbidean. Baita ere, portutako espazioak antolatzea, modu egokian aprobetxatzeko eta malguak izateko; portua-hiria topaketa konpontzeko, erabilera publikoko espazioak eta hirugarren sektoreko eta zuzkidurak sortuz.

Portua-hiria elkarrekintza jarduerak egitea portu aldeko 11 hektarea ingurutan, Pasaiako herritarrekiko harremanetara irekiko baitira. Jarduera horiek, nagusiki, erakunde hauek finantzatuko dituzte: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Portuko Agintaritza. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu dute bakoitzak 8 milioi jartzeko hurrengo urteetan.

Marisol Garmendia diputatuak adierazi du «Plan Bereziaren aldaketak aukera ematen duela espazio publiko berriak berreskuratzeko, herritarrek goza ditzaten, hala nola pasealekuak, plazak, egoteko lekuak... zeinek hobetuko baitute pasaitarren bizitza kalitatea, kontuan izanik portua-hiria ertzeko espazio horiek duten hiri degradazioaren egoera».

Jarraian, Garmendiak adierazi du «portuaren alboko inguruo horren hirigintza biziberritzea, Euskadi etorbidearekin batera, bereziki Herreran eta Trintxerpen, Pasaialdearen biziberritze integralarekin batera joango da, zeinak barnean hartzen baitu, lehentasunez, jarduera ekonomikoa eta enplegua eta lanpostu berriak sortzea; garapena, oreka eta gizarteratzea; eta merkataritza, turismoa eta kultura ekipamenduak eta jarduerak sustatzea». Iizan ere, diputatuak gogoratu duen bezala: Pasaialdearen biziberritze integrala lehentasunezko xede estrategikoa da PNV-PSE-EE foru gobernuarentzat.  

Planean jasotzen diren jardueren artean nabarmentzekoak dira oinezkoen eta bizikletazaleen ardatza Herrerako geltokitik San Pedroko kairaino, eta Puntaserainoko pasealekua; eta Herreran gauzatuko diren jarduerak, hala nola arearen birmoldaketa, berdeguneak eta parke bat eraikitzea, ingurumen aldetik ingurua hobetzeko eta leku atseginago bihurtzeko, herritarrek erabil dezaten eta portuko erabilerekin batera bizi ahal izan dadin. Azkenik, aipatu behar da Herreran proposatzen dela hirugarren sektoreko zein industriako erabilerak bateragarriak egitea portuko erabilerekin.

Euskadi Etorbidean eta Ospitaletxoko kaian urbanizazio eta paisaia lehengoratzeko jarduerak egingo dira, hiri plaza berri batekin osatuta. Euskadi Etorbidean aurreikusten da jarduerak egitea ingurua hobetzeko, kalearen trazatua zabalduta, hiri kalitatea hobetuta eta ur-lamina gerturatuta.  Ospitaletxo inguruan, zeinak eskaintzen baititu badiaren ikuspegi ederrenak, eta potentzialtasun handia baitu elkartzeko eta ekitaldiak egiteko espazio publiko bat bihurtzeko, proposatzen da berreskuratzea herritarren erabilerarako, lur azpiko aparkaleku bat eta plaza publiko handi bat eraikiz.

Trintxerpeko kaia –egun, lurgaineko aparkaleku batek hartzen du– ertzeko pasealeku bat bilakatu nahi da, urbanizazio arin eta landaredun batekin.

 

Aurkezpen eta kontraste prozesua

Hasierako onarpenaren ondoren, hasiera emango zaio jendaurrean ikusgai jartzeko faseari, eta entzunaldiak egingo dira eskualdeko udalekin.

Gainera, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Gobernantzakoarekin batera, aurkezpen eta kontraste prozesu bat irekiko du antolatutako gizarte zibilarekin. Prozesuan, bilera batzuk egingo dira maiatzean portu inguruko elkarteekin eta enpresekin, zeinetan Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak plana aurkeztuko baitu, eta bertaratzen direnen iritziak eta iradokizunak jasoko baititu.

Bestalde, web bat egokituko da –Aldundiaren web orri ofizialetik sartu ahal izango da bertara– eta handik Plan Berezia deskargatu ahal izango du interesa duen edozeinek.

Horrekin lotuta, Garmendia diputatuak hau aipatzen zuen: «Pasaialdea modu integralean biziberritzeko gure xedeetako bat da gizartearekin batera joatea; horregatik, nahi dugu herritarrekin harreman zuzena izatea eta haiekin kontrastatzea plan horiek guztiak. Horregatik, maiatzean bilera batzuk egingo ditugu, zeinetan azalduko baititugu gure ideiak, eta herritarren ikuspegiak entzungo baititugu, Pasaialdearen biziberritzean elkarrekin aurrera egiteko».

  

1838